Euskadi saria ‘Martutene’-ri

Iñigo Astiz / 2013-10-30 / 1.791 hitz

Iñaki Mendiguren eta Sarah Turtle itzultzaileak ere saritu dituzte, eta Elena Odriozolak jaso du ilustrazio saria.
Ramiro Pinilla idazle bilbotarrak irabazi du gaztelerazko literaturaren Euskadi saria.

Sorpresarik ez: kontsentsua sumatzen zen lekuan jarri du epaimahaiak saria. Ramon Saizarbitoria idazleak jaso du aurten Literaturako Euskadi saria. Martutene nobelak, zehazki. Bilbon eman zuten atzo sarituen izenak jakinarazteko prentsaurrekoa, eta idazlearen ibilbidea goraipatu zuen Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak. «Euskal literatura markatu du hasiera-hasieratik». Eta tontorra jo du oraingoan, dioenez. «Askok diote haren libururik onena dela». Baina Saizarbitoriaren garrantzia azpimarratzeaz gainera, hark jasotako sariaren garrantzia ere azpimarratu nahi izan zuen Muñozek. «Euskadi sariak, nolabait, gure sari nazionalak dira». Eta, aurten, Martutene obra nabarmendu dute.

Epaimahaikideek azaldu dute zergatik. Lan «handia» dela esan dute, eta haren irakurketak dakarren «plazera» azpimarratu. «Orrialde bakoitzean nabaritzen den tentsioak irakurtzen jarraitzeko bultzatzen gaitu». Hiru ardatz ditu lanak: afektibotasuna, gizartea eta literatura. «Afektibotasunaren arloan, elkar ulertzeko ezintasuna nagusitzen da pertsonaien arteko harremanetan; bestalde, aipagarri da euskal gizartearen ispilua: hiria eta herria, politika-iritzi ezberdinen talka, literaturari dagokionez, azkenik, diskurtsoaren osotasuna eta aberastasuna dira azpimarragarri». Idazlearen trebetasun teknikoa ere nabarmendu dute.

Ez da Saizarbitoria izan saritutako bakarra, ordea. Ibilbide sendoko sortzaileak hautatu dituzte gainontzeko sarietarako ere. Bost pertsona garrantzitsu bildu ziren, horregatik, atzo mahaiaren bueltan: Elena Odriozola ilustratzailea, Iñaki Mendiguren eta Sarah Turtle itzultzaileak, Ramiro Pinilla idazlea, eta Saizarbitoria bera. Muñozek ekitaldi hasieran egin zuen aurkezpen orokorra. «Denak dira gure kultur munduan prestigio handiko jendea». 18.000 euro jasoko dituzte sarituek, eta 4.000 euroko laguntza izango dute sorkuntza lanek beste hizkuntza batean argitara emanez gero.

Kointzidentzia nabarmendu zuten Iñaki Mendiguren eta Sarah Turtle itzultzaileek atzo. Elkar ezagutu zuten hiri berean izan ziren atzo, elkar ezagutu eta 40 urteren buruan. Elkarrekin. Itzulpenaren Euskadi saria irabazi dute biek, Mark Twain idazlearen Tom Sawyer-en abenturak liburuagatik. Epaimahaiak lanaren gailentasuna aipatu du: «Euskal itzulpengintzak gaur egun lortu duen mailaren adibide egokia da liburua». Eta zehatzago: «Kalitatezko itzulpen bat eginda, XIX. mendeko klasiko estatubatuar bat XXI. gaurko irakurle gazteek nahiz nagusiek gustura irakurtzeko moduan ekarri dute, jatorrizko lanaren zailtasun guztien gainetik eta gaurko euskararen legeen azpitik».

Sari hirukoitza

Sari bikoitza jaso du Elena Odriozolak aurten. Hirukoitza, agian. Izan ere, hark jaso du aurten Literatura Lanaren Ilustrazioa saria Tropecista lanagatik, baina hori baino gehiago lortu du. Saritua izan den lanaz gain, donostiarraren beste bi lan ere hautatu ditu epaimahaiak finalista izateko: Eguberria, ohitura, kantu eta istorio eta Sábado. Baina Tropecistas da, azkenean, hautatu dutena. «Osotasun bakar moduan ulertzen den lanaren adibidea da hau, ezer aliritzira uzten ez duena». Eta baita gehiago ere: «Malabarismoz eta estropezuz eraikitako istorioari beharrezko hauskortasuna ematen dioten narratiba original eta dinamiko baten ikusle bihurtzen da irakurlea».

Azkenik, Ramiro Pinilla idazleak irabazi du aurtengo Gaztelaniazko Literatura Euskadi saria. Aquella edad inolvidable lanagatik. «Maisuek ohi duten xalotasun zailarekin idatzitako lana».

Azaroaren 19an egingo da sari banaketa gala, Donostian.

—————

Ramon Saizarbitoria. Idazlea: «Idazle naizela esateko lotsa kendu egin dut»

Eskertu zuen Euskadi saria jaso izana, baina aitorpena ere egin zuen atzo Ramon Saizarbitoriak (Donostia, 1944): «Aspertu xamar nago Martutene-rekin, nahi nuke ahaztu». Ez dago damuturik; promozioak, elkarrizketek eta halakoek nekatzen dutela da kontua. Ezeroso zebilen atzo ere. Esker oneko, baina ezeroso. Idazten dagoenean omen dago zoriontsu bera, eta horretan dabil orain. Ipuin luze edo nobela labur batekin, zehaztu duenez. Martutene gainetik kendu ezinik, halere.

Literaturarekiko pasioa militantziaren maskarapean ezkutatu ohi zenuela esan duzu, eta aitorpen moduko bat izan dela Martutene. Literaturaren aldarrikapen bat.

Bai. Idazle izate hori ez dakit zer mailatan jarrita genuen. Iruditzen zitzaigun norberak idazlea zela esatea, filosofoa zarela esatea bezala zela. Idatz dezakezula liburu bat, baina horrek ez zaituela idazle egiten. Estudiatzen duzu filosofia, baina horrek ez zaitu filosofo egiten. Ez diot neure buruari baimenik eman horretarako, eta orain lotsa kendu egin dut. Kendu dut, edo joan egin zait. Orain aitortzen dut autore hark esan zuena: artista txikiek artista handien sufrimendu eta poz guztiak dituzte. Hori pasatzen zait niri ere. Handia edo txikia, baina idazlea naizela. Idazten nago gustura.

Sariarekin zure lana saritzeaz gain, literatura egiteko modu bat ere saritu nahi izan dutela uste duzu?

Ez dakit. Zorionez, saria irabazi dudanez, hitz egin dezaket sarien kontra. Alegia, onartzen dut beharbada funtzio bat betetzen dutela sariek. Baina ez dira irabazten, eman egiten dituzte, eta apaltasunez onartzen dut nik hau, baina ez dakit zer funtzio betetzen duen. Idazle artean lehia bat sor dezake. Nik badakit beti ez direla merezi duten lanak saritzen. Milaka adibide daude. Neronek badakizkit. Denek dakizkite. Baina inork ez ditu aipatzen, badirudielako ez dela kortesiazkoa. Garrantzi handia ematen zaie. Baina hori esanda ere, Euskadi saria, beharbada ondraduenetarikoa da, zeren badaude beste batzuk aldez aurretik erabakita daudenak eta. Obra bat ezagutarazteko balio duten? Ez nago seguru. Baina, tira, ongi etor dadila.

Idazleak loriatzen dituzte sariek. Zuk irakurleak eskertu nahi izan dituzu saria jasotzean. Zergatik?

Bereziki, euskal irakurlea. Eta omendu nahi nituzke herriz herri antolatzen diren irakurle talde horiek ere, eta horiek gidatzen dituzte gizon eta emakumeak. Oso gurea ari da bihurtzen hori ere, eta lan ikaragarria egiten dute. Badira euskal eremuan literaturazale militanteak. Bada Martutene-rekin irabazi nuen beste sari bat ere 111 Akademiak ematen duena. Erakunde horrek sinboliza ditzake agian Euskal Herriko hainbat talde, irakurleak eta. Eta adierazgarria da zer sari ematen dituzten. Uste dut gazteleraren eremuan, adibidez, beste mota bateko liburuak sarituko lituzketela. Irabaziko luke emakumeak emakumeentzat idatzitako literatura erraz batek. Eta, noski, ez da hori emakumezkoek egiten duten literatura bakarra.

Liburuarekin inpresioa dut euskal kulturgintzak oro har bere aitorpena azaldu dizula. Hala uste duzu?

