Literatura Nobel sariak (II)

Iratxe Retolaza / 2013-10-19 / 230 hitz

Duela 77 urte fusilatu zuten Jose Ariztimuño Aitzol euskaltzalea, 1936ko urriaren 17an. Euskal literaturaren inguruko eztabaidak Nobel sarien testuinguruan kokatzeko ahaleginak egin zituen Aitzolek, lehen aldiz. 1904. urtean Mistralen Mireio-k Nobel saria jaso zuen; eta Aitzolen ustez, hizkuntza probentzala hizkuntza modernoen mailan bazegoela erakutsi zuen sari horrek.

Gaur egun ere Nobel sariaren lehen oihartzunek komunitate baten ikur egiten dute idazlea. Alice Munro saritua izanik, adibidez, hamahirugarren emakume saritua dela aipatu da; eta lehen idazle kanadarra. Hizkuntza komunitatearen inguruko kokapena, aldiz, oharkabean, isilean, ia batere oihartzunik gabe igaro da. Ingelesez idaztea ez baita aipatzekoa. Esan gabe doa. Alice Munro eremu anglosaxoian neurri batean bazterrekoa izan badelako (emakumea, kanadarra…), baina, azken buruan, erdiguneko esparruko kide.

Orain arte sarituriko hamahiru emakumeak gogora ekarrita, herritartasuna eta hizkuntzaren aldagaiak gurutzatuz gero, bada datu esanguratsu bat. Alice Munroz gain, beste bost emakumek ordezkatu dute nazio-komunitateren bat lehen aldiz: Selma Lagerlöf (Suedia-suediera); Gabriela Mistral (Txile-gaztelania); Nadine Gordimer (Hegoafrika-ingelesa); Elfriede Jelinek (Austria-alemana); Herta Müller (Errumania-alemana). Hizkuntza komunitateren bat, ordea, emakume bakar batek ordezkatu du lehen aldiz: Selma Lagerlöfek, 1909. urtean.

Lehen emakume saritu hartatik mende bat igaro den honetan, zenbait esparrutan neurriek ez dute gora egin. Aitzolentzat XX. mende hasieran lorgarri zena —hizkuntza komunitate txikiek Literatura Nobel sarietan lekua izatea—, XXI. mendean ez dago eskuragarriago. Oraindik ere bi hizkuntza komunitate baitira nagusi Literatura Nobel sarietan, kultura anglosaxoia eta germanikoa, eta zirrikitu gutxi beste komunitate batzuei lekua egiteko.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude