Y ustela

Jose Ramon Bilbao / 2014-05-22 / 545 hitz

Ugaztun espezie gehienetan indibiduoaren sexua zehazten duen kromosoma parea dago: arretan X eta Y, eta emeetan bi X. Gurean, kromosoma sexual horietaz aparte, beste 22 autosoma bikote dago zelulen nukleoetan, bikotekide bana amaren obulu eta aitaren espermatozoidean ekarria. Autosoma pare horietako kide biak homologoak dira; hau da, gene berdinak daramatzate. X eta Y kromosoma sexualak, aldiz, oso desberdinak dira. Izan ere, Y kromosoman bada oso gene berezia, SRY izenekoa, arraren garapena —testikuluen sorrera— abiarazten duena. Horrekin batera, espermaren ekoizpenean parte hartzen duen beste zenbait gene eta, Y ustelaren hipotesiaren arabera behintzat, bizitzarako beharrezkoa den ezer gutxi gehiago. Uste denez, gaur egungo ugaztunen arbasoan sortu zen Y kromosoma, autosoma pare bateko kide batean ar izatea eragiten zuen mutazioa agertzean. Gaur arteko 300 milioi urteko eboluzioan zehar, Y kromosoma Xtik desberdinduz joan da, arrentzat onuragarriak (eta emeentzat kaltegarriak) diren geneak bereganatuz. Aldi berean, tamainaz zein gene kopuruz txikituz joan da Y, eta, Xrekin alderatuz gero, azken horrek 155 milioi nukleotido eta 1.800 gene inguru ditu, eta Y txikiak, berriz, 400 gene besterik ez du 57 milioi nukleotidotan.

Desberdintasun horiek direla medio, autosoma bikote homologoen artean ohikoa den eta aldakortasun genetikorako zein mutazio kaltegarrien ezabaketarako funtsezkoa den material genetikoaren elkartrukea murriztuz joan da X eta Yren artean. Bakartasunak Yren endekapen progresiboa ekarri bide du, eta, egun, 19 gene besterik ez dute partekatzen X eta Y giza kromosomek. Martxa honetan, eta Y ustelaren teoriari kasu eginez gero, Y kromosoma desagertze bidean legoke eta bost milioi urteko iraupena baino ez litzaioke geratuko artasunaren markatzaileari.

Aste hauetan, ordea, teoria hori zalantzan jartzen duten eta Y kromosoma osasuntsu dagoela dioten pare bat lan argitaratu da. Alde batetik, Massachusettseko Whitehead Institutuko David Page ikertzaileak zuzentzen duen taldeak Yren endekapena aspaldi gelditu zela frogatu bide du, Nature aldizkarian kaleratutako artikuluan. Gizon, rhesus-makako eta txinpantzeak alderatuta ikusi dutenez, 25 milioi urte hauetan gene bakar bat besterik ez du galdu Y kromosomak, eta hiru espeziek antzinatik datorren gene sorta berbera gordetzen dute bertan. Eboluzioaren bidean atzerago joateko, gugandik lehenago bereizi ziren titi, zarigueia, zezen, arratoi eta saguen Y kromosomak ere ikertu dituzte. Horietan ere, 12 geneko multzoa bere horretan aurkitu dute, sekuentzia horien kontserbaziorako hautespen naturala modu aktiboan jokatzen ari den seinale. Gainera, Y kromosomako gene hauek gorputzaren hainbat zelula mota desberdinetan adierazten dira, eta beraz, ezin har daitezke eboluzioak utzitako funtziorik gabeko hondar modura.

Gene horien funtzio biologikoa zehazteke dago oraindik, baina aurkikuntzak badu ondorio kitzikagarri bat: nahiz eta anatomikoki nabarmenak ez izan, emakumezkoen (XX direnak) eta gizonezkoen (XY) zelula oro desberdinak dira, gorputz, ehun eta organo guztietan zehar. Litekeena da Y kromosomako gene horiek gizon eta emakumeen artean dauden osasun desberdintasunen atzetik egotea (gaixotasunak pairatzeko arrisku maila desberdinak, kasu) eta ikerketa biomedikoan zelulen sexua kontuan hartzeko parametroa izatea. Horrela iradoki daiteke Karolinska Institutuko talde batek orain egun gutxi Nature Genetics aldizkarian argitaratutako artikulutik. Gizonezkoen bizi itxaropena emakumezkoena baino laburragoa izatearen misterioa argitzeko, 1.600 gizon adintsuen odoleko zelulen azterketa genetikoa burutu dute. Adinarekin, Y kromosomaren galera ohiko gertakaria dela ikusi dute eta gainera, galera honek minbizia garatzeko eta horren ondorioz hiltzeko probabilitatea areagotzen du. Dirudienez, Y kromosomak baditu maskulinotasunaren ezarpenetik haratagoko betekizun garrantzitsuagoak eta, haiengatik baino ez bada ere, gure artean geratuko dela ematen du. Gizontasunaren ikur genetikoa ez dago usteltze bidean, are gutxiago, bere iraupena ziurtatzeko gizonezkoen biziraupenaren gakoa bere besoetan gordetzea erdietsi du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.