Jurgen M. Meisel, hizkuntza ikasketan aditua: «Bi hizkuntza aldi berean ikasteak ez dakar gatazkarik haurrentzat»

Maite Asensio Lozano / 2013-09-06 / 699 hitz

Ume txikiek aldi berean hiru hizkuntza ikasteko gaitasuna dute. Ahalik eta goizen irakasten hastearen aldekoa da Meisel.

Aldi berean hizkuntza bat baino gehiago ikasten dutenekin lan egin du Jurgen M. Meiselek (Heilbronn, Alemania, 1944). Hamburgoko eta Calgaryko unibertsitateetan egindako ikerketetan, etorkinen ikasketa prozesuak aztertu ditu, tartean irakaskuntzarik jaso ez dutenena ere bai. Bilbon da egunotan, EHUren Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedrak hizkuntzen ikasketari buruz antolatutako kongresuan.

Irakaskuntzarik jaso gabe alemana ikasi duten etorkinen kasuak aztertu dituzu. Nolakoak dira ikasketa prozesu horiek?

Etorkin gehienen egoera ohikoena da 1970eko hamarkadatik: kanpotik heldu berriak, oro har, ez dira eskoletara joaten. Lanean eta eguneroko bizitzaren beste egoeretan ikasten dute; batzuek asko; eta beste batzuek, gutxiago. Testuinguru horretan, hizkuntza nola ikasten duten eta zein faktorek laguntzen duten ikertzen ari gara. Euren seme-alabentzat errazagoa izango da: txikitatik ikasten badute sorterrikoek bezala hitz egingo dute.

Zein faktorek errazten dute hizkuntzen ikasketa prozesua?

Adina faktore garrantzitsua da: ume guztiek ikasten dute ondo. Ikerketak abiatu genituenean, pentsatzen genuen bi hizkuntza aldi berean ikasteak gatazka intelektuala ekar zezakeela haur batentzat, baina ez da hala. Hizkuntzetarako gaitasuna berezkoa dugu; denok ikas ditzakegu bi hizkuntza aldi berean, baina gaitasun hori adinak mugatuta dago. Jaio osteko lehen urteetan erraza da; adin mugen inguruan oraindik eztabaidatzen ari gara, baina badakigu gutxi gorabehera 7 urteetatik aurrera zailtasun gehiago dagoela, eta 15 urteetatik aurrera adina jada ez dela faktore esanguratsua: 20 edo 35 urtekoek antzera ikasten dute.

Hortaz, funtsezkoa da ahalik eta goizen ikasten hastea?

Bai. Musika, adibidez, aurrerago ere ikas dezakete, baina hizkuntzen alorrean adina garrantzitsua da. Ingelesez windows opening [leiho irekiak] esaten zaio: aukera genetikoak zabalik daude hasieran, eta pixkanaka ixten joaten dira. Batez ere gramatika barneratzeko; hiztegia, adibidez, bizitza osoan ikasten dugu. Horregatik, orain Alemanian etorkinek beren seme-alabak haur eskolara bidal ditzaten saiatzen ari gara. 6 urte bete arte ikastetxera ez joateko aukera dute, eta ume txikiagoek duten gaitasunerako berandu da etxean gurasoen hizkuntza soilik ikasten badute.

Eta borondatea faktore garrantzitsua al da?

Helduentzat bai; umeek beti dute motibazioa, baina nagusiagoentzat garrantzitsua da. Dena den, ez da faktore bakarra: gogo handia izanda ere, gutxi ikasten duenik ere badago. Ez dakigu zeren araberakoa den hizkuntzak ikasteko gaitasuna: neur dezakegu, antzeman dezakegu pertsona batzuentzat besteentzat baino errazagoa dela, baina ez dakigu zergatik.

Gurean bezala bi hizkuntza ofizial dituzten gizarteetan, beti al dago bat bestearen gainetik?

Bai. Oreka zaila da, eta normalena hizkuntzen arteko lehia izatea da, borroka soziala ere badagoelako. Suitza, Kanada eta halako herrialdeetan ere lehia dago. Kanada elebiduna da ofizialki, baina Quebecetik kanpo ez da ia frantsesik erabiltzen.

Eta desberdina al da hizkuntza gutxitu bat ikastea, lurraldean nagusi denarekin alderatuta?

Ume txikientzat ez dago alderik, ulertzen dutena ikasten dutelako. Bi hizkuntzak %50ean presente dauden egoeretan, behintzat. Geroago, faktore psikosozialek garrantzi handiagoa duten garaietan, bai; bi hizkuntzen artean aldea dagoela uste dut.

Orduan, hizkuntzen prestigioak izan dezake garrantzia?

Bai, baina beti dago faktore bat baino gehiago. Egoera pertsonala, adibidez. Gogoan dut elkarrizketatu genuen Siziliako gizon bat: hark esaten zuen ez zela italiarra, siziliarra baizik, eta ez zuen gustuko Alemanian bizitzea, baina oso ondo ikasi zuen hizkuntza; azaldu zigun berak ahalik eta azkarren itzuli nahi zuela Siziliara, baina horretarako dirua irabazi behar zuela; beraz, Alemanian alemana ikasi behar zuela. Herrialdearekiko eta hizkuntzarekiko jarrera negatiboa eduki arren, motibazio funtzionala zuen, eta askok baino hobeto ikasi zuen.

Egun, elebitasunaz baino gehiago, ez al litzateke eleaniztasunaz hitz egin behar?

Europan, atzerriko bi hizkuntza hitz egin beharko genituzke, baina ia denek ingelesez baino ez dakite. Txikitatik ikasten hastea da konponbidea: horrela, ia europar guztiek ikasiko lituzkete hiru gutxienez, tokiko bat edo bi, eta atzerriko bat edo bi.

Horiei gehitu behar zaizkie gurasoen hizkuntzak, ezta?

Bai, gero eta maizago etortzen zaizkigu etorkinak eskari horrekin. Adibidez, espainiar batek eta errusiar batek osatutako bikotea: Berlinen bizi dira, eta euren umeek gaztelania, errusiera eta alemana ikas dezaten nahi dute. Hirueletasuna oraindik salbuespena da, baina gero eta gehiagok eskatzen dute, eta metodoak funtzionatzen du: agian pixka bat geldoago doa garapena, baina hori ez da arazo. Hiru hizkuntza baino gehiago aldi berean ikastea zailagoa da, ez dugulako denborarik hizkuntzarekiko harreman nahikoa izateko.

Zailagoa al da hizkuntzak elkarren artean oso desberdinak direnean?

Umeentzat ez. Helduentzat zailak diruditen hizkuntzek aditz eta morfologia flexio handiak dituzte, baina halakoak ere automatikoki ikasteko gaitasuna dute haurrek, ia pentsatu gabe.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.