Galileo Galilei

Marian Iriarte / 2014-01-15 / 414 hitz

Galileo Galilei jaio zeneko 450 urte beteko dira 2014. urtean, zehazki otsailaren 15ean. Pisan jaio zen, eta ia 80 urte geroago zendu zen. Bizitza luze horretan zientziari eta orokorrean jakinduriari egindako ekarpenak oso garrantzitsuak izan dira haren ondoren izan zen zientziaren eboluzioan.

Errenazimentuko gizona zen, eta horrenbestez esparru askotako jakintza-arloak landu zituen, astronomia, filosofia, matematika, fisika, baina baita ere arteari lotutakoak, hala nola musika, literatura eta pintura.

Zientziari eta orokorrean gizarteari egindako ekarpenak asko eta garrantzitsuak izan badira ere, gaurkoan metodo zientifikoaren erabilera azpimarratu nahi nuke. Askotan esan ohi da zientziaren alor askotan, eta bereziki kimikan, aurkikuntza asko txiripaz izan direla. Beste zerbaiten bila aritu, eta ustekabean espero ez genuen zerbait aurkitu. Adibide asko eta asko daude, eta ez ditugu guziak hona ekarriko, baina batzuk aipatzearren hortxe daude Flemingen penizilina, bentzenoaren egitura hexagonala, nitrozelulosa —zeluloide izenaz ezaguna—… Batek pentsa dezake gauza asko eta asko txiripaz aurkitu baldin badira ez duela garrantzi handirik jarraitutako metodoak, eta ez, hori ez da horrela. Zientzia beste sasijakindurietatik bereizten duena nagusiki bere zorroztasuna eta metodologia da, eta horretan Galileo Galilei aitzindari izan zen.

Bere garaian beste askoren usteen aurka egin zuen, adibidez Aristotelesen pentsaeraren aurka, eta berak lortutako aurkikuntzak hain garbi eta ozenki esateak arazoak ekarriko zizkion garai hartako agintariekin, eta Inkisizioarekin.

Zientziaren oinarria metodo zientifikoan datza, eta hori behaketan, neurketan, proposamenetan eta proposamen horien egiaztatzean oinarritzen da. Gaur egungo ikerlari batek edo talde batek proiektu zientifiko bat aurkezten duenean agintarien aurrean finantzazioa lortzeko asmoz, izenak dioen bezala proiektu bat da, jakinduria zientifikoan oinarritua eta helburu batzuk lortzeko asmoz, baina litekeena da bidean beste zerbait aurkitzea, eta horrek ez du esan nahi gauzak txiripaz lortzen direnik.

Pasteurrek zioen bezala: «Dans les champs de l’observation, le hasard ne favorise que les esprits preparés», edo ikerketaren alorrean zoriak lanean diharduenari laguntzen diola. Galileo Galileiren ekarpen handietako bat metodo induktiboa erabiltzea izan zen. Berak proposatu zituen teoriak egindako behaketetan oinarritzen ziren, ez aurretik indarrean zegoen teoria batean. Teleskopioarekin ikusitakoak asko eta asko izan ziren, eta teoria heliozentrikoa proposatzeko frogak eman zizkioten (Ilargiko mendiak, Jupiterren sateliteak…).

Esan bezala, bere proposamenek arazo ugari ekarri zizkioten, eta 1632an —hil baino 10 urte lehenago— epaitua izan zen, eta, frogarik ez zutenez, bere proposamenak baztertzeko eskatu zitzaion torturaren mehatxupean. Hurrengo sei urteak bere etxean giltzapetuta egin zituen, eta azkenak bere itsasondoko etxean.

Ia 500 urte pasa baldin badira ere, gaur egun, XXI. mendean ezertan oinarritu gabeko sasiteoriak, sasijakinduria eta sasizientzia ditugu gure artean. Eta bestela, begiratu Bizkaiko ikastetxe batean telefoniazko uhinetatik babesteko egin behar diren konponketetan.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude