Idazle gosetia

Hasier Rekondo / 2014-03-02 / 462 hitz

  • Izenburua: Hori da umorea, maisu!
  • Egilea: Mo Yan
  • Itzultzaileak: Maialen Marin Lacarta eta Aiora Jaka Irizar
  • Argitaletxea: Elkar

Idazle gutxik aitortuko lukete, Mo Yanek egiten duen moduan, «jaki goxoengatik» idazten dutela. Ekonomikoki garatutako herrialdeetako literaturetan jaki goxook, loria, edota transzendentziaren metaforak ere izan litezke, Nobel Saria bera jakien metafora izan litekeen gisara. Izan ere, Txinako Gaomi Dongbei herrian nekazari-familia txiro batean, Aurrerako Jauzi Handiaren garaian, 1955ean jaiotako Guan Moye-k (benetako izenez) gosearen sufrikarioei egin behar izan zien aurre txiki txikitatik. 2012an Nobel Saria eskuratu izana goseari zor dio, ezbairik gabe. Baiki, sabelaren orro grinatsuak asetzea ez da nahikoa izaten talenturik ezean.

Txinatik kanpo hiru eleberrik egin dute ospetsu Mo Yanen literatura: Basarto gorriaren klana (1987an Zhan Yimouk oihartzun handiz film bihurtu zuena), Paradisuko baratxuriaren baladak eta Alkoholaren herria. Idazle bereziki oparoa den Mo Yanen hitzetan, «hiru liburu hauek oso ezberdinak diruditen arren, sakon-sakoenean berdinak dira: gosearen beldur den ume batek bizitza on bat izateko duen grina erakusten dute». Gosea eta grina, narratzeko grina, literaturaren oinarri gisa. Mo Yanek erakusten duen narratzeko grina parekaezina da mundu mailako literaturan.

XX. mendeko 80ko hamarkadan ekin zion idazteari Mo Yan-ek, ordurako biziak zituen arestian aipatutako haurtzaroko gosea eta 60ko hamarkadan Txinak jasan zuen Iraultza Kulturala.

Maialen Marin Lacartak eta Aiora Jaka Irizarrek ederto baino hobeto itzulitako Hori da umorea, maisu! (Elkar, 2013) narrazio laburren liburu honek Jokin Zaitegi Itzulpen Saria eskuratu zuen 2012an; horri esker dastatu izan ahal dugu, irakurle gosetiok, sistema politikoak inposatutako burokrazia absurdoen gainetik Mo Yanen pertsonaiek bizirik irauteko erakusten duten umorea, bizitzeko gogoa eta bizitzaren gordinkeria absurdoa. Gabriel Garcia Marquezen itzala luzea da Mo Yanen literaturan, baina bere bide propioak ibili ditu, eta esango nuke errealismo magikotik aldentzen denean ematen duela bere onena. Liburuari izenburua ematen dion kontakizuna, non globalizazioak eragindako kalte lazgarriak eta txinatarrek publikoki harremanak izateko dituzten arazoak umore finez aurkezten diren, eta japoniarren aurkako erresistentzia gudan (1937-1945) kanibalismo istorio paregabea kontatzen duen Sendagai miragarria gustatu zaizkit batez ere. Hala ere, bere bizitzako epe ezberdinetan idatzitako istorio guztiek mantentzen dute goi-maila, ez dago narrazio kaskarrik. Mo Yan idazle kontzeptuala da, istorioak kontatzea oinarrizkoena duen arren, horrela bada, narrazio bakoitzean gai konkretu bati heltzen dio. Horren adibide argienak kontakizun alegorikoenak lirateke: Burdinazko Haurra nagusiki; 1958ko udan abiarazitako burdina eta altzairua fintzeko kanpaina nazionalaren bidegabekeriaren berri ematen du haur goseti baten ikuspuntu haluzinogenoa profitatuz.

Kafkaren eragina ere nabarmendu nahi izan da Mo Yanen literaturan, baina burokraziaren absurdoa bestelako moldez aurkezten da txinatarraren luman. Absurdoa zehatzagoa da, materializatu egiten da, usaindu egin dezakegu. Ez du nihilismo punturik. Oraindik orain sistema komunistarengan fedea erakustearen ondorioz, kritika latzak jasan ditu. «Nire arerioak idazleak dira gehien bat». Liburuetan ustelkeriaren aurka erakusten duen grina ez omen duelako adierazpen publikoetan modu berean agertzen. Bere hitzetan esateko, «konponbiderik gabeko auzia da…; nolako pertsona, halako hizkera, nolako idazlea, halako obra».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude