Belaunaldi galdu baten ahotsak

Araitz Muguruza / 2014-12-05 / 1.044 hitz

Nafarroa erdialdeko azken euskaldun zaharrak elkarrizketatu zituen duela 30 urte Koldo Artola etnologoak; ‘Ziorditik Uztarrozeraino’ liburua plazaratu du. Bideoa: elkarrizketa Ignazio Etxarren Urritzolako azken euskal zaharrari (Aranzadi-BerriaTB).

Euskalkien ikerkuntzari «lerro berri bat» erantsi dio Koldo Artola Aranzadi Zientzia Elkarteko etnologoak. Euskal Herriko atlas etnolinguistikoa lanerako (Aranzadi Zientzia Elkartea, 1983-1999) hainbat inkesta egin zituen Artolak Nafarroa erdialdean. Ez zen nolanahiko bilduma, eta horren jakitun zen Fermin Leizaola Aranzadi Zientzia Elkarteko etnografia saileko burua. «Leizaolak ikusi zuen bazegoela zer sakondu bertan; ordura arte egindakoa area bat zen, eta oraingoa hura sakonduko duen lerroa». Horren emaitza da Ziorditik Uztarrozeraino. Nafarroan, euskararen hegoaldeko mugetan barrena liburu sorta. Aranzadi elkartearen bidez kaleratu du.

Orotara, 69 herritako testigantzak bildu ditu Artolak. Belaunaldi galdu bateko azken ahotsak dira, euskalkia transmititu ez zen girokoak. Lehenago asko landu gabeko eskualdeetara ere iritsi da; Sakanara, kasurako. «Lehendabiziko errolda egin nuenean ez nuen askorik sakondu hura; bigarren aldia hobeto aprobetxatzen ahalegindu naiz». Inkesta berriak 1995 eta 2000 artean egin ditu. Ez du uste, hargatik, edukian aldaketarik izango denik. «Inkesta horietan esandakoak ez dira aldatu 80ko hamarkadatik hona, hizlariak 80ko hamarkadan ere bizirik baitzeuden; beraz, ezin dute aldaketa nabarmenik izan». Marcel Cohen hizkuntzalariaren metodologia erabili du lanerako Artolak. Hiru liburuz osatua dago: lehenengo bietan galdeketak eta hari lotutako azalpenak bildu ditu; hirugarrenean grabazioetako testuak sartu ditu.

Galderak eta esaldiak

570 galdera egin ditu guztira. Beste 42 esaldi ere erabili ditu, «erdia galdera, erdia baieztapenak» zirenak, Artolaren arabera. Ariketa moduko bat jarri zien: hiztunek gaztelaniatik euskarara itzuli behar izan zituzten esapideak. Hiztunak oro har moldatu zirela dio, nahiz eta zailtasunak izan zituztenak ere baziren tartean. «Inkesta egindako batzuek urte mordoa zeramaten euskaraz batere hitz egin gabe, eta gehiago kostatu zitzaien». Esaldi horiekin aldaera askotarikoagoa jaso nahi zuen Artolak, alde batetik bestera aldaketa handiagoak izaten direlako. Nafarroa erdialdea aztertu du Artolak, euskalkien hegoaldeko muga: Sakana, Uharte Arakil, Aezkoa, Zaraitzu, Zangoza eta Erronkaribar, besteak beste. Euskalki askoren ingurunea. Artolak, dena den, aurkitzen dizkie antzekotasunak. «Enbor bereko adarrak dira; desberdintasunak eta elkarguneak dituzte». Gogoratu du, bestalde, badirela orain dela bostehun urte euskara batuago zegoela dioten ahotsak. «Teoriek diote azken mendeetan joan direla euskalkiak elkarrengandik bereiziz, urrunduz». Ingurune geografikoak alde horretan eragina izan duela uste du etnologoak. «Mendian bakartuta geratu direnek hobeto mantendu dituzte betiko formak; esapide arkaikoagoak dituzte. Eta gertatzen dira bitxikeria batzuk: Erronkarin erabiltzen duten forma, adibidez, Bizkaian erabiltzen duten beste baten berbera izan daiteke».

Artola pozik dago euskara lehen galzorian egonda orain indarra hartu duelako. Berreskuratzea, dena den, errazagoa izango da euskara mantentzen den inguruneetan. «Motibazio handiagoa izaten da euskaraz egiten den herrietan; hizkuntzara bertaratzea errazagoa izaten da». Askotariko egoerak ikusten ditu Ziorditik Uztarrozera: «Eskualde batzuetan ez da euskara bakarrik galdu; populazioan ere beherakada handia izan dute. Oso zaila da hara atzera ere euskara sartzea, bere eremua desagertu egin baita». Zaraitzun topatu du adibide garbia. Han lauzpabost euskaldun zahar ezagutu zituen orain dela 30 urte; orain bakarra dagoela dio. Heriotzarekin, euskalkia bera ere eramaten dute. Azken euskaldun horien seme-alabek Iruñerrira jo dute bizitzera, eta batzuk han ari dira euskalduntzen. Artolaren iduriko, hor dago «etorkizun hurbileko borroka». Gogoan izan ditu ikastolak ere, batez ere Erronkarikoa. Eskualde horretako jendea «ahalegin berezia» egiten ari dela dio. Horri lotutako pasadizo bat kontatu du: «Beñat Estornesi omenaldia egin zioten Uztarrozen, duela hamar bat urte; herrian ikusi zuen mugimenduarekin zeharo hunkituta geratu zen. Itxaropena eman zion».

Aezkoan, esaterako, euskalkia berreskuratzen ari dira. Berri ona da Artolarentzat: «Eutsi nahi diote; ilusioa egiten du horrek».

Hitz egiten ez, abesten bai

Galdeketak egiten ibili zenean «oso harrera ona» izan zuela gogoratu du Artolak. Sekretu handirik ez dela behar dio: «Adineko jendearengana goxo-goxo joaten bazara, abegikorrak izaten dira». Galdeketen bidez, bestelako informazioa ere bildu nahi izan du. Bizimoduari lotutako galderak egiten zizkien. «Baserriko kontuez, prozesioak nolakoak izaten ziren edo beren eskola garaiaz galdetzen nien, besteak beste». Hizketan bakarrik ez zuten egiten, gainera. Otoitzak edo abestiak gogorarazi zizkien euskara galduta dutenei ere. «Euskara bazela esateko froga gisa balio dute».

——————–

Ignazio Etxarren, Urritzolako azken euskaldun zaharra: «Etxe honetan bakarrik egiten da euskaraz»

Lehen eta orain, Etxarren da Urritzolako euskal hiztun bakarra.

txetik jaso zuen euskara Ignazio Etxarren Lakuntzak (Urritzola, Nafarroa, 1933), eta etxean mantendu du. Urritzolako azken euskaldun zaharra eta eskualdeko zaharrenetarikoa da. Bere anai-arreben artean, berak baino ez dio eutsi ama hizkuntzari. Koldo Artola etnologoak Bautista Etxarren elkarrizketatu zuen Ziorditik Uztarrozeraino libururako, Ignazio Etxarrenen aita.

Nolako herria zen Urritzola zu gaztea zinen garaian?

Txikia, nahiz eta orain baino jende gehiago bizi zen. Baserritarrak ziren biztanle gehienak, baita gu ere. Haurrak ginela pilotan aritzen ginen batez ere; bestela, lanean.

Euskara entzuten zen kalean?

Ez, etxean bakarrik egiten genuen guk, eta herri osoan etxe honetan bakarrik egiten zen. Gurasoekin egiten genuen euskaraz; gure etxean, gainera, Lizarragatik etorritako bi neskamek lan egiten zuten, eta horiek amarekin euskaraz egiten zuten. Nik haiei entzunez ikasi nuen. Lehen, gure familia zen euskaraz mintzatzen zen bakarra; orain, berriz, ni naiz azken hiztuna.

Ongi moldatzen zara.

Ez pentsa, baldarrago egiten dut. Ez dut norekin hitz egin.

Anai-arreben artean ere egiten duzue euskaraz?

Geure artean ez dugu egiten euskaraz. Ulertzen dute, baina ez zuten ikasten jakin. Ni zaharrena naiz, eta besteak baino talentu handiagokoa [irribarre egin du]. Amak guk ulertzea nahi ez zuen zerbait esan nahi zionean neskameari, euskara erabiltzen zuen.

Zuk, ordea, ulertu egingo zenien…

Besteek baino aiseago bai. Zaharrena izaki, denerako aurrena izan nintzen ni.

Nongoak ziren zure gurasoak?

Ama Irañetakoa; aita, berriz, bertakoa, Urritzolakoa. Amarekin dena euskaraz egiten nuen, baina aitarekin ez horrenbeste.

Baserri handia zen zuena?

Ahotz mordoa, errota eta ganbara genituen. Aita idiekin aritzen zen lanean, lurra bueltatzen eta. Ortua landu, erein eta bildu egiten genuen. Lana latz egin genuen. Nik ere bizimodu bera hartu nuen.

Eskolan gaztelaniaz aritzen zineten?

Berez bai, baina maistrak bazekien euskaraz, eta niri euskaraz egiten zidan. Gure amarekin ere hala egiten zuen. Hamabi bat lagun joaten ginen eskolara, inguruko herrietakoak denak. Ni nintzen gelako zaharrena.

Bi seme ere badituzu; Iruñean bizi dira biak. Ikasi al dute euskaraz?

Txikiak zirenean bazekiten apur bat, eta ulertu ere ulertzen dute; gutxi, ordea. Seme-alabak ere badituzte; dagoeneko gaztetxo eginak daude. Bilobetan zaharrena ari da euskaraz ikasten, eskolan.

Biztanleria jaitsi da azken urteetan?

Asko. Gazteak hirira joan dira; horietako asko udan baino ez dira etortzen. Gurea bezalako lau etxe betetzen dira udan.

Inguruotan, dena den, badago euskara ikasten ari den jendea. Aldea nabaritu duzu?

Irurtzunera joan naizenetan igarri dut aldea; gehiago egiten da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.