Bai, eta nobela zaila zen gai aldetik. Esango nuke baikor izateko modua ematen duela. Martutene da nobela bat oso kritikoa dena euskal abertzaletasun modu batekin, indarkeriarekin eta zenbait topikorekin. Ez dut inongo autozentsurarik izan idazterakoan, eta errespetuz jaso dute Euskal Herri osoan. Izango zen salbuespenen bat, baina lehen esan dudanera narama horrek berriz ere. Iruditzen zait euskaldun gehienak Martutene-n azaltzen den interpretazioarekin ados daudela, edo, behintzat, errespetuz hartzen dutela. Onartzen dutela esan daitezkeela gauzak bestea mindu gabe, eta besteak jaso ditzakeela errespetuz. Hori da lorpenik handiena: jendeak ulertu izana Martutene-n esaten dena errespetuz esaten dela, eta ez inori min egiteko gogoz. Irakurleak ulertu du hori.

—————

Elena Odriozola. Ilustratzailea: «Gero eta zailagoa da lan egiteko denbora lortzea»

Arriskuak hartu zituen Tropecista lanarekin Elena Odriozola ilustratzaileak (Donostia, 1967), eta horregatik eskertu du Ilustrazioaren Euskadi saria jaso izana: arriskuak hartzen jarraitzeko aukera eskaintzen diolako. Aurten, Espainiako Edizio Sari Nazionala ere jaso du orain hilabete batzuk.

Saria irabazteaz gain, zure beste bi lan hautatu dituzte finalista gisa.

Bai. Hirurak dira inportanteak niretzat. Ni neu oso kritikoa naiz neure lanarekin, baina hiru lan horiek gustatzen zaizkit. Denborarekin agian pasatuko zait, baina oraingoz gustatzen zaizkit, eta horregatik hautatu nituen hiru horiek sariketara aurkezteko.

Arriskuaren alde aritu zara lehen.

Bai. Apustu bat egiten baduzu, eta zerbait desberdina egin nahi baduzu, zaila izaten da. Argitaletxeek normalean epe bat jartzen dizute lan bat egiteko, baina normalean denbora gutxi izaten da eta lanak behar du denbora bat. Eta zaila da denbora hori lortzea. Gero eta zailagoa. Sari honekin lasaitasun pixkat izango dut ildo horretan jarraitu ahal izateko. Eta uste dut merezi duela halako lanak egitea. Hori da nire lana niretzat; ez badut horrela egiten, ez diot zentzu handirik ikusten.

Sortzailearen askatasuna ere aipatu duzu. Tropecistas lana, adibidez, moztutako paperekin egin zenuela kontatu duzu, eta behin amaitzean ohartu zinela hori argitaratzea garestiegia zela. Libre aritu zinela.

Mugak jartzen badituzu… Egia da lan hori egiten nenbilenean banekiela era batera ez bazen bestera aterako zela, eta hala izan da, azkenean. Paperekin egindako originalari argazkiak aterata kaleratu ahal izan dugu liburua. Badago aldea. Baina egia da lana argitaratzea zaila izan zela.

Ederra izango da zuretzat finalista gisa hiru lan izatea, baina, ilustrazioaren egoera orokorrari begira, ez ote du esan nahi jende gutxi dabilela horretan lanean?

Ez. Ez dakit zer aurkeztu den, eta zer izan den. Sariketaren oinarriak aldatu zirenetik, norberak aurkeztu behar ditu bere lanak, eta horrek izan dezake eragina. Agian ez dago hainbeste liburu ere. Baina egia esan ez dakit zenbat aurkeztu diren. Ez naiz hor egon eta ez dakit.

—————

Iñaki Mendiguren eta Sarah Turtle. Itzultzaileak: «Itzulpen lanaren kalitatea bermatzen du elkarlanak»

Bertsio etxekotu eta laburtuak baztertu eta jatorrizko Mark Twain itzuli dute Iñaki Mendiguren (Ezkio-Itsaso, Gipuzkoa, 1954) eta Sarah Turtle (Croydon, Ingalaterra, 1952). Tom Sawyer-en abenturak, osorik. Eta hori da Euskadi sarien epaimahaiak aitortu nahi izan diena.

Zuen maitasun istorio pertsonala hizkuntza eta kulturen arteko maitasun istorio bat ere badela esan duzue. Zergatik?

IÑAKI MENDIGUREN. Hizkuntzazko amodio istorio bat ere bada gurea. Bi hizkuntza eta kulturaren arteko maitasun istorio bat ere bai. Nik ingeles hizkuntza eta kulturara hurbildu behar izan nuen, eta berak alderantziz.

SARAH TURTLE. Halako sinbiosi bat gertatu da.

Mark Twainen jatorrizko lanak zailtasun handiak ditu.

TURTLE. Lehen kapitulua da bereziki zaila. Bien artean lan eginda lortu dugu horri aurre egitea.

MENDIGUREN. Garai hartako liburu bat izateko ez ditu garai hartan ohikoak ziren prosa pasarte luze eta aspergarriak. Gulliverren bidaiak, adibidez, baditu halako asko. Eta kasu honetan badaude halako batzuk, baina ekintza asko dago. Baina azpimarratu nahi nuke ez dela soilik gaztetxoentzako liburu bat. Helduok barruan daramagun haur horri ere zuzenduta dago. Gauza asko daude haur edo gaztetxo batek ulertu ezin ditzakeenak, adibidez.

Zailtasunen gainetik eta «egungo euskararen legeen azpitik» aritu zaretela esan du epaimahaiak. Zer esan nahi du horrek?

TURTLE. Ingelesezko dialektoak eta erakusten duen mundu ikuskerak baditu zailtasunak. Ohiturak erabat ezberdinak dira.

Eta euskararena?

MENDIGUREN. Ez dakit. Gu saiatzen gara euskararen legeak ongi betetzen, Euskaltzaindia ez dadila haserretu. Hori bakarrik falta zitzaigun!

Galtzagorri elkartearen ekimenez eta Erein, Igela eta Alberdaniarekin elkarlanean sortu da liburua. Zuek ere elkarlanean itzuli duzue…

MENDIGUREN. Bizitzan gauza gehienak dira elkarlanaren emaitza. Itzulpengintzan polita da hala aritzea. Asko aberasten du horrek itzulpen lana, eta haren kalitatea ere bermatzen du.

—————

Euskadi sariak

LITERATURA

Irabazlea. Ramon Saizarbitoriaren Martutene.

Finalistak. Bitan esan beharra (Rikardo Arregi); Ez naiz ni (Karmele Jaio); Ni, Vera (Itsaso Martin); Mussche (Kirmen Uribe); Idazten ari dela idazten duen idazlea (Iban Zaldua).

Epaimahaia. Itxaro Borda, Jon Kortazar, Lourdes Otaegi, Patziku Perurena, Arantxa Urretabizkaia.

ITZULPENA

Irabazlea. Iñaki Mendiguren eta Sarah Turtlek itzulitako Tom Sawyer-en abenturak.

Finalistak. Bizientzat eta hilentzat. Poema guztiak (1954-2004) (Tomas Transtromer-Juan Mari Agirreurreta); Bizitza amets (Calderon de la Barca-Xabier Paya); Poemak pluralean (Fernando Pessoa- Iñigo Roque); Benito Cereno, Billy Budd marinela (Herman Melville-Jose Ramon Vazquez).

Epaimahaia. Karlos del Olmo, Isabel Etxeberria, Joxe Austin Arrieta, Bakartxo Arrizabalaga, Xabier Mendiguren.

ILUSTRAZIOA

Irabazlea. Elena Odriozolaren Tropecista.

Finalistak. Ometepe (Javier de Isusi); Hara (Miren Asiain); Amattoren uzta (Maite Gurrutxaga); Tom Sawyer-en abenturak (Guillermo Gonzalez); Sabado eta Eguberria, ohitura, kantu eta istorio (Odriozola).

Epaimahaia. Sara Morante, Nuria Hernandez, Jose Javier Kintana, Begoña Mendel, Iker Aiestaran.

LITERATURA GAZTELERAZ

Irabazlea. Ramiro Pinillaren Aquella edad inolvidable.

Finalistak. Áspera llama (Carlos Aurtenetxe); La vida ondulante (Jose Ramon Eder); Tal vez sea suficiente (Alejandro Fernandez); Alimento para moscas (Jon Obeso); Una comedia canalla (Ivan Repila).

Epaimahaia. Juan Carlos Marquez, Beatriz Zelaia, Jose Fernandez de la Sota, Javier Mina, Isabel Muguruza.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude