Labetxuko koloreak

Mikel Arrizabalaga / 2014-10-07 / 430 hitz

Jaizkibelgo magalean itsasorantz amiltzen den haran txiki honetako kolore nabarrek ikuskizun paregabea eskaintzen dute.

Pasaia Donibanen hasi eta Higerreko lurmuturrean bukatzen den ibilbide paregabe honetan, askotariko itsaslabarrak, hareharrizko formazio ikusgarriak, kala txiki erakargarriak eta naturak zizelkatu dituen beste makina bat bitxi aurkituko ditugu. Ibilaldi honetan, itsasbazter honetako bitxirik ederrena kontsideratzen den ingurunea bisitatuko dugu: koloreen sinfonia bere baitan musikatzen duen Labetxuko haran eskegia, hain zuzen ere. Koloreen harana ere esaten zaie Labetxuko parajeei, eta hango labirintoetan galtzera gonbidatuko gaitu, argiak sortzen dituen kolore anitzen jokoetan murgilduz. Hamaika aukera eskaintzen dituen leku ikusgarri honek formazio geologiko askotarikoak xehetasunez janzten ditu. Naturak gurekin jolasten du argiaren magiaz baliatuz.

Jaizkibelgo errepideko (GI-3440) 9. kilometroaren ondoan dagoen aparkalekuan ibilgailua utzi, eta ehunen bat metro bertatik bete eta gero, hau laga, eskuinean ikusiko dugun ataka gainditu eta aurrez aurre ikusiko dugun Atzeingo muinorantz doan xendatik aurrera egingo dugu. Remigio Mendibururen Herrien Batasuna eskulturaren ondora iristean, gure mendean itsasertzeraino amiltzen diren Jaizkibelgo magal berdeak. Harresiaren paraleloan marrazten den xenda ikusgaitza bilatu eta erraz galduko dugu altuera. Pista zabala gurutzatu, eta batere arazorik gabe Gaztarrotz baserriaren aurrien ondora helduko gara.

Harresi handira gerturatu, eta, hantxe, bigarren bidean ikusiko dugu gainditzeko pasoa (Marpasa hitza eta lauburu bat harrian zizelkaturik). Gainaldera atera, eta zuzen-zuzenean kosta alderantz jaisten hasiko gara. Putrekabi haranaren hasieran kokatuta, Labetxuko arroa osatzen duen mendebaldeko ezproitik jarraitu behar da jaisten. Baso txikian murgiltzen den xendari segituz, Pasaia Donibanetik datorren bidezidor nagusiarekin bat egin eta harkaitz nagusiaren gainera iritsiko gara. Sakonunera jaisteko dagoen bide bakarra kontu handiz hartuko dugu, tarte batean soka baten laguntza izango dugularik.

Sakonunera ailegatzean, Jaizkibelgo itsasertzeko bitxirik preziatuenarekin egingo dugu topo, ezkutuan gordetzen den altxor ikusgarriarekin. Hamaika bidezidorrek ingurune horretako bazterrak zeharkatzen dituzte, eta, bide batez, beren hormetan aurkituko ditugun kolore eta irudiez gozatzera gonbidatu. Gazta betan itxura duten harkaitzetan kolore anitzak aurkituko ditugu: gorriztak, horiztek, zuriak, grisak, okreak, nabarrak… koloreen sinfonia paregabea! Mendeetan zehar, hareharri hauetan euriak eta errekak iragaziz, karbonatozko zementua disolbatu eta hondar-aleak askatu dituzte zuloak han-hemenka sortuz. Gaur egun, zulo horiek era askotako formak hartzen dituzte (hostopilak, abaraskak…) eta duten burdinagatik, oxidatu eta kolore bereziak agertzen dituzte. Hareharrizko formazio hauek oso hauskorrak dira, beraz tentu handiz ibili behar da gure bisitaren arrastorik utzi nahi ez badugu.

Abiapuntura itzultzeko orduan, errekaren beste aldera pasatu eta garo artean zabaltzen den xendan barrena pista zabal batera igo eta Lekueta izenez ezaguna den ingurura igoko gara. Bide hori zeharkatzen duten pistak albo batera utzi, eta aurrez aurre ikusiko dugun Artzaingo muinorantz zuzenduko ditugu urratsak. Aldapa pikoa gainditu, muinora igo eta gertu dagoen errepidera aterako gara, ibilgailua aparkatuta utzi dugun laurehun bat metro lehenago

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.