Bazena badena bihurtu da

Mikel Lizarralde / 2015-02-17 / 553 hitz

Esteve Materrak 1617an Bordelen argitaratutako ‘Doctrina Christiana’ aurkitu dute Danimarkako Errege Liburutegian: lapurtera klasikoan idatzitako lehen lana.

Izan zela bazekiten, baina haren arrastoa galdua zegoen. Lapurtera klasikoan idatzitako lehen liburutzat jotzen da Esteve Materraren Doctrina Christiana. 1617an ikusi zuen argia, Bordelen, baina, orduz geroztik, zeharkako aipuek baino ez dute eman haren berri. Izan, izan zen, baina galdu egin zen, eta desagertua egon da mendeetan. Orain arte. Orain, Aziti Bihia elkarteak ale bat aurkitu du Danimarkako Errege Bibliotekan, Kopenhagen. Desagertua zena agertu da.

Ez da ezezaguna Doctrina Christiana lana. Oxforden gordetzen den bigarren edizio 1623an argitaratuaren kopiek eta argitalpen berