Euskara, eskuara, euskera eta abarrak

Iñigo Astiz / 2014-10-04 / 1.294 hitz

SERIEA. Euskara batuak 50 urte (V). Euskalkien lekua

Mende erdi pasa, eta mahai gainean jarraitzen du oraindik euskara batuaren eta euskalkien bizikidetzari buruzko eztabaida. Biak elkarren osagarri direla diote adituek, baina maiz elkarren aurkakotzat jo direla.

Argi: euskalkiak dira euskara batuaren historiako harri koskorra. Batasun prozesuak abiada hartu zuenetik 50 urte joan diren arren, itxi gabe dago eztabaida. Aspalditik da handia hizkuntza estandarraren gaineko kontsentsua. 1978an egin zuen, Bergaran, Euskaltzaindiak hamar urte lehenago hartutako erabakien jarraipen biltzarra, eta argi ikusi zuten batasunaren arrakasta bertan bildutako hizkuntzalari eta soziologoek. Baina egun hartan zehaztu zuten egiteko gelditu zitzaiena ere. Egindako hitzarmeneko bosgarren puntuan dator esaldia: «Euskalkiak eta tokian tokiko hizkerak aztertu eta landu behar direla uste du [Euskaltzaindiak]». Arrazoi soziolinguistikoek bilakatu zuten euskara batuaren muina Sara, Elizondo eta Oiartzungo euskarek osatutako ardatza, eta minduta sentitu ziren horregatik erdialde horretatik urrun ziren zenbait euskaldun. Gaur egun ere, nagusiki arrazoi soziolinguistikoek zailtzen dute batuaren eta euskalkien arteko bizikidetza. Eta batuaren eredua aski onartuta eta aski hedatuta dagoela ere, ozen jarraitzen du eztabaidak. Agian ozenago, batua aski onartuta eta aski hedatuta dagoelako. «Euskalkien buelta» izendatu du mugimendua Igone Etxebarriak, Labayru ikastegiko kideak. Irmo, Koldo Zuazo euskaltzain urgazle eta euskalki ikerlariak ere. «Euskalkien polemika bizirik eta konpondu gabe dago».

Ulertzen du mina Zuazok. «Bizkai aldeko eta Zuberoako euskalkiak oso baztertuta gelditu dira eta, beraz, badute minduta egoteko arrazoia». Defendatzen du, ordea, euskara batua sortzerakoan egin zen hautua. «Gauza da ‘euskaldun’ bezala jokatu beharra zegoela, Euskal Herri osorako balioko zuen ‘hizkuntza nazionala’ egituratu beharra zegoela eta, alde horretatik, zuzena zen Txillardegiren ikuspegia; zegoen aukera zuzen bakarra». Pedagogia falta da arazoa, dioenez. «Euskara batua egitea sekulako aurrerapausoa izan da; geure historia guztian egin dugun handiena, nire iritzian. Baina ez da garbi adierazi noiz eta non erabili behar den euskara batua. Gainera, iritzi okerrak zabaldu dira. Askoren ustez, euskara batua da euskara ‘ona, garbia eta dotorea’ eta euskalkiak, berriz, jende basatiaren mintzamoldeak, erdarakadaz beteak, zuzentasun eta dotoretasunik gabeak. Irakaskuntzan, esate baterako, ez da sekula erakutsi zein den batuaren eta euskalkien lekua eta, hori dela eta, gaur egun bertan ere aldrebeskeria ugari ikusten da bazterretan».

