Bernardo Atxaga: «Askatasuna irabazi egiten da idaztearen poderioz»

Iñigo Astiz / 2014-10-09 / 807 hitz

Euskarari atxikia bizi dela eta euskara beti izan dela funtsezkoa berarentzat nabarmendu du Bernardo Atxagak, ‘Nevadako egunak’-ekin Euskadi saria irabazi duela jakinarazi delarik.

Ezten bat kendu duela dio Bernardo Atxaga idazleak. 1989an gelditu zitzaion iltzatuta, eta ezin izan duela atzo arte kendu. Urte hartan irabazi zituen idazleak Euskadi saria eta Espainiako Saria, Obabakoak lanarekin. Eta Madrilen saria jasotzera joandakoan erantzunik gabe utzi zuen esaldi bat ekarri zuen atzo gogora. «Euskadi sariaz esan zidan sari txikia zela. Bizkorragoa banintz hitzetik hortzera erantzungo nion, baina ez nuen egin, eta bide guztia joan nintzen min horrekin. Ni atxikia nago gure hizkuntzari, eta niretzat beti izan da funtsezko hizkuntza bat. Eta hor egiten den literaturari emandako saria txikia izatea, eta aldiz itzulpenean emandakoei handi esatea hor jende gehiago dagoelako… Bizitza honetan dirua, kopuruak eta horiek denak dira filosofian esaten dena akzidenteak, eta gauza substantzialak dira beste batzuk. Tartean, gure etxeko hizkuntza. Hor dago gune funtsezkoa». Orain eman dio erantzuna orain 25 urtekoari, Nevadako egunak liburuagatik Euskadi saria eman diotenean.

Orain inoiz baino askeago idazten duzula esan duzu prentsaurrekoan.

Bai, egia da. Askeago idazten, eta denean, presioa ere askoz ere hobeto jasaten duzu. Gure eginkizuna oso da segurtasun gutxikoa. Nik ikusten dut arotz bat mila mahai egin dituena, eta ikusten dut mila eta batgarrena egiten, eta begiak itsututa ere egingo luke mahaia, eta segurtasunarekin. Hori ez da gertatzen gure ofizioan. Mila eta batgarren testua da berriro ere presioa, sufrimendua, poza… Lehia bat da, borroka bat. Nik hala ikusten dut. Zer aldatzen da? Ikasi egiten duzu presio hori jasaten eta horrekin aurrera egiten, eta zeure burua engainatzen. Ikasi egiten duzu hori maneiatzen. Eta askatasunarena gauza bera da. Azken batean da presioa zure gainetik kentzea, eta idaztea askeago, ez generoaren aurka zaudelako, baizik eta iruditzen zaizulako ez dela beti beharrezkoa. Ondo egongo da Summertime kantaren mila eta batgarren bertsioa egitea, baina ondo egongo da saiatzea beste kantaren bat asmatzen. Uste dut askatasuna irabazi egiten dela idaztearen poderioz.

Esan duzunez, idazten hasi zinetenean desertu baten erdian ikusten zenuten zeuen burua.

Leku huts batean. Diktaduraren garaia alde batetik izan da errepresio garai bat. Hori oso txarra da, bai. Gogoratzen naiz Koldo Izagirre eta biok polizia etxetik pasatu garela Panpina Ustela aldizkariagatik. Bahitu egin zizkiguten hura eta baita hurrengoa ere. Dirua galdu genuen, eta tranpan ibili behar izan genuen deklaratu gabeko beste mila ale zabaltzen eta… Penagarri, penagarri. Panpina Ustela ETAren azken agiria balitz bezala, gordean. Horrek asko-asko-asko mugatzen zaitu. Baina beste alde bat ere badago. Diktadura da batez ere subkultura bat. Jendea bizi da subkultura batean, eta zer esanik Espainia delako batean. Eliza katolikoaren zama eta mundu ikuskera erabat estua zen nagusi. Oso pobrea zen giroa kulturalki, eta gure erreferentzia kulturalak oso urriak ziren. Guri bizitza salbatu digute klasikoek, batez ere klasikoek. Ze klasikoak, zorionez, onak bazeuden. Horiek eta abangoardia mugimenduak eman zigun gazte sentimendu bat. Baina bestela? Horrek guztiak ematen zigun karrika estu eta pobre batean ibiltzearen sentimendua. Gure zoriona orain da asko zabaldu dela karrika hori. Oraindik paradisua ez da ikusten, baina askoz ere zabalago gabiltza.

Euskadi sari honek akaso liburua beste saritu du askatasunez idazteko saio hori?

Niretzat liburu honen klabea da azpian dagoen geruza poetiko bat. Hor dago poesia bat, nire ustez testu guztiei arnasa pixka bat ematen diena. Beti dago zer edo zer azpitik, ez dena nabarmentzen begi aurrean. Baliorik baldin badu, hori da niretzat liburuak duen baliorik handiena. Gero, irakurlea zein bere etxekoa da, eta, nahiz eta jende gehienak pasarte berak nabarmendu dizkidan, denetatik egon da. Liburua nolabait da soka bat bezala, eta batzuk korapilo batean geratzen dira, eta beste batzuk bestean.

Azkenekoz hitz egin genuenean zure lanek izaten duten harreraz aritu ginen. Gorabeheratsu igartzen zenuen erantzuna maiz. Halako sariekin sentsazio hori lasaituko zaizula pentsatzen dut.

Egia aitortu behar badizut, horrekin jadanik lasaituta nengoen. Ez dut gogoratzen Obabakoak-ez geroztik halako erantzun berezi eta ugaria. Eta erdaraz ere bai. Zenbat erantzun izan diren benetakoak. Jendeak idatzi egin dit; ez dit jarri lerro bat. Ez dut esajeratu nahi, eta igual izango dira laurogei edo ehun. Orduan pentsatzen duzu jende batengana iristen ari dela lana, beste batzuengana orain ez dela iristen ari, eta beste batzuengana ez da sekula iritsiko. Baina hor dago irakurlearen esparrua. Irakurleak asko egiten du. Jasotzailearen partea ere handia da. Hartzaileak badauka eskubide hori esateko ez duela ezer jakin nahi lan horrekin.

Idazlea aske den neurri berean dela irakurlea ere aske, alegia.

Hori da. Hori oso ongi dago. Benetan nik liburu honekin jaso ditut ustekabe oso-oso ederrak.

Pentsatzen dut halako liburu bat egitean halako harrera izango duzula buruan.

Bai. Hor dago behar bat; ez dakit nola deitu beharko geniokeen. Irakurlea da, baina da interlokutorea edo. Zer edo zer dago hor. Konexio bat dago irakurle izatea baino sakonagoa dena. Zaila da zehazten zer den hori, baina irakurlea baino zerbait gehiago da. Erlijioak hori dena soluzionatua du; horri erlijioak deitzen dio komunioa. Halako komunio espirituala deituko diogu, beraz, baina hitzak erlijioari hartuta

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.