Zer bururatu, hori idatzi

Igor Susaeta / 2014-12-11 / 388 hitz

Pentsamenduari aske utzi, eta eromenaren alderdi txikiei bide egin die Irati Goikoetxeak, ‘Andraizea’ ipuin liburua osatzen duten narrazioetan.

Hasteko, eta badaezpada ere, Irati Goikoetxeak (Beasain,Gipuzkoa, 1984) argi utzi nahi izan du: Andraizea (Erein) ipuin liburua, haren estreinakoa, ez da ez emakumezkotasunari ez eta eromenari buruzkoa ere. Iruditzen zaio, hori bai, eromenaren alderdi positiboak erakusteko ahalegina egin duela, eta, hortaz, hamabost kontakizunez, «zoroaldi txikiz», osatu du liburua. «Sinetsita nagoelako zoroaldi txiki horiek edertzen dutela bizitza». Goikoetxearen iritziz, bizi gara marko formal mugatu batean, eta horrek giro aspertu bat sortzen du. «Niri gehiago interesatzen zaizkit keinu, elkarrizketa, pentsamendu ez-formalak». Horregatik, pentsamenduari bere bidea aske egiten utzi behar zaiolakoan dago. Eta hori «oinarrizko ideia» gisa hartuta, «zer bururatu, hura idatzi» josi du liburua.

Goikoetxeak inoiz entzun izan du hego haizeari andraizea ere deitzen zaiola. Hartara, liburuko hamabost kontakizunetako hamahiruk emakumezko baten izena dute izenburu. Egileak ez du sekula horri buruz ikertu, baina sentipena dauka, «ez dakit zergatik», emakumezkoak ausartagoak, koloretsuagoak, eroagoak direla. «Ozenago egiten dute irribarre». Halere, emakumezko horiek, kontakizunetako izenburuetakoak — Carmen, I-tzz-i-ar, Julia, Pruden, Adela, Esther, Mara, Matilde, Edurne…—, ez dira istorioetako protagonistak. «Asmatutako pertsonaiak dira. Izen horiei begira daudenak dira protagonistak», argitu zuen Goikoetxeak, Donostian, liburuaren aurkezpenean. Hain zuzen, begiradetan sinesten duelako egituratu ditu ipuinak molde horretan. «Sinesten dut begiradek sor ditzaketen hausnarketetan, pentsamenduetan».

Ariketa egokitzat dauka Goikoetxeak norbera bere «pentsamenduarekin hizketan aritzea, hari entzutea». Dena dela, pentsamenduaren beldur garelakoan dago. «Ez dugu tarterik hartzen gure pentsamenduekin jolasteko; ez ditugu kanporatzen. Pentsamenduak mutilatzen ditugu». Haren iritziz, horiek «ahots ezberdin asko» dituzte, eta horietara heltzen ahalegindu da.

Pertsona bereziak dira kontakizunetan agertzen direnak. «Bihotza falta zaie; hildakoak daramatzate ipurdian; hodeiak arrantzatzen dituzte; egun osoa pasa dezakete irakurtzen…». Eta bada, esaterako, bihotzaren erdia daukan bat, lepoak neurtzen dituen ile-apaintzaile bat, eta baita segundoak, minutuak kontatzen maitemintzen den beste pertsonaia bat. Goikoetxearen aburuz zertzeladak dira, zenbakiekin eta «zenbatze kontuekin» egindako jolasak. «Matematika irakaslea naiz, eta horrek, beharbada, edukiko du zerikusirik horretan».

Ukitu surrealista

Inazio Mujika Iraola Erein etxeko editorearentzat prosa inbidiagarria dauka Goikoetxeak; «landua, efektista». Eta iruditzen zaio istorioek ukitu surrealista daukatela. Izan ere, eskua buruaren aurretik joan da askotan, egilearen esanetan. «Ez diot mugarik jarri». Irribarre batekin idatzi ditu kontakizunak. «Ea irakurtzen duenak ere irribarre zabal batekin egiten duen».

Hainbat literatura sariketa irabazitakoa da Goikoetxea, eta 2010 eta 2013 artean ondutako ipuinekin, asko maite dituen erokeriekin, osatu du Andraizea lana.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.