Soziolinguistikaren zama

Zama handia du soziolinguistikak, halere. Argi ageri da hori Ibon Sarasola euskaltzainak Euskara batuaren ajeak izeneko liburuko hitzaurrean (1997, Elkar). Amildegi bat igartzen du. «Bigarren mailako aldeak baztertuz gero, bi euskalki ditu gaur egun euskarak: Iparraldekoa bat, frantsesaren eragina nabari duena; bestea, Hegoaldeko euskalkia, errotik espainolaren mende dagoena, eta askoren aho-lumetan beste ezer baino gehiago chicano moduko bat dirudiena. (…) Zeren etsita bainago, batasuna hezur mamitu genuen belaunaldiko jendeak, batasun hura orain egin behar bagenu, arri eta erri idaztea bultzatuko genukeela: ahaztua dugu Iparraldea ezin baztertuzko kontua dugula, are Hegoaldean euskarari beregain iraunarazteko». Onartzen ditu zailtasun horiek Zuazok ere Euskara Batua ezina ekinez egina liburuan (Elkar 2005): «Bada zer hobetua eta zer aldatua». Baina Sarasolarena baino baikorragoa da haren analisia. «Hizkuntza eta Herria bere osotasunean ikusten hasi gara. Ez gara, dagoeneko, norbere euskalkira eta norbere herrialdera begira bizi, eta Pirinio mendiak ere ez dira, dagoeneko, iraganezinezko hesi».

Izan da hirugarren biderik ere euskalkien inguruko eztabaidan. Labayru ikastegiarena, esaterako: euskara batuaren alde bai, baina bizkaieratik abiatuta. «Dakigunetik ez dakigunera, hizketa bizitik hizkuntza idatzira, bizkaieratik batura». Mikel Zaratek sortutako kantuaren hitzak aipatu ditu Igone Etxebarria filologo eta literatura adituak elkartearen jarrera azaltzeko. «Batua ulertzeko moduak asko egon dira beti, eta euskalkiak ulertzekoak be bai. Euskarazaleak taldekoek eta Euskarazaintzakoek h-rik ez zuten hartu eta erabaki zuten beste gramatika eta beste grafia bat erabiltzea. Labayruk beti pentsatu du batasuna behar zela, baina batasun hori egin behar zela behetik gorantz». Labayruren Derioko udako ikastaroetan hasi zen alfabetatzen bera, eta buelta osoa emanda, alfabetatze taldeetako irakasle ere aritu zen gero. «Euskara ikasten egon ginenak denak ginen euskaldun-euskaldunak, etxeko euskaldunak, eta guk hartzen genituen bakoitzaren berezitasunak aberastasuntzat. Esaten genuena idatzira ekartzen ikastea zen erronka, baina betiere ortografian batasunerako arauak onartuta». Izan ere, hori zen leloa: «Dakigunetik ez dakigunera».

Martitzen diren astearteak

Pendulu baten modura irudikatzen du eztabaida Etxebarriak. Muturretik muturrera. «Daukadan inpresioa da garai batean, Franco hil zenean eta ostean, gizartean, politikan eta beste hainbat alorretan egon zela aldaketa itzela, eta polemika hau be apur bat polarizatu egin zela. Batuaren aldekoak ziren sozialistenak, abertzaleenak, progreenak eta besteak ziren karkak, elizkoiak… Halako kontzeptu manikeoak sortu ziren, eta ez ziren justuak». Muturreko bat baino gehiago ere egon zen, gainera, muturretik muturrerako bidean. «Bizkaiera defendatu duten beste batzuei moduan, guri be leporatu digute batuaren kontra egotea, baina hori egundo be ez da horrela izan. Kontua zen Labayrun batua ez zela ulertzen goitik beherako inposizio moduan». Astegunen izenak aipatzen ditu adibidetzat. Asteartea ezarri, eta martitzena baztertzeko proposamena egiten zuten zenbaitek, baina horren aurka azaldu zen Labayru, eta horren aurka Etxebarria ere. «Nik egun be defenditzen dut asteazkena ikastea, baina nik gura dut nire umeek eguaztena esatea».

«Nik badakit pendulua momentu batzuetan beste muturrera be joan dela», onartzen du. «Herri aldizkariak ugaritu diren sasoian, batuzalerik handienek be esan dute herriko jendeari ezin zaiola horrela idatzi, baina herriko jendeak aditzeko zelan idatzi orduan? Bada, esaten den moduan! Labayruk ez du hori egundo defendatu. Fonetismo guztiak eta laburdurak eta ahalik eta lokalen eginda… Hori leitzea da gogorra. Begietatik ez da sartzen, belarrietatik bai. Baina hori da eredua? Hori izan da penduluaren beste muturra, baina ez dakit joera apur bat baretu ez den. Uste dut horrek bere goia jo duela».

Zientzia hizkera gaztetxean

Denborarekin hirugarren bidea hobeki ulertu du jendeak. Hala sentitzen du Etxebarriak behintzat. «Beharrizan berriak sortu dira», azaldu du. «Lehenengo zen batasuna, eta egin behar zen gogor, konpromisoa behar zen aurrera egiteko. Hori aditzekoa da. Baina behin bide hori erabaki zenean, heldu zen bide hori ugaritzeko premia, beharrizanak aginduta. Zabaldu behar zen bidea. Alor guztietara eraman behar zen euskara, hizkuntza kolokiala sortu behar zen jendea ez dadin erdarara joan… Susterra sartu dugu, batasuna bagoaz egiten, baina hezur nagusiak eginda daudenez, haragia ipini behar zaio, eta haragi hori osatzeko hartu behar da dagoen lekuetatik. Eta erabiltzen diren euskeretan dago haragi hori». Adibidea berriz: korrika. «Hori esaten jakin behar da, baina zure etxean galapan esan bada zergatik ez duzu ba esango. Hori be batua da, baina ez da beti egon barneratuta hori ere batua denik». Eta orain badago barneratuta? «Hori jada normaltasunez hartzen da», Etxebarriaren lehen erantzuna. Baina zehaztasuna egin du gero: «Normaltasunez-edo gutxienez bai».

Onartzen du aktas historikoa Zuazok ere. Kanpora begira jarri beharraz mintzo da horregatik. «Garbi dago ez dakigula ‘hizkuntza’ zer den. Hori ikastea da helburua, eta, hori ikasteko, nazioarteko hizkuntza normalizatuen bideari erreparatzea da ezinbesteko». Azaltzen du bere jarrera: «Joan den hamarkadetan euskara ‘zabaltzea’ izan da gure helburu nagusia: euskara esparru guztietan sartzea, dela irakaskuntzan, dela administrazioan, dela hedabideetan… eta, jakina, euskaldunen kopurua haztea. Baina erabiltzen genuen euskararen izaeraz ez gara batere arduratu. Esate baterako, euskara batu bera erabili dugu Lapuebla de Labarca herri erdaldunean eta Abadiño herri euskaldunean, euskara batu berbera Urdiain herri nafarrean eta Arrasate mendebalekoan. Euskara berbera erabili dugu ikerketa zientifiko batean eta gaztetxe bateko kartela idatzi dugunean». Eta horregatik aipatu du hizkuntza zer den ez jakitearen kontua. Aldaera horiek ere badirelako hizkuntzaren parte. Eta parte garrantzitsua, gainera.

Garo eta arbel usaina

Erronkan deskribatu zuen Koldo Mitxelenak euskara 1951n. «Larre-izkuntza dena kale-izkuntza biur dadin, ain maite dugun ‘garo-usaia’ —norbaitek ‘gorotz usaia’ esango luke— zertxobait galtzea naitaezkoa izango du». Eta erronkan deskribatzen du Zuazok orain ere. Bidegurutzean berriz, euskara batuak bultzada hartu zuenetik 50 urte bete direnean. «Gazte askok ‘artifizialtzat’, ‘eskolakotzat’ jotzen du euskara batua; euskalkiak, aldiz, ‘lagunarterako’ ikusten ditu egoki. Arestian esan dut euskara batua zer den: euskaldunon hizkuntza nazionala. Gauza da euskara batuaren barruan ez dugula ‘estandar kolokial’ bat landu eta horrexegatik lotzen dute gazteek ‘eskolako’ euskararekin, eta horrexegatik ez dute estimatzen eta erabiltzen. Argi dago, beraz, ‘lagunarteko batua’ sortzen eta lantzen ez dugun bitartean, gazteak erdara erabiltzera bultzatzen ari garela. Eremu erdaldunetan bizi direnei gehienbat, euskalkirik ez daukatenez, eskolako euskara batua jasoegia eta pedanteegia iruditzen zaie». Hori Zuazoren diagnosia: garo usaina aspaldi gaindituta, arbel usaina zertxobait galdu beharrean dago orain euskara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.