Literatur pilula dastagarriak

Ane Urrutikoetxea / 2014-04-11 / 395 hitz

‘Alferrik ez balitz’ liburuan, Karlos Linazasorok dosi txikietan hartzeko mila aforismo bildu ditu.

Irakurtzeko ohiturak pixkanaka aldatu dira Internet eta sare sozialen eraginez, eta, gaur egun, testuak azkar eta dosi txikietan irensten dira. Karlos Linazasoro (Tolosa, 1962) idazlearen Alferrik ez balitz liburua ezin hobeto moldatzen da irakurtzeko ohitura berrietara. Mila aforismo bildu ditu, irakurtzeko lanik eman gabe, gogoetarako denbora eskatzen dutenak. Gai sakonen inguruko hausnarketak bildu ditu liburuan, baita mikroipuinak, adar jotzeak, paradoxak eta bestelako mila kontu ere. Elkarrek argitaratu du liburua.

Linazasororen aforismoak Twitterreko txioekin alderatu ditu Xabier Mendiguren editoreak. «Liburua osatu ordez, aforismo hauek guztiak Twitterren argitaratu balitu, hango erregea izango litzateke Linazasoro». Poesia sailean kaleratu dute liburua, idazleak berak egindako marrazkiekin. Idazteak ez bezala, marrazteak lasaitu egiten du Linazasoro: «Hiru ataletan banatutako nobela erraldoi horien aurkakoa naiz, eta aforismoak justu horren kontrako generoa dira. Faltan dagoenetik soberan dagoena dira aforismoak».

Liburuan mila esaldi bildu dituen arren, idazleak zazpi mila aforismo sortu ditu. Horietako esanguratsuenak aukeratu ditu, eta beste idazle batzuen esaldiekin tartekatu ditu, gaien arteko bereizketarik egin gabe. «Kronologikoki bata bestearen atzean izendatu ditut, nire buruan ere, pentsamenduak batetik bestera ordenarik gabe aldatzen direlako. Gainera, irakurlearentzat sorpresa handiagoa da hurrengo esaldian etorriko dena ez jakitea».

Asko dira liburuan bildutako esaldiak, eta Etxepareko komunikazio arduradun eta kazetari Irene Larrazak 50 bat aukeratu ditu. «Aforismoari, zuhur hitza ere esaten zaio, eta, egia esan, ez da erraza horrenbeste esalditatik baten bat aukeratzea. 300.a, esate baterako, denok identifikatuta sentitzeko modukoa da; ‘Bizitza familia ospakizunez beteta dago, baina baita gauza alai pilo batez ere’».

Esanahi asko esaldi batean

Mila eta batgarren aforismoa ere amaitu du Linazasorok, izenburukoa, hain zuzen ere: «Alferrik ez balitz… ez nuke idatziko». Liburuak arrakasta eduki beharko lukeela uste du idazleak, gaur egun irakurtzeko denbora gutxi daukagunez irakurketa dosi txikiak eskaintzen dutelako aforismoek. «Askok ez dute oso argi zer den aforismoa, eta atsotitz eta esaera zaharrekin nahasten dituzte. Baina guztiz aurkakoak dira; hemen ez dago karga moralik ez dogmarik. Galtzerdiak bezalakoak dira aforismoak, buelta emanda esanahi berri bat sor dezakete».

Esaldi ironiko ugari aurkitu daitezke liburuan, besteak beste, «Konortea galduta ere, ni ez naiz sekula neurera etorri» eta «Ez naiz inorekin fio, denak nire antz handia dutelako». Linazasororentzat, autoironia aforismoak idazteko ezinbesteko tresna da: «Hiru dira idazle batek sortzeko behar dituen ezaugarriak; inguruaren begirale ona izatea, argi pentsatzea eta gaizto eta maltzurkeria puntu bat izatea. Idazle batek egin dezakeen bekaturik okerrena aspergarria izatea da».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.