Amaia Lapitz eta Didoren ermandade sekretua

AZALA AMAIA LAPITZ 2.inddEgilea: Katixa Agirre
Ilustratzailea: Alex Orbe
Argitaletxea: Elkar
Bilduma: Amaia Lapitz
Urtea: 2013
ISBN: 978-84-15337-44-7
R: 7.189

Liburu bizia eta entretenigarria. 12 urtetik aurrera egokia, irakurzaleak badira. Bestela, 14 urtekoei gomendatuko nieke, hau da DBHko 3. mailakoei. Zenbait eten edo bat-bateko jauzi gertatzen dira narrazioan eta horrek apur bat zailtzen du ulermena. Hizkuntzari dagokionez, ongi idatzita dago eta arina da prosa. Hauxe da liburuaren argumentua:

Amaia Lapitz, liburuko protagonista, 15 urte inguruko nerabea da, neskato bizkorra eta abenturazalea. Aurreko liburuan, Mexiko aldean ibili zen. Honetan, berriz, Tunisiara joan da ama eta amonarekin batera amonak txat bidez ezagutu duen gizona aurrez aurre ezagutzera eta, bidenabar, oporrak pasatzera.

Hara iritsitakoan, Ahmet, amonaren ustezko laguna, benetan ezagutuko dute. Hasieran ezin atseginagoa dirudien gizona negozio-gizon zikin eta arriskutsua besterik ez da. Eraiki nahi duen parke tematikoko orubean antzinako Kartagoko aztarna arkeologiko bat azaldu zenez, UNESCOk lanak geldiarazi egin dizkio. Hori dela eta, Ahmetek amarru gaiztoa prestatuko du: Amaia bahituko du, Amaiaren ama Susana Lapitzek, arkeologo ospetsua denak, telebistan adieraz dezan aztarna arkeologikoa erabat faltsua eta balio gabea dela.

Leilak eta Tarekek, Ahmeten bilobek, Amaiari ihes egiten lagunduko diote eta hiru gaztetxoak elkarrekin altxor baten sekretua ezkuta lezakeen koadroa topatzen eta deszifratzen ahaleginduko dira, baita Amaiaren ama askatzen ere. Azkenik, korapilo guztia Londresen askatuko da, hainbat arrisku eta emozioren ostean.
Udaberri Arabiarraren hasierako protestak gertatzen diren bitartean jazotzen da hau guztia.

IKASLEEKIN LANDU DAITEZKEEN GAI PEDAGOGIKOAK

1. Irakurketa ez-sexisten aldeko ikuspegia. Protagonista nagusia emakumezkoa da. Zer ezaugarri ditu neska gaztetxo honek? Abenturazalea, bizkorra, aktiboa… Aurretik irakurriak dituzten liburuetako protagonistak emakumezkoak ala gizonezkoak ziren? Zer ezaugarri zituzten? Haiek idazten dituzten ipuin eta narrazioetan protagonistak gizonezkoak ala emakumezkoak dira? Zer ezaugarri dituzte?

2. Geografia eta Historia:
a) Gaur egungo Tunisia, eta herrialde arabiarrak pixka bat ezagutzeko aitzakia.
b) Antzinako Kartago.
c) Aztarna arkeologikoen garrantzia.

3. Etika: jende pobre ugari bizi den herrialde batean, kosta ahala kosta aberasteko batere lotsarik eta etikarik ez duen jende handinahia salatzen da liburuan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.