Etxea ere ez da babesleku

Lander Muñagorri Garmendia / 2014-10-01 / 1.080 hitz

Etxe barruko airea kanpokoa baino bi eta hamar aldiz kutsatuago egon daiteke, ingurumena bermatzeko EPA agentzia estatubatuarrak egindako ikerketaren arabera. Etxeetan produktu toxikoak gero eta gehiago erabiltzen dira, eta horiek ondorioak eragiten ari dira.

«Zikintzen garbitzen ditugu gure etxeak». Paradoxikoa dirudi esaldiak, baina Mariano Bueno bioeraikuntzako adituaren hitzak argigarriak dira horren inguruko arrazoiak ematen dituenean. Etxea garbitzeko produktuei buruz ari da, bakterio denak desagerrarazteko baliagarriak direnak, baina ondoren aztarna uzten dutenak. Aztarna toxikoa, hain zuzen ere. «Produktu toxiko ugari erabiltzen ditugu garbiketarako, eta horiek etxean bertan geratzen dira gure osasunaren kalterako». Baina garbitzeko produktuak ez dira etxean partikula toxiko edo kaltegarriak uzten dituzten elementu bakarrak. Besteak beste, eraikuntzan erabilitako produktuetan, elikagaietan, etxetresna elektrikoetan edo kosmetika arloan ere topatu baitaitezke osasunari kalte eragin diezaioketen produktuak.

Hori horrela izaki, herritarren artean zabalduta dagoen ustea gezurtatu du Elisabet Silvestre biologoak. «Oso zabalduta dago etxean kutsaduratik salbu bizi garen ustea, baina agerikoa da hori ez dela horrela». Ziur dago horretaz, eta, horretarako, ingurumena bermatzeko EPA agentzia estatubatuarrak joan den urtean egin zuen ikerketa aipatu du. Egindako neurketen arabera, etxe barruan arnasten dugun airea kanpokoa baino bi eta hamar aldiz kutsatuago egon daitekeela dio ikerketak. «Kalean kutsadura dago, bai, baina etxe barruko kontzentrazio maila handiagoa izan daiteke produktu toxiko ugari erabiltzen ditugulako espazio askoz ere txikiago batean». Horregatik, produktu toxikoei alternatibak jartzen hasi aurretik, aholku argigarria eman du Silvestrek: etxea egunero 15 eta 20 minutuz aireberritzea.

EPA agentziak egindako azterketak ez ditu harritu etxeko produktuak aztertzen dituzten ikerlariak. «Gure etxean ere salbu ez gauden irudipena izan dezakegula eman dezake, baina nola egon ahalko gara salbu osasuntsu ez dagoen mundu batean?», galdegin du Buenok. Baina hitz horiek sorrarazi dezaketen alarmismorik ez du eragin nahi. Alderantziz. «Herritarrei informazioa eman behar zaie, jakin beharra daukate zein produktu erabiltzen ditugun egunerokoan, eta zein eragin izan ditzaketen horiek gure osasunean. Okerragoa litzateke ezer ere ez jakitea». Informatzeko asmo hori ere argi dauka Silvestrek, eta, horregatik, Vivir sin tóxicos (Toxikorik gabe bizi) liburua argitaratu du urte honetan bertan. «Produktu toxikoekin harremanetan gaude egunero, baina jendeak ez daki ezer horren inguruan». Haren hitzek alarmismorako joera handiagoa daukatela dirudi: «Egungo gizartearen garapena ez da debaldekoa; ez gara jakitun zein den ordaintzen ari garen faktura».

Datua ere eman du, gainera. Garatutako herrialde bateko biztanle batek 120.000 eta 150.000 produktu kimikorekin dauka harremana. «Horietako batzuek gure organismoan zein eragin daukaten ikertuta dago, baina ‘koktel efektua’ deitzen zaion horren inguruan oraindik ez dakigu ezer». Hau da, produktu horien sinergiak eragin ditzaketen ondorioak ez daude zenbatuta. Hori dela eta, produktu kimiko horiek sor ditzaketen benetako ondorioak zeintzuk izango diren ere ez daki biologoak.

Edozein modutan, etxeetan erabiltzen diren produktuen inguruko ikerketak etengabe egiten direla gogorarazi du Buenok. Horien eraginez, duela 30 edo 40 urte erabiltzen ziren produktuak kaltegarriak zirela ebatzi, eta horiek debekatu izan dituzte. Gainera, garai hartan egiten ziren ikerketek zerikusi gutxi zeukaten gaur egungoekin. «Lehen, esaterako, DL50 testa igarotzen ez zituzten produktuak bakarrik debekatzen zituzten». Test horren arabera, aztertzen ari ziren produktua arratoiei ematen zitzaien janariarekin nahastuta. Arratoien erdiak hiltzen baldin baziren, produktu hori ez zen merkaturatzen, eta debekatu egiten zen. «Baina ez zen ikertzen elementu horiekin kontaktuan denbora luzean egon ondorengo eraginik». Hau da, minbizia edo bestelako gaixotasunik sortzen ote zuen. Hori dela eta, gaur egun oraindik garai hartako eraginak azaleratzen diren kasurik bada. Horien artean, kasurik ezagunena amiantoarena izan daiteke. «Produktu horrekin tentu handiz ibili behar da etxebizitzetan, iraganean isolatzaile gisa erabiltzen baitzen, eta oraindik leku askotan jarrita dago».

Baina iraganari begiratzen dion bezala, gaur egungoaz ere kezkatuta dago Bueno. Izan ere, etxean dauden produktu ugari «zaintzapean» daudela dio. «Horregatik, ez litzateke harritzekoa izango hemendik hamar urtera gaur erabilgarriak direnak debekatuta egotea».

Inguruari tentuz begiratu

Mezu horiek guztiak «psikosia» eragin dezaketela jakitun da Bueno. Horregatik, gomendio bat egin du ororen gainetik: produktu bat erabili aurretik argibideak irakurtzea. Baina horretaz gain, bestelako alternatibak egon badaudela argi utzi izan nahi du Silvestrek. «Etiketari begiratuta, hor azaltzen diren elementuak ez ezagutzea normala da oso; beraz, horiek saihesteko trikimailu asko erabil daitezke», hark dioenez. Esaterako, etxea garbitzeko garaian, ozpin zuria, bikarbonatoa, limoia eta xaboi neutroa erabiltzea gomendatzen du. «Horiekin etxea garbitu ahal izateko osagaiak lor ditzakegu». Eta ez hori bakarrik, detergenteak erabili nahi izanez gero, gaur egun ekologikoki ekoitzitako hainbat aukera daudela gogorarazi du. «Toxikoei aurre egiteko, gero eta pisu handiagoa hartzen ari da alternatiba ekologikoa, eta gauza interesgarri asko topatu daitezke bertan». Horregatik, ingurura begiratu eta merkatuko aukerak aztertzeko gonbita egin du.

Ez hori bakarrik, partikula toxikoak garbitzeko elikagai freskoak jatea gomendatu ohi dela ere gogoratu du Buenok. «Gorputzean metatuz joaten diren osagai kaltegarriak garbitzeko betebeharra betetzen dute barazki eta fruituek». Horrez gain, prebentzio lana egiten dutela ere badio. Baina elikagaiak ere begi puntuaren erdian daude kasu askotan. Izan ere, ortuko barazki eta fruituei bota izan zaizkien intsektizida asko toxikoak direla azpimarratu du. «Eta horiek ondoren jan egiten ditugu, oraindik zein ondorio dituzten jakin ere egin gabe».

Ekologikoki ekoitzitako barazki eta fruitu batzuek ere izan dezakete hondakin toxikorik. «Gertatu izan da produktu ekologikoetan halakorik topatzea, baina horrek ez du esan nahi prozesua behar bezala bete ez denik». Alderantziz. «Ortuetan urte luzeetan erabili dira intsektizida eta ongarriak, horiek zer ziren jakin ere egin gabe. Orain kaltegarriak direla jakinda ez dira erabiltzen, baina osagai horiek lurrean bertan geratu dira». Edozein modutan, argi utzi gura izan du horrek ez duela esan nahi produktu ekologiko guztiek hondakin toxikoak dituztenik. «Hori gerta daitekeela ere jakin beharra dago».

Hori horrela izaki, elikadura kate osoari eragiten dio, ortuetako soberakinak jaten dituzten animaliak ere kutsatzen direlako era honetan. «Eta zer esanik ez arrandegietan erosten ditugun arrainak». Horiek ez dute ortuko produkturik jaten, baina itsasoratu izan diren metal eta produktu toxiko guztiak barneratzen dituzte. Hori arrain handietan da nabarmenena: «Elikagai gehiago behar dute, eta, horren ondorioz, kutsatuago daudela esan daiteke».

Gero eta alergia gehiago

Toxikoen presentzia gero eta nabarmenagoak ondorengo belaunaldiei eragingo diela uste dute adituek. Eta dagoeneko ondorioak sumatzen ari garela uste du Buenok. Eta hori alergia kasuen hazkundearekin lotu du. «Molekula organikoak beti egon dira gure inguruan, baina sintetikoak sortu direnean sortu da arazoa», hasi da azaltzen. «Sintetiko batzuk organikoak ordezkatzeko sortu dira, eta, biak antzekoak izan daitezkeen arren, gorputzera iristen direnean horrek ez du ezagutzen sintetikoa dena». Hori dela eta, produktu horrekiko alergia garatzen du. Ingurumenean gero eta produktu toxiko gehiago egoteak, beraz, alergien gorakadan zerikusi zuzena izan dezakeela uste du horregatik.

Ondorioak sumatzen hasi garen arren, aurrerantzean areagotu egingo direla ziur da bera. «Gizarte hobe bat nahi genuen, etxe merkeagoak eta bizi-kalitate hobea. Asmoa ona izan zitekeen arren, ondorioak kaltegarriak izan daitezke», dio. Ez da oso baikorra, baina prebentzioan sinesten du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude