Izerdia, literatura zabaltzeko

Iker Tubia / 2014-04-18 / 1.206 hitz

11 urte dira Jon Alonsok ‘tropela’ kontzeptua erabili zuela 1954 eta 1972 urteen artean jaiotako idazleak biltzeko. ‘Tropel’ hartako idazle batzuek orduan egindako lana eta egungoa aztertu dute.

Mordo bat gara; ez gara ez belaunaldi bat, ez bi; ez gara talde batekoak, ez dugu talde-sen berezirik». Hala azaldu zuen Jon Alonsok gaur egungo 42 eta 60 urte arteko idazleei esleitu zien izena: tropela. Norberak bere bidea egin zuen, baina bazen elkartzen zituen zerbait: «Obabatik SP-rako tranbiara doan soka, tarte luzea, liburuz betetzen lagundu izana». Espainiako literatur saria irabazi zuten eleberri bien artean idazle anitz, eta haien eskutik hamaika lan publikatu ziren. Batzuen aburuz, ahanzturan eroriak, eta, beste batzuen ustez, denborak jarri du bakoitza bere tokian.

«Egiazki, horrela dela pentsatzen dut: nik uste dut euskal literaturaren karreran gorputza tropela-k ematen diola, baina berak ez du dirdirarik jasotzen». Hasier Etxeberriak begi onez ikusi zuen Alonsok erabilitako metafora. Urte hauetan idatzi ez badu ere, tropel hartako kide sentitzen da. «50 urte hauetako literatura, bai kantitatez eta bai kalitatez ere seguru asko, aztertuko bagenu, tropel horrek egina du lanik eskergena. Beste gauza bat da aitorpena, dirdira eta hedabideen onarpena». Hala, bidezko deritzo talde horren barruan Xabier Montoia, Juan Luis Zabala, Edorta Jimenez, Inazio Mujika Iraola eta Pako Aristi sartzea, besteak beste.

Ez du berdin pentsatzen Edorta Jimenezek, ordea. «Izatekotan, izan zen literatura omen den lasterketan nortzuk zihoazen buruan, nortzuk tropel-ean, eta nor atzean. Irudia Jon Alonsok atera zuen, eta, adibidez, haren Camembert helburu ez da tropel-eko edozein txirrindulariren lana, liderrarena baizik». Gerora, tropela-ri buruz egin den erabilera ez du maite, nahiz eta orduko testuinguruan hurbilketa modura ulertu egiten duen. «Egoera soziologikoa eta hedabideetan zabaltzen zena zein ziren azaltzea zen helburua: badira izar batzuk aurreko kinieletan bezala, eta, gero, badira hainbat eta hainbat izen tarteka agertzen direnak». Hala ere, haren aburuz, gerora frogatu egin da tropela-ren barruan liderrenak baino lan «miresgarriagoak» zeudela. Horren adibide jarri ditu Patxi Zubizarretaren azken «maisulanak»: Joan (Txalaparta, 2010) eta Hiru gutun Iruñetik (Pamiela, 2012). Itxaro Borda ere ez luke tropela-ren irudian sartuko: «abangoardia da, hasieratik». Miren Agur Meaberen lana eta Aingeru Epaltzaren azkeneko trilogia ere goraipatu ditu, bidenabar.

1960. urtearen inguruan sortutako idazleak asko zirelako izan daitezke tropel, Tere Irastortzaren aburuz, baina inondik inora ere ez lider bati jarraitu ziotelako. Talde direnik ere ezin esan, baina idazle multzo hark gogotik egin zuen lan: «Gure garaian idazle asko sortu zen; gainera, aniztasun handiarekin. Genero guztietara hurbildu zen jendea». Izerdia bota zuten, literatura zabaltzeko.

Patxi Zubizarretak gogoan hartu du Iban Zalduak sandwicha ere deitu ziola tropela-ri. Zalduak «bete-betean» sentitu zuen bere burua han, baina, esan duenez, orduan izan zen eztabaidak ez du segidarik egun. Ahanzturan ez dira erori soilik tropel hartakoak. «Ahanzturak denok hartu gaitu orain. Gaur egun, nekez bihurtzen da literatura albiste».

Militantzia gaindituta

Denbora igaro da tropel-eko idazleek euskal literaturari ekarpen eskerga egiten hasi zirenetik. Militantziaren tenorea zen hura, baina euskal literatura militantziatik urrundu zuten tropel-kideek. Horretan bat datoz Jimenez, Etxeberria eta Irastortza. «Tropela-ren konpromisoa ez da militantziarekin izan, letrekin eta literatura berarekin baizik. Galbahe bat jarri zen orduan», zehaztu du Etxeberriak.

Ez zuten euskara salbatzeko idazten. Bide beretik mintzatu da Irastortza: «Euskaldun eta euskaltzale izan gara, baina gure aurreko idazle euskaldunek lotura handiagoa zuten hizkuntzaren normalizazioaren ikuspegi sozialarekin, eta guk ez dakit izan dugun». Literatura moderno eta urbanoa egiteko konpromisoa nabarmendu du Jimenezek. «Militantetzat hartu gaituztenon obra ez da bereziki militantea».

Ordutik, literaturaren egoera aldatu egin da. «Gu hasi ginenean, alfabetaturik gabeko idazleak ginen; orain, euskaldun eskolan ibiliak dira; ondorioz, hobeto ikasten dute eta konplexuak kendu dituzte», dio Jimenezek. Bide horretan, itzulpengintzaren eragina nabarmendu du mundakarrak.

Zubizarretak uste du literaturaren profesionalizazioan ere izan zirela aldaketak. «Gure garaian normalizatuagoa zegoen, eta, orain, normala da idazle izatea». Hala ere, garai hartan lilura bat egon zela dio: literatura gehiegi puztu zen. «Fikziozko literatura sistema batean ari ginen, eta errealitatea bestelakoa zen».

Idazle multzo handia bazterturik geratu zela salatu zuten batzuek, fokuetatik kanpo. Idazle batzuen nahiak zapuzteraino, batzuetan. Irastortzak azaldu duenez, haien aurretik idazle batzuek jauzi egin zuten idazketa profesionalera. «Beharbada, literaturatik bizitzeko espektatibak sortu ziren». Irastortzaren kasua ez zen hori, berak poesia edo saiakeraren alde egin zuelako. «Nik ez dut behin ere literatura kontsideratu hortik bizitzeko hautu pertsonal gisa». Beraz, ez du bere burua gutxietsia ikusten, baina beste idazle batzuk «zapuztuta» sentitu izana ulertzen du.

Etxeberriaren aburuz, tropel-eko idazleak ez ziren idazteaz baizik kezkatu: ez kontrazaleko argazkiaz, ez elkarrizketez… «Gaur egungo idazleek parte mediatikoa oso ongi gobernatzen dutela esango nuke. Ongi gobernatzen dute, askotan, Spielberg berrituak balira bezala, eta obra ezagutu aitzinetik etortzen da oldea. Hori askotan irrigarria egiten zait», azaldu du. Etxeberriak uste du tropel-eko kideei asko kostatzen zitzaiela haien buruak idazletzat hartzea, nahiz eta hainbat liburu argitaratuak izan. Beste batzuk, hastapenetik beretik hasi omen dira «indioilarra baino idazleago» agertzen. «Konplexurik gabe egiten dute idazle lana. Egun, hori ez da soilik idaztea, baizik eta idatzitako hori laguntzea».

Etxeberriaren aburuz, tropel-ekoek ez zuten jakin haien lana saltzen. Aitzitik, Zubizarretak aukera faltari egotzi dio hori: «Uste dut zenbait idazle egon garela irudi hori lantzeko prest, baina ez dakit kuota kontua izango den, baina ez dugu aukerarik izan. Era berean, ez dago tokirik guztientzat». Gainera, noraino ailegatzen da irudi horren salmenta? Zubizarretak Dolores Redondoren fenomenoa aipatu du: foruzain bati buruz idaztetik kuartela inauguratzera. «Beharbada, gehiago hitz egin beharko genuke obrez idazleez baino», gaineratu du Irastortzak.

Literaturari bete-betean eragin dion fenomeno hori hedabideei egotzi die Jimenezek. Haren ustez, komunikabideek «piramidearen logika» aplikatzen dute, eta ikusgarritasuna duten erpinak bilatzeko beharra dute. «Hedabideen jarraitzaileak izen ezagunak nahi ditu, norberak pentsatu gabe hedabideak berak argitu dezala, bai hemengoak bai edozein tokitakoak». Eta hedabideek «bazka berria» bilatzen dutela uste du, zaharrekin asperturik.

Etxeberria kexu da, hedabideetan idazle batzuek duten trataerarengatik: «Badira dozena erdi idazle zernahi argitaratzen dutelarik ere arreta eskuratzen dutenak. Batez ere, euskaraz irakurtzen ez duten hedabideen aldetik». Ez da erdal mundua jomugan jarri duen bakarra. Jimenezen aburuz, euskal literaturak arazo bat izan du azken urteetan: liderrak Madrilen erabaki dira. «Gure barne sariek ez dute Espainiako sari nazionalak duen besteko pisua», aipatu du. «Inori meriturik kendu gabe, baina badirudi euskaldunok kanpoan saritua dena hobesten dugula».

Horregatik, Etxeberriak dio lehiaketez ezin dela fidatu, nahiz eta alde on bat duten: idazlea estimulatzea. Sarien arabera, ezin da literatura rankingik eraiki, haren aburuz. Ezta Irastortzaren ustez ere: «Ez dago lehiaketa egitura bat literaturan, kirolean egon litekeen bezala. Sistema bat da euskal literatura barnean; ez du zer ikusirik liburuen mailarekin».

Zubizarretak bi bider irabazi du Euskadi Literatura saria, 1998an eta 2006an. Sariak gobernuek haien prestigiorako erabili zituztela uste du, baina literaturak «puztuta zuen glamourra» dagoeneko hustu egin delakoan dago. «Alde horretatik, sariak beti dira kritikagarriak, baina, askotan, onuragarriak dira idazleari oso bultzada ederra eman diezaioketelako momentu egokian». Berak tranpolin ona topatu du hor, nahiz eta irabazi ez diren sariak diren, haren ustez, idazlearentzat onenak.

Idazkuntzaren bilakaera

Gaur egungo literaturaz galdetuta, zenbat buru hainbat aburu. Jimenezek txirrindularitzaren metaforarekin jarraitu du, egoera azaltzeko: «Euskal literaturari gertatu zaio txirrindularitzari bezala: etorkizuna zalantzan dago». Haren ustez, sormenak behera egin du. Zubizarreta ere kritiko azaldu da egungo literaturarekin: «Apustu gutxi egiten dugu, betiko liburuak idazten jarraitzen dugu, lehengo estrategiak erabiltzen ditugu. Nora ezean dabilen sistema da».

Irastortzak argiak nabarmendu ditu ilunak bainoago. Joera esperimentala galdu dela pentsatzen duen arren, idazle asko eta onak daudela azaldu du. Aldaketa bat antzeman du: lehen, pertsona batek, argitaratzen zen guztia irakur zezakeen; gaur egun, ezin da dena jarraitu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.