Historia ezagutzeko, gazteluz gaztelu ibiltzeko gida

Irene Arrizurieta / 2014-04-03 / 583 hitz

‘Bidez bide Nafarroako Erresumako Gotorlekuetan barrena’ izeneko gidaliburua argitaratu du Feliuk.

Bidez bide Nafarroako Erresumako gotorlekuetan barrena izeneko gidaliburua argitaratu du Juan Mari Feliuk. Nafarroa Bizirik egitasmoaren barruan, Nafarroako Erresumakoak izan ziren hainbat gazteluren kokalekua eta historia bildu ditu. Joseba Asiron historialariarekin eta Martin Altzueta komikigilearekin batera egindako lanean, mendizaletasuna eta historia uztartu ditu, historia ofiziala irauli nahirik.

Liburu berria duela urte bat kaleratutako beste baten jarraipena da. 2013an argitaratu zuen Feliuk Nafarroako Gazteluetarako ibilbideak, eta Erdi Aroko Nafarroako Erresumako gotorlekuetan barrena ibiltzeko aukera eskaintzen zuen. Oraingoak bezala, mendeetan atzera egin, eta historia ezagutzeko aukera eskaintzen zuen.

Nafarroako Erresumako parte izan ziren hamabost gazteluk osatzen dute liburua. Eraikuntza horien inguruko historia bildu du liburuak. «Historia ofiziala irauli nahi dugu. Nafarroako Erresumako eremuan zeuden 130 gaztelu baino gehiago daude, eta guztiak lehengoratu nahi ditugu», dio Feliuk. Aurreko liburuan 15 gazteluren informazioa jaso zen, eta, oraingoan ere, beste hainbesteren informazioa bildu da. Liburuak gaztelua hurbiletik ezagutzeko gonbita egiten dio irakurleari. Beraz, derrigortuta dago gazteluak bisitatzera. Garai bateko gazteluen inguruan egindako ibilbideak dira, toki batean hasi, eta itzulia egin ondoren, hasitako leku berean bukatzen direnak. «Ordu eta erdi eta hiru ordu artean irauten duten ibilbide errazak eta argigarriak dira, mendizaletasuna eta historia uztartzen dituztenak». Gazteluetarako ibilaldiak Feliuk idatzi ditu; hamabost, guztira: Bermeo, Donostia, Amaiur, Latsaga, Auza, Gorriti, Ziordia, Uharte Arakil, Axita, Ezkaba, Trebiñu, Gares, Burgi, Puiu eta Oibar. Gaztelu bakoitzaren ibilbideari historia erantsi dio, berriz, Joseba Asiron historialariak eta Martin Altzuetak historia osatzen duten ilustrazioak egin ditu.

Historia oinez

Liburuan ageri diren gazteluak ez daude Nafarroan soilik, Euskal Herri osoan baizik. Orduko Nafarroako Erresuma oraingo Nafarroa baino askoz handiagoa baitzen. Gaztelaren konkistaren ondorioz, ordea, murriztuz joan zen. Geografikoki ere oso toki ezberdinetan egoteaz gain, gazteluen askotariko egoerak erakutsi nahi izan dituzte egileek. Badira indusketen bidez zein auzolanari esker lehengoratu dituzten eraikinak: Amaiur (Nafarroa); nahiko ezezagunak direnak (Donostiko La Mota gaztelua, edo Gorritikoa Nafarroan). Modu berean, mendi gainetan daudenak ere ikusi ahal izanen dira: Ezkaba Iruñerrian, edo Altxeta Ugaon, Bizkaian.

Feliuren hitzetan, guztiak dira historiaren parte. Horregatik, jendeari ahalik eta gaztelu gehienetara joateko gonbita egin dio. Geroa eraikitzeko, gainera, iragana ezagutzea ezinbestekoa dela dio: «Gazteluak konkistaren biktima izan ziren; beraz, balio handia dute. Etorkizuna eraikitzeko historia ezagutu behar dugu lehenbizi». Eta historia ez ezagutzeko ez dago inolako aitzakiarik, edonork egiteko moduko ibilaldiak prestatu baititu Feliuk. «Familiarekin edo lagunekin joateko aproposak dira. Igande baterako aukera ezin hobea da». Xehetasun guztiak liburuan idatzi ditu: zenbateko bidea dagoen, nondik joan behar den, mapa bat, inguruan jatetxerik edo antzekorik ba ote dagoen. Gazteluen memoria historikoa zein fisikoa lehengoratzeko lanean Nafarroa Bizirik ekimena egiten ari den lana azpimarratu du Joseba Asironek. «Liburuan Juan Mari Feliu, Martin Altzueta eta nire izenak ageri dira, baina atzean jende askoren lana dago».

Izan ere, gazteluak lehengoratzeko lanean egitasmoko hamaika lagun eta gazteluak dauden herrietako jendearen laguntza ezinbestekoa izan da. Orain gutxira arte, inor gutxik ezagutzen zuen Nafarroako Erresuma zaharra defenditu zuten gazteluen sarea, baina Nafarroa Bizirik egitasmoari esker, gero eta jende gehiago da horren jakitun, eta laguntzeko prest dira. «Liburuaren atzean dagoen lana sekulakoa da. Bidean seinaleak jarri, gazteluko mugarria jarri… Herrietako jendearen lana ere funtsezkoa izan da. Herritarrek dinamizatzen eta gizarteratzen dute gazteluaren inguruko informazioa eta historia herrian».

Beraz, auzolana ezinbestekoa izan dela aipatu du Asironek. Horren adibidea da duela bi urtetik ari dira kokatzen erresumako gazteluak identifikatzeko mugarriak. Hainbat tokitan jarri dituzte, baina beste askotan oraindik falta dira. Hurrengo mugarria heldu den igandean jarriko dute Orozko (Bizkaia) ondoan dagoen Altxetako jauregian. Eguerdian, jada kokatua dagoen mugarria inauguratuko dute, eta, ondoren, bazkaria eginen dute Ugaon.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.