Kantua isiltzeko bidean da

Araitz Muguruza / 2014-11-14 / 1.035 hitz

Europako landaguneetako hegaztien populazioak beherakada handia izan du 30 urte hauetan: 431 milioi txori gutxiago daude. Batez ere, XX. mendeko nekazaritza eta abeltzaintza ustiaketak eragin du hori; izan ere, lurren kudeaketa industrialak degradatu egin du bioaniztasuna.

Udaberriaren etorrera iragartzen du enaren txortxor hotsak. Afrikatik etorri berritan jartzen dituzte habiak zuhaixka edo teilapeetan, jatekoa gertu duten inguruetan. Intsektujaleak dira, eta giroa epeltzearekin batera hartzen dute tokia atzera Euskal Herrian eta Europan. Urtetik urtera, baina, bizi-baldintzak gogortzen ari zaizkie enarei: garestiago dute bizimodua. Enarei bezalaxe, txolarreei, usapalei, galeperrei… Datu bakarrean bildu berri du haien egoera Ecology Letters aldizkariak: 421 milioi txori hil dira azken 30 urteetan Europan; batez ere nekazaritza ustiaketa industrialen eraginez, habitatak poliki-poliki degradatuz joan dira, eta joango dira.

Kopurua halakoa izateko susmoa bazuen Ramon Elosegi Seobirdlife elkarteko Hego Euskal Herriko ordezkariak. Urtero egiten dituzte zenbaketak, eta ikusten zuten nola zihoazen beherantz kopuruak. Hegaztiak bioaniztasunaren adierazgarri nagusiak direla nabarmendu du Elosegik: «Hegazti espezie bat galtzen ari bada, hura bizi den habitata degradatzen ari den seinale da».

Landaguneak bizitoki dituzten txoriek izan dute galera handiena; orain dela gutxi arte «betikoak» zirenek, habia baserri eta baratzeetatik gertu izaten zutenek. Landaguneek aldaketa nabarmenak izan dituztela azaldu du Juan Arizaga Aranzadi zientzia elkarteko ornitologoak: «Landa ingurua homogeneoa da orain: gaur egun, basoek, soroek eta abereek ez dute lehen egiten zuten mosaikoa osatzen». Ekosistema horri lotutako txoriek jasan dute aldaketa okerren. Gizakiek manipulatutako guneak izan arren, txorientzako elikagaien erdigune dira». Elosegik esku artean dituen datuen arabera, 1998tik 2013ra Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan landaguneetako hegaztien %37k egin dute behera. Oker daudenen artean banaketa egiten du Elosegik. «Gariaren edo artoaren hazietatik bizi direnak hegazti intsektujaleak baino gehiago ari dira sufritzen».

Zergatik homogeneizatu dira landaguneak? Urrunegi joan gabe, Europako Batasunetik etorritako neurriengatik izan dela dio Arizagak. «Nekazaritza Politika Bateratuak nekazaritza eta abeltzaintza optimizatzera jo du, eta, aldi berean, industria ustiaketak lehenetsi dira, eta bioaniztasuna apaldu». Arizagaren ustez, baldintza horien eraginez hasi dira nekazariak herbizida eta pestizida kimikoak erabiltzen, lurretik ahalik eta etekin ekonomiko handiena ateratzeko. Parean topatzen duten oro deuseztatzen dute gai kimikoek, eta txoriak elikagairik gabe geratzen ari dira, soroetan ez baita intsekturik ibiltzen, eta, ondorioz, ez dute jatekorik.

Intsektuen kopuruari ere erasan dio neurri berak. «Barazkiei erasotzen dieten intsektuak badaude, bai, baina baita horiez elikatzen diren beste intsektu batzuk ere, armiarmak kasurako», nabarmendu du Arizagak. Hazia jaten dutenek, berriz, jangaiarekin izaten dute arriskua. «Haziei kalterik ez egiteko, produktu kimikoekin inguratzen dituzte, eta, noski, txoriek hura jan, eta pozoituta hiltzen dira», gaineratu du Elosegik.

Ohitura aldaketek ere eragin dute bioaniztasunean, Arizagaren esanetan. «Lursailak bata bestetik bereizteko, zuhaixkak erabiltzen ziren; orain, berriz, aluminiozko hariarekin lotutako hesiak erabiltzen dira. Gainera, lursailak handiagoak eta ekoizpen bakarrekoak dira, makinak sartzeko askoz ere erosoago izaten delako. Txoriek, beraz, bizitzeko beste leku bat galdu dute».

Baserriak gutxitu egin dira

Europa osoko joera dela dio Arizagak, nekazaritzari eragiten dioten neurri oro Europako Batasunetik baitator. «Garai berean egin da kudeaketa aldaketa, eta, gutxiago edo gehiago, antzera eragiten dute». Horren eraginez, betiko baserrien funtzioa ere aldatu egin da, Arizagaren ustez. «Industrializatu ez diren baserriak gaur egun mendiko txalet bilakatu dira, edo zaletasunagatik aritzen dira abeltzaintzan edo nekazaritzan; egun, ia ez dago garai bateko baserririk: barazkiak, abereak eta basoa izaten zituena». Baserriko produkzioa industrializatu edo albo batera utzi, erabaki hori hartu behar izan dute 30 urteotan. Egoerak behartuta, gehiengoak utzi egin du, eta gutxi batzuek, martxa makaldu.

