Denbora galduaren bila, edo

Imanol Mercero / 2014-09-07 / 160 hitz

  • Izenburua: Moradero
  • Idazlea: Gus Jimenez
  • Ilustratzailea: Nuria Fortuny
  • Argitaletxea: Elkar

Moradero uharte berezi bat da, munduko martxatik aparte dabilena. Biztanleek ez dute presarik, han dena patxada eta gozamenerako tartea da. Bakoitzak duen zaletasunaren arabera, bere gisara igarotzen du eguna, askotan bakarrik, baina den-denak ezin zoriontsuagoak dira. Hauxe baita narrazio luze honen aldarrikapena: lasai bizitzeko denbora hartzen baduzu, zoriontasuna eskuratzeko bidean jarriko zara.

Saal postaria da, eta Moraderora joatea egokitu zaio, ordezkapen bat egitera. Hiriko bizimoduarekin ohituta, hango teknologia eta (ustezko) eraginkortasun faltak sutan jartzen dute: «Etxeek zenbakirik ez badute, nola aurkituko ditut helbideak?». Baina bereziki sutan denborarekin erakusten duten jarrerak jartzen du: «Baina gutunak berandu jasotzen dituzue orduan!». Zer gertatzen den ulertzea kosta egingo zaio Saali; irakurlearentzat ere misterio bat argitzea izango da, liburuan aurrera egindakoan soilik argituko zaigun misterioa, orrialdeetan ezarrita dauden pistak jasota; esaterako, postetxeko arduradunak Saali esaten dionean bezala: «Lasai ibili, konturatuko zara Moraderon egunak askorako ematen duela».

Argitaletxeak 10 urtetik aurrerako irakurleei gomendatzen die obra hau.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude