Zientzialari eroa

Imanol Mercero / 2014-03-09 / 180 hitz

  • Izenburua: Kalabaza munstroa
  • Egilea: Jim Benton
  • Itzultzailea: Usoa Wyssenbach
  • Argitaletxea: Desclee de Brouwer

Franny K. Stein Zientzialari Eroa deitzen den bildumaren lehen liburukia dugu hau. Hamasei atal laburrez osatua dago, denera 120 orrialde irudiz ongi hornituak hartzen dutenak, dagoeneko kalean den bigarren alearen iragarpena barne (Hamabost metroko kupidoaren erasoa).

Ingelesez zazpigarrena kaleratu berri dutenez, pentsatzekoa da salmenta onak edukita bildumak aurrera egingo duela, noizbait gertatu den bezala. Baina zer da salmenta ona euskal merkatuan?

Pertsonaia nagusiaren izenak —Franny K Stein— eta bere zaletasunak —zientzialari eroa izatea— ezin hobekiago laburtzen dute bertan topatuko duguna: Frankenstein nobela handiari omenaldia (gogoan izan, irakurle, oraintxe argitaratu dutela Erein-Igelakoek edizio berri ezinbestekoa!).

Kontaketaren zati handiena pertsonaia femenino bihurri, suhar eta aske bat eraikitzen ematen da. Logikoa, bilduma baten lehen alea izanik. Eskergarria, ezaugarri horiek erakusten dituzten pertsonaia femeninoak gutxitan proposatzen direlako. Tristea, abentura laburra —laburregia— gertatzen delako irakurzalearentzat; baina asegarria, irakurle hasiberrien trebetasun juxtuarentzat.

Bilduma honen ezaugarri aipagarriena da haurrak amoralak direla —nahiago bada aurre-moralak direla—, ondorioz ez dutela zuzentasunaren zama eramaten euren jokamoldea zuritzeko, eta horrek asko arintzen duela narrazioa, libertimenduaren onetan, prefosta.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.