Urbanizazioa da txorien beste mehatxua. Landaguneetako asko desagertu egin dira. Aldaketa horiek guztiak bere larruan pairatu ditu txolarreak; urtetik urtera %1 egiten du behera haren populazioak. Hauxe ohartarazi du Elosegik: «Txolarreak ezin badie gizarteko aldaketei aurre egin, luze gabe desagertu egingo da».

Enaren galera, berriz, «kolpekoa» ari da izaten, Elosegiren arabera. Abeltzaintzari estuki lotuta bizi dira enarak, ganaduaren gorotzetan izaten diren eltxoak baitituzte elikagai. Bizileku, berriz, etxebizitzetako teilatupeak edo hormetako zuloak dituzte. Antzeko lekuak aurkitzea geroz eta zailagoa dela dio Arizagak: «Lehengo aldean, baserriak askoz ere zainduago daude; ez dute zulo txikirik ere». Elosegi ere ados agertu da. Ugaltzeko garaia ere zailtzen ari zaie, udaberri freskoak egin baititu azken urteetan, eta kumeak hazteko oztopoak sortu zaizkie.

Ehizak ere ez du batere laguntzen. «Lehenago habitata galtzen ari direlako gutxitzen ari badira, pentsa ehizak zenbaterainoko kaltea egin diezaiekeen». Usapala dago egoera horretan, ehizaki ezagunena. «Beherakada etengabea bada, hura ehizatzeari utzi beharko liekete», gaineratu du Aranzadiko ornitologoak. Ehizak lehendik ahulduta dagoen espeziea «arrisku gorrian» jartzen duela gehitu du Elosegik, eta ehiztariak hartu ditu hizpide: «Nabari dute aldaketa ehiztariek: usapal eta galeper gutxiago ikusten dituzte».

Enara eta usapalaz gain, antzandobi arrunta, atalarra, argi-oilarra, buztanzuria eta hegatxabala dira benetako beherakada izaten ari diren beste hegazti espezieetako batzuk. Guztiak landagune Atlantikoan bizi dira.

Basoetakoak, egokiago

Aurkako joera ari da izaten basoetako hegaztiekin: hobetzen ari da haien egoera azkenaldian. Basoei zahartzen uzten zaielako gertatzen dela dio Arizagak, hango ustiaketa ez baita lehen bezain bortitza. Adibide argigarri batekin azaldu du: «1950eko Gipuzkoako argazki batean basoak aurkitzea oso zaila da. Zelai zabalak ikusten dira, abereentzat eta ganaduarentzat egokitutakoak; baserrietako lanak espezializatu ondotik, zelai horiek baso bihurtu dituzte, bai pinudiak landatu dituztelako, bai utzikeriagatik, denboraren poderioz baso bihurtzen baitira, zaindu gabeak, baina basoak». Gipuzkoarako egin bezalatsuko erradiografia egin du Arizagak Bizkairako ere. Izan ere, bi lurralde horiek industrializazio handia izan zuten, Arabak eta Nafarroak ez bezala. «Libre zeuden sail denak ustiatzera jo zuten». Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherea, Nafarroaren antzera, ez dira erabat industrializatu.

Pinua ez da hemengo espeziea, baina hona ondoen egokitutakoa da, Arizagaren arabera. «Zahartutako pinudi batek harizti bateko ekosistemaren ezaugarri berak hartzen ditu». Okilentzako habitat egokia bilakatu da. Harizti eta pagadiak, bestalde, babestutako espezieak dira egun; beraz, osasun hobean dago basoetako txorien betiko habitata.

Halere, balorazio positiborik ez du egin nahi Arizagak: «Basoko txoriak hobeto egoteak ez du aldatzen balantze orokorra; Europako txoriak oro har ari dira jaisten». Elosegik ere bide beretik jo du: «Joera orokorra da; Europako kontinente osoari eragiten dio».

Babesteko, aldaketak behar

Konponbide gisara ikusten du nekazaritza ekologikoa Arizagak, ustiaketa modu horrek bioaniztasunaren alde egiten duelako. Txoriak babestu egin beharko liratekeela uste du Elosegik: «Putreak eta arranoak babestutako hegaztiak dira, eta horiek ez doaz gain behera; aitzitik, handitzen ari da haien populazioa. Akaso horiekin hartu zen antzeko neurria hartu beharko genuke landaguneetako txoriak babesteko, orain arte ez baikara kezkatu ere egin». Biek ala biek 30 urte barru txorien txortxor hotsa ozena eta sarria izatea nahi dute, etengabeko kantua izatea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.