Telebista

Idoia Etxeberria / 2013-04-25 / 225 hitz

Lagun batek esan dit badagoela telebista kate batzuk blokeatzeko aukera. Berak, ilobak etxera doazenean, horixe egiten du. Disney Channel eta pornoa blokeatu. Mandoko botoiren bati emanda. Umeek ikus ez ditzaten. Disney pornoa bezain kaltegarria dela dio. Ez, okerragoa.

Horri buruz egin zuten tesia bi irakaslek, EHUn. Alazne Aiestaranek eta Susana Lopezek. Disney kateko telesailen genero esterotipoei buruz. Eta dirudienez, bai. Kaltegarria da. Estatubatuarrek inperialismorako darabilten tresna bat gehiago da Disney. Coca Cola, Mac Donalds eta Hollywoodeko pelikulak bezalaxe. Beraien bizimodua eta balioak zabaltzeko. Kontsumo ereduak. Ideal estetikoak.

Aipatutako ikerlariek Hanna Montana eta antzeko telesailak aztertu zituzten. Eta Bizkaiko bi ikastetxeetako gaztetxoekin egon ziren. Euren iritziak jasotzen. Disneyk, entretenitzeko aitzakiarekin, balio kontserbatzaileak transmititzen ei ditu. Genero, klase eta arraza desberdintasunak. Baina betiere modernotasunez mozorrotuta. Eta umorearen bidez. Ia oharkabean, AEBetako ereduak mundu osoko gaztetxoen iruditeriaren parte bihurtzen dira. Janzteko modua, erostekoa. Pentsatzekoa.

Hori bai, badago telebista ikustea ona dela dioen ikerketa bat ere. Nerabeek telebistatik balio positiboak jasotzen dituztela dioena. Sozializatzen laguntzen diela. Eta ez da Made in USA. EHUkoa da hori ere, nazioarteko hainbat unibertsitaterekin batera egina.

Zortzi hiritako 1.220 neraberi —tartean, 125 donostiarri— telebistako euren gustuko pertsonaiei buruz galdetu zieten. Eta ez omen zituzten boterea eta edertasun fisikoa dituzten pertsonaiak aukeratu. Sormena eta ingurukoei laguntzeko borondatea zutenak baizik. «Ikastetxeetan telebistarekin lan egin behar dugula esaten ari zaigu ikerketa hau», ondorioztatu zuen Concepcion Medrano ikertzaileak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude