Mihia aske

Alberto Barandiaran / 2014-03-07 / 509 hitz

Argitaratuta daukan eleberri bakarrean, Itsualdia liburuan, Elias Canettik idazle handiek idazten duten maisutasunarekin kontatu zuen Peter Kien irakaslearen eromen prozesua: xehetasunez beteriko deskripzioak lagun; moralaren disekzio zorrotzak ardatz; giro zirkularrak baliatuz. Kien sinologo famatua da; gizon bakarti, moldakaitz eta karratu samarra. Bakarrik bizi da bere lan intelektualari ordu guztiak ematen dizkiola; bakarrik Theresa zerbitzariarekin, emakume ezjakin eta gorrotoz betea. Eromen prozesu esplikagaitz baina, era berean, oso ulergarriaren ondorioz, gizona Theresarekin ezkondu egingo da, emakumeak etxetik botako du gero, eta, kalean alderrai ibili ondoren, lortuko du azkenean bere etxera itzuli eta zeukan altxor preziatuenari, Txinako kulturaren inguruko 25.000 aleko liburutegiari, su ematea. Harekin batera immolatuko da bera.

XX. mendeko autoritarismoak izan ziren Canettiren obsesioak. Nazismoa edo holokaustoa esplikatzen duten eromen kolektiboa azaltzeko ahaleginagatik eman zioten Nobel literatura saria, 1981ean, eta Itsualdia honetan ere eromena da gaia. Norbanakoaren eromenaren zentzugabekeria. Michael Haneke zinema zuzendariaren Das Weisse Band (Zinta txuria) lazgarri horren oihartzunak dauzka liburuak: hondamendi kolektiboen atzean dauden hari ikusezinak nola mordoiltzen diren masak mugiarazteko, uhinak bezala, azkenean uholde handi bat bilakatu arte.

Canettik liburu bakarra dauka euskaratuta, oraintxe aurkeztu den Mihia aske, gazte garaiko oroitzapen liburua. Oso interesgarria da ulertzeko idazle juduaren kezken jatorria; ulertzeko zergatik borrokatu zen beti, intelektualki, dogmatismoaren aurka; zergatik zeukan kezka berezia hizkuntzekin.

Judu sefardia zen Canetti, Espainiatik XV. mendean bota zituzten juduen ondorengoa beraz. Inperio otomanon jaio zen, gaur egungo Bulgarian, eta alemanez mintzo bazen ere, britainiar herritartasuna zeukan. Txikitan, Ruse jaioterrian (orduan Ruststxuk), Danubio ondoko hirixkan, ladinoa, bulgariera, errumaniera, alemana, turkiera, erromintxela, albaniera eta armeniera entzun zitezkeen arazorik gabe. Baita greziera edo errusiera ere. Horregatik, hizkuntzekiko kezka oso presente dago Mihia aske honetan. Behin, aitonak kontatu zion hizkuntzak jakitea oso probetxugarria zela, esaterako bizia salbatzeko.

Garai hartan, merkatariak herriz herri ibiltzen zirenean, dirua gerriko inguruan eramaten zuten lotuta. Eta Danubiotik gora edo behera abiatzen zirenean, Belgradora edo Vienara edo Constanzara zihoazen baporeetara igotzen zirenean, kontu handiz ibili behar izaten zuten hainbeste jenderen artean. Behin, Canettiren aitonak gizon bi entzun zituen baporearen baranda ondoan hizketan, grezieraz. Aitonak entzuna zuen hizkuntza hori jaioterrian, eta ulertu zuen merkatari bat hartu, lepoa moztu eta ibaira botatzeko asmoa zutela, dirua lapurtzeko. Aitonak kapitaina ohartarazi zuen eta horrela atxilotu ahal izan zituzten gaizkileak. «Hizkuntzekin lotutako istorio eredugarri asko entzuten genituen».

Bitxia da oso txikitan hizkuntzekin izandako harremanaz kontatu zuena. Bere gurasoek alemanez hitz egiten zuten elkarrekin, baina ladinoz seme-alabekin eta senideekin. Etxean zerbitzatzen zuten nekazariak bulgariarrak ziren gehienak, edo errumaniarrak. Armeniar bat edo beste ere bai. Canettik gogoratzen du bulgariera ikasi izana, eta, ondorioztatzen duenez, sei urte arteko oroitzapen guztiak ladinoz edo bulgarieraz entzungo eta biziko zituen. «Ondoren, alemanera itzuli zaizkit horiek denak. Soilik gertakari latzenak, heriotzak edo hilketak, edo izu gaiztoenak, ditut ladinoz grabatuta, oso zehatz eta modu ezabagaitzez gainera. Gainerako gehiena, eta bereziki bulgarieraz entzundakoa, ipuin guztiak esaterako, alemanez bizi dira gaur egun niregan».

Ibon Uribarri itzultzaileak bi gai azpimarratu ditu Canettiren lanetan: hizkuntza, hizkuntz aniztasuna, elkar ezin ulertzea, batetik; heriotzaren bizipena, bestetik. Berrogei bat urte zituela, berak garbi zeukan hautua: «Alemanak jarraituko du izaten nire gogoaren hizkuntza, judua naizelako hain zuzen». XX. mendearen basakeriaren inguruko profezia harrigarria.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude