Ehunka orri sei txiotan

Ainara Arratibel Gascon / 2013-11-20 / 410 hitz

Arrakasta handia izan du ‘Unibertsitatea.net’ atariak antolatutako ‘Txiokatu zure tesia sei mezutan’ lehiaketak. 70 ikertzailek baino gehiagok heldu diote sintesi lana egiteko desafioari.

Laburpenen maratoi batekin parekatu zuen atzo Unibertsitatatea.net atariak antolatutako Txiokatu zure tesia sei mezutan lehiaketan parte hartu zuen ikertzaileetako batek aurretik zuen lana. Ez da harritzekoa, ehunka orritako eta hilabetetako lana 840 karakteretan laburbiltzea ez baita zeregin makala. Benetako sintesi lan bat egin behar zuen. Polita bezain nekeza zen desafioa. Kilometroak baino, karaktereak ziren haren arerio, eta hankei ez, neuronei eragin behar zien. Hark bezala, beste ikertzaile askok heldu zioten desafioari. Erantzun ederra jaso zuen UEU Udako Euskal Unibertsitateak kudeatzen duen atariak atzorako egina zuen enbidoak. #txiotesi traola eguneko joera nagusietako bat bilakatu zen, eta izan ziren lehiaketan parte hartzeko baldintzak bete ez arren, laburpen ariketa hori egin zutenak ere. Parte hartzeko animoak eta deiak etengabeak izan ziren txiolarien artean. «Egia esan, halako lehiaketa bat antolatzen genuen lehen aldia zen, eta ez genekien nolako erantzuna izango zuen. Baina mugimendu dezente egon da sarean, eta oso pozik gaude», nabarmendu zuen Zuriñe Etxanobek egitasmoko antolatzaileak.

2011tik hona doktore tesia aurkeztu duten ikerlarientzat zen atzoko lehiaketa, baita egun lan horretan ari direnei ere. UEUk urteak daramatza ikertzaile gazteei elkarrizketak egin, eta haien lanak ezagutarazten. Egitasmo horrekin beste urrats bat egin nahi izan du. «Twitterrek duen oihartzuna aprobetxatu nahi izan dugu, ikertzaileei beren lanak ezagutarazteko aukera emateko. Betiere, UEUren baliorik garrantzitsuenetako baten bidez: euskara».

Sei txiotan egiteak «are erakargarriago»egin du egitasmoa ikertzaileentzat. «Irailean aurkeztu genuen lehiaketa, eta hasieratik askok deitu ziguten informazio eske. Ondo prestatuta eduki nahi zituzten beren txioak gaurko [atzorako]. Ez da harritzekoa, zeregina ez baita erraza». Beraz, askok aurretik zituzten eginak lanak. «Lehen ordubetean hamabost ikerlarik zituzten jada txioak idatzita».

Oraindik ez dakite zer egingo duten jaso dituzten txio guztiekin. «Argi dago gure webgunean lekua izango dutela, oso sintesi lan polita eta bikaina egin baitute parte hartzaileek». Une honetan, txioak lehiaketaren epaimahaiko kideen esku daude. Izan ere,UEUk saritu egingo ditu txiolari originalena eta ulergarriena. Lorea Arakistain kazetaria eta Ricardo Gomez, Lore Erriondo, Txema Egaña eta Jon Mattin Matxain doktore, ikertzaile eta irakasleak arduratuko dira horretaz.

Laburpenik ulergarriena egin duen ikertzaileak 500 euro jasoko ditu, eta originalenak 300. Astelehenean jakingo da nortzuk diren. 12:00etan banatuko dituzte sariak, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Ostean, Koldo Garcia ikerlariak hitzaldia emango du. Garciak behietan erretrobirus endogenoek duten karakterizazioari buruz egin zuen tesia, eta 2010ean defendatu zuen EHU Euskal Herriko Unibertsitatean. Han jarraitzen du ikerketan lanetan, eta sarea erabili ohi du horien berri emateko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.