Euskaraz

Angel Erro / 2015-01-16 / 159 hitz

Atzo, Interneten euskaraz nabigatzeko proposamena iritsi zitzaidan (klikatu nabigatueuskaraz.com). Arrunt tresna erabilgarria eta erraza dela esanda ere, ez dut hemen aitortuko onartu dudan ala ez. Nor bere ordenagailu, garai batean esaten zitzaion bezala, pertsonalean zer hizkuntzatan aritzen den ia intimitatezko kontua da eta, garrantzitsuena, ez du muntarik. Ezin aitortuzko hizkuntzetan izan dut Facebookeko interfazea.

Beste kontu bat da hizkuntzaren proiekzio publikoa. Hor bai, uste dut atsedenik gabe beligerante izan behar dugula euskarari plaza guztietan egoteko eta irauteko tokia egin diezaioten botere publikoek. Eta, ahal neurrian, gutako bakoitzak bere gain hartu behar du bizi dugun gizarteak ere euskarara jo dezan. Gizartea bere osotasunean. Banan-banan euskaraz egiteko eskatzen ibili gabe.

Euskaraz nabigatzeko proposamena iritsi zaidan egun berean ikusi dut euskal kulturaren bi goi eragile kantari hasiberri bati kargu hartzen Interneten jarri duen abestirako ingelesa aukeratzeagatik, eta ez euskara.

Jakin badakigu barne-barnekotzat daukagun erabaki mendrena ere ez dela librea, ezta aukera artistikoari dagokionez ere. Baina ederra da askatasunaren fikzioa gordetzea, euskararena bezainbat.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude