Eternitatea

Goizalde Landabaso / 2014-09-23 / 256 hitz

Lagun batek ziostan ez gaudela heriotzarako gertatuta. Inguruan jotzen ez duen bitartean aukera urrun bezala hartzen dugula. Ez digute minaz hitz egiten, ez digute aurre egiteko tresnarik ematen. Gure mendebaldeko gizartea heriotzari bizkarra emanda bizi dela uste du lagunak. Existituko ez balitz bezala. Zelan ukatu bizitzarekin hain hertsiro daramaguna?

Badakigu, jakin, egunen batean hilko garela, baina egun hori oso urrunean kokatzen dugu, datorren mendean edo zeinek daki, inoiz ez. Beharbada, gure bizitza antolamenduak horrela eskatzen du; izan ere, bizitza osorako zenbat gauza dago? Etxeko hipoteka edota ezkontza… Izukorrak gara, hobe ez pentsatzea, eta datorrenean, ba, ikusiko dugu zer egin. Hori dena lagunak ziostan adiskide min bat hil eta egun gutxi batzuetara. Laguna bat-batean hil zen, ezelango abisu barik, inor agurtu barik. Inork itxaroten ez zuenean. Ziurrenen, horixe da joateko modurik mingarriena. Itxaroten ez duzunean. Gazteegia zarenean.

Egun horretan bertan, lanerako eguneroko osteratxoan, Salbe zubipearen inguruan ikusi nituen urpekariak. Norbait jausi edo bere buruaz beste egin ei zuen aurreko egunetan. Zubitik behera. Sasoi batean Bilbora sartzen ziren itsasontzietako marinelek zubi horretan ikusten ei zuten Begoñako ama lehenengoz, eta salbe kantatzen omen zuten. Gaur egun, bere buruaz beste egiteko zubia da zenbaitentzat. Ez dakit urpekariek herioa aurkitu ote duten; dagoeneko, baina, ez daude.

Hutsa da lagunaren baitan gelditu dena. Huts-papurrak dira bizitzak uzten dituenak. Ohitu egiten gara. Jarraitu egiten dugu, eta saiatzen gara heriotza ahazten. Orduan, telefono konpainia batek emailera bidaltzen dizu bizitza osorako eskaintza. Eternitatea lau txakur txikiren truke. Lagunaren adiskidearen heriotza gogoratzen duzu, eta aspaldiko pelikulan bezala zuk ere galdetzen duzu ea zenbat ote den eternitatea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude