Asisko Urmeneta: «Ostiak banatzeko sortu gara»

Iñigo Astiz / 2015-01-28 / 545 hitz

‘H28’ euskarazko hilabetekari satirikoa sareratu dute gaur Euskal Herriko hamaika marrazkilarik. Irudigileen hitzetan, egurra ezker-eskuin ematea da asmoa.

Eskaintzen dugu gaitzeko lana, ziur aski etsaigoa irabazteko, arrisku legal eta penalak dituena, dirurik hunkitu gabekoa; nola errefusatu halako eskaintza?». Suizidio proposamena dirudite Asisko Urmeneta marrazkilariaren hitzek; baina, halere, berehala jaso dute erantzuna. Marrazkilari lagunen artean hilabetekari satiriko bat egiteko gonbita egin, berehala baiezkoak jaso, eta abian jarri dute jadanik H28 aldizkaria. Sarean argitaratuko dute, eta lehena gaur jarri dute, doan. Hilero argitaratu nahi dute zenbaki bat; hilak 28 dituenean, hain zuzen. Patxi Huarte Zaldieroa, Marc Armspach Marko, Adur Larrea Adur, Unai Iturriaga, Irene Borda, Joseba Larratxe Josevisky, Patxi Gallego eta Ainara Aspiazu Axpi dira parte hartu duten sortzaileetariko batzuk. Esaldi bakarrean eman du Urmenetak aldizkariaren asmo orokorra: «Ezker-eskuin ostiak banatzeko sortu gara; ez lagunak egiteko».

Charlie Hebdo aldizkariaren aurkako erasoak piztu zuen lehen izpia. Adierazpen askatasunari buruz hitz egiteko bildu zituen orain bi aste BERRIA egunkariak Urmeneta, Patxi Huarte Zaldieroa eta Marc Armspach Marko, eta elkarrizketa hartan sortu zen ideia. Urmenetak hauxe bota zuen ordukoan: «Edozein herrialde normalizatuk badu bere aldizkari satirikoa, oso ariketa beharrezkoa baita irri egitea. (…) Euskarazkorik ez da. Gure misioa arratsalde honetan da proposatzea egitea agerkari satiriko bat Interneten». Eta Urmenetak azaldu du oraingoan ere. «Planetak lerratu egin dira nolabait. BERRIAK bildu gintuenerako ez nuen deus buruan, baina Markorekin hitz egiten hasi, eta sentitu genuen bazegoela gogoa zerbait sortzeko. Parada egunkariak eman zigun».

Katarsi moduko bat

Parisen izandako eraso haiek eta erasoen osteko politikarien manifestazioko argazkiek sortutako ezinegona du gogoan Urmenetak. «Parisko kaleetan ageri ziren agintariak, eta jendea penaturik erakusten zuten irudiak ez zetozen bat aldizkari satirikoaren izaerarekin». Eta ezinegon horri erantzuteko katarsi moduko bat izan da aldizkaria, dioenez. «Denok genuen frustrazio puntu bat, shocka ere bai, eta horrek abiatu du proiektua. Orain dugu momentua, eta egin egin dugu. Gogo abstraktua bazegoen; Parisen gertatutakoak puntua ezarri du, nik uste».

Ezker-eskuin doaz aldizkariko eztenak. Patriarkatuari barre egiten dioten historiaaurreko emakumezko margolari sorta bat irudikatu du Zaldieroak, Euskal Herria berriz ere musulman bilakatzeko hitzarmen proposamena egin du Urmenetak, Javier Maroto Gasteizko alkatearen fantasiak irudikatu ditu Unai Iturriagak, Sautrela telebista programaren parodia bat egin du Patxi Gallegok, eta euskal presoak Euskal Herriratzeko manifestazioak izandako ingelesezko leloaren aipamena dakar editorialak. Horiek, besteak beste. Ukaezina da, ordea, Charlie Hebdo-ren aurkako erasoen itzala lehen alean. Hortik dator Josevisky marrazkilariaren ilustrazioko galdera: «Ahalguztidunak paperaren beldur?». Eta baita Dani Fanoren zinta ere. Marrazkilari bila errebolberdunak, epaileak eta astakilo itxurako gizon bat, eta irudigileen erantzun estua: «Marrazkilariak?… Ze marrazkilari? Hau tango eskola da!».

Hitz klabe bat aipatu du Urmenetak proiektuaren erdigunean. «Gogoak eman digulako hasi gara, gogoak ematen diguna ari gara egiten, eta gogoak hala aginduta. Hori da zentroa, nire ustez». Eta aurrerantzean ere horri eustea da aldizkariaren sortzaileen asmoa. Hala azaldu du Urmenetak. Aldizkariaren lehen zenbakian ageri ez diren marrazkilarien artean ere alde igarri du haizea. «Proposamena sortu denetik izan dugu zenbait marrazkilari ezagun eta hainbat marrazkilari ezezagunekin kontaktua, eta, beraz, ikusiko dugu hilabetez hilabete nola joango den osatzen. Bada zer erranik eta nork, eta hori izugarri pozgarria da».

H28 argitalpen irekia dela nabarmendu du marrazkilariak, eta baita independentea dela ere. Lehen alean parte hartzen duten marrazkilari guztien artean erabaki dute, esaterako, lehen azala, eta aurrerantzean ere hala jokatuko dute. Azalerako hautatu ez diren proposamen guztiek badute lekua, halere, kontrazalean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.