Ikasgelan ere aniztasuna

Gotzon Hermosilla / 2014-12-03 / 1.107 hitz

Ikerketa baten arabera, Gipuzkoako eta Bizkaiko gaztetxoek jarrera positiboa agertzen dute sexu aniztasunaren inguruan, baina gehienek onartzen dute jokabide homofoboen lekuko izan direla.

Asko aurreratu da gazteen arteko harremanetatik jokamolde homofoboak ezabatzeko. Baina asko gelditzen da egiteko. Ondorio hori atera daiteke Eusko Jaurlaritzaren Berdindu zerbitzuak berriki plazaratutako ikerketa aztertuta. Gipuzkoako eta Bizkaiko DBHko ikasleen artean egin dute azterketa, hau da, 13 eta 16 urte bitarteko gaztetxoen artean, eta honako hau da ondorio nagusia: gaztetxoek badute arau heterosexistatik kanpoko harremanen berri, gehienek ezagutzen dituzte arau horrekin bat ez datozen pertsonak, eta, ahoz behintzat, jarrera toleranteak erakusten dituzte horien inguruan; baina, aldi berean, gehien-gehienek onartzen dute izan direla eraso, irain, laido eta bestelako jokabide homofoboen lekuko. Eta jokabide horien kontrako gaitzespena askoz argiagoa da nesken artean mutilen artean baino.

Ikerketa hori Gehitu eta Guztiok elkarteek egin dute, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko Familia Politika eta Gizarte Garapeneko Zuzendaritzaren laguntzaz, bi elkarte horiek esku hartu duten Gipuzkoako eta Bizkaiko ikastetxeetan, 2013-14ko ikasturtean.

Zehatzak izanik, ez da ikerketa bakarra, bi baizik, baina, erabilitako galdetegiak zenbait arlotan oso antzekoak direnez, horrek aukera ematen du emaitzak erkatu eta ondorio orokorragoak ateratzeko. Asmoa da 2014-15eko ikasturtean berriro ere ikerketa hori egitea eta lehenengo aldiz galdetegi bera erabiltzea bi herrialdeetan. Guztira, ia hiru mila gaztetxok parte hartu dute galdeketan; zehazki, 2.929 ikaslek, neskak zein mutilak. Horietatik, 1.304 Bizkaikoak dira, eta 1.625, berriz, Gipuzkoakoak.

Telebista, erreferentzia

Gaztetxoek badute sexu aniztasunaren berri. Nesken %89k eta mutilen %80k ezagutzen dute gay, lesbiana, transexual edo bisexualen bat edo beste. Baina datu horretan ñabardurak badaude. Alde batetik, gizonezko homosexualak dira gaztetxoentzat LGTB kolektiboen erreferentzia nagusia; lesbianak, bisexualak eta, batez ere, pertsona transexualak askoz ikusezinagoak zaizkie. Eta erreferentzia nagusia telebista da: telebistan agertzen diren LGTB pertsonak ezagutzen dituzte batez ere, horrek dakarren guztiarekin, telebistan sexu aniztasunaren inguruan ematen den irudia ez baita beti egokiena.

Portaera homofoboen inguruan, ikasleei galdetu zaie ea eraso homofoboren bat ikusi ote duten, irain, mehatxu eta zurrumurruak entzun ote dituzten edo zuzenean beraiek izan duten horrelako jokabideren bat. Emaitza nahiko kezkagarria da: Bizkaiko ikasleen %62k eta Gipuzkoakoen %70ek erantzun dute irainen lekuko izan direla. Tratu txar fisikoen kasuan kopuruak asko jaisten dira, baina kezkagarriak dira, hala ere: %22 Bizkaian, %21 Gipuzkoan.

Hala ere, ikasleek, ahoz behintzat, nahiko jarrera irekia erakusten dute sexu aniztasunaren inguruan. Galdetutakoen %75ek jarrera positiboa edo normaltasuna agertzen dute sexu aniztasunaren adierazpenen inguruan, gehiago neskek (%84) mutilek baino (%67). Baina ustezko normaltasun horrek badu ifrentzua: nesken %45ek eta mutilen %36k esan dute klasean norbaitek argi eta garbi adieraziko balu bere sexu joera ez dela heterosexuala, pertsona horrek arazoak izango lituzkeela ikaskideekin.

Zergatik gertatzen da hori? Nahia Rojo Guztiok elkarteko eta Berdindu zerbitzuko kideak uste du pentsamolde politikoki zuzenaren uhinak gazteak ere zipriztindu dituela, gizartearen gainerako sektoreak bezalaxe: «Gazteek ere ikasi dute politikoki zuzenak izaten. Horregatik, ikerketaren emaitzak ikusita, zalantza gelditzen zaigu ikasleen artean jokabidea aldatu ote den edo, besterik gabe, ikasleek ba ote dakiten iruzkin batzuk ezin dituztela egin eta, ondorioz, horiek ezkutatzen saiatzen diren».

Gehituko kide Jesus Estomba ere aritzen da Berdindu zerbitzuan. Haren ustez, sexu aniztasunaren inguruko aurreiritziak hiru mailatan gorpuzten dira: arrazoi edo adimenaren mailan, maila afektibo edo sentimenduenean, eta jokabideenean. «Datu hauen argitara, nik esango nuke arrazoiaren mailan asko ikasi dugula, baina jarrera homofoboen arrastoa mantentzen dela maila afektiboan eta jokabideetan». Bat dator zuzentasun politikoaren inguruan Rojok egiten duen balorazioarekin, baina, era berean, uste du urteotan «asko» aurreratu dela aniztasun afektibo-sexualaz «gaztetxoek dituzten pentsamolde, jarrera, jokabide eta abarretan».

Mutilen erreakzioa

Nola erreakzionatzen dute gaztetxoek portaera homofoboen aurrean? Nesken %71k adierazi dute bere sexu joera dela-eta norbaiti irain edo eraso egiten diotela ikusiko balute pertsona horren defentsan aterako liratekeela. Mutilen artean, baina, asko jaisten da hori: %43k baino ez lukete pertsona hori defendatuko.

Joera hori beste zenbait galderatan ere igar daiteke, Nahia Rojok nabarmendu duenez: «Sexu aniztasunaren inguruan, neskek jarrera positiboagoa dute mutilek baino. Mutilek jarrera homofobo gehiago dituzte. Baieztapen hori bat dator beste ikerketa batzuetan agertzen diren datuekin eta, batez ere, Gehitu elkarteak urte askoan egindako azterketekin».

Sexu bereko bi pertsonaren arteko maitasun adierazpenen inguruko jarreretan ere argi ikusten da sexua aldagai garrantzitsua dela eta erantzunak desberdinak direla nesken eta mutilen kasuan. Neskek mutilek baino askoz onarpen eta normaltasun handiagoa erakusten dute horrelako adierazpenen harira.

Are gehiago: maitasun adierazpen horiek mutilen artean gertatzen direnean ere argi ikusten da mutilak deserosoago daudela eta gutxiago onartzen dituztela, emakumezkoen arteko maitasun adierazpenen kasuan baino. Bi mutilek jendaurrean elkarri maitasuna adierazten diotenean, soilki Bizkaiko mutilen %39k eta Gipuzkoakoen %55ek onartzen dute egoera hori. Maitasun adierazpenak bi neskaren artekoak direnean, onarpen maila igo egiten da mutilen artean: %65 Bizkaian, eta %74 Gipuzkoan.

Txostenean argi agertzen da ondorioa: «Mutilek barneratuagoak dituzte jarrera heterozentristak eta iritzi homofobo eta matxistak, eta badirudi horiek direla zailtasun gehien dutenak gaia normal hartzeko».

———————

Mireia Cifuentes, sexologoa: «Irakasleak konturatzen dira ez dela hain zaila estereotipoak apurtzea»

Hiru adar ditu Eusko Jaurlaritzaren Berdindu zerbitzuak, zerbitzu hori jasotzen dutenen arabera: Berdindu Pertsonak, Berdindu Familiak eta Berdindu Eskolak. Azken horretan egiten du behar Mireia Cifuentes sexologoak (Durango, Bizkaia, 1989), ikastetxeei aniztasun afektibo-sexualaz aholkularitza zerbitzua eskainiz eta irakasleei baliabide teoriko eta praktikoak emanez.

Nolako gabeziak edo zailtasunak izaten dituzte irakasleek sexu aniztasuna landu behar dutenean?

Baliabide falta izateaz gain, zailtasunak izaten dituzte egoera jakin batzuei aurre egin behar dietenean. Bestalde, beldur handiak izaten dute gai horiek jorratzeko, normalean hitz egiten hasiz gero desagertzen direnak. Konturatzen dira ez dela hain zaila sexu aniztasunaren gaia lantzea eta estereotipoak apurtzea ikuspegia apur bat zabalduz gero.

Gurasoak ere beldur izaten dira? Nolako erreakzioak izaten dituzte?

Batzuetan, gurasoek izaten dituzten beldurrak eta irakasleek dituztenak ez dira hain desberdinak. Irakasleak beldur izaten dira familiek nola erreakzionatuko duten jakitean eskolan horrelako gaiak jorratzen dituztela, eta familiak, berriz, beldur dira irakasleek nola jorratuko ote dituzten gai horiek. Baina ez da hainbesterako izaten.

Berriki plazaratu den ikerketan aurrerapausoak sumatzen dira ikasleen jarreretan sexu aniztasunari dagokionez, baina kezkatzeko moduko jokabide batzuk ere bai. Zuk nola ikusten duzu gaia?

Nik pentsatu nahi dut aurrera egin dugula, baina oraindik asko dago egiteko. Oso argi dago politikoki zuzena omen den horren geruza hor dagoela eta ikasleek erreferentziak falta dituztela. Oraindik ere bitasunean hezten ditugu umeak: neskak horrelakoak dira, eta mutilak, aldiz, halakoak. Estereotipo horretatik ateratzen diren pertsona guztiak epaituak izaten dira. Orain ez ditugu neskak arrosaz eta mutilak urdinez janzten, baina, oraindik ere, neskekin ibiltzen den mutila maritxutzat jotzen da.

Ikerketan oso argi gelditzen da mutilek askoz barneratuagoak dituztela jokabide homofoboak.

Matxismoa oso sartuta dago. Egia da aurrerapauso handiak eman direla, baina oraindik ere femeninotzat hartzen diren gauzak bigarren mailakotzat jotzen dira. Hortaz, mutilek ezaugarri horietako bat barneratzen dutenean, egurra ematen diete. Ezaugarri maskulinoak barneratzen dituzten neskak ez dira hain gutxietsiak izaten, baina horretan ere badago beste arrazoi bat, alegia, neska lesbianak ere bigarren mailakotzat jotzen direla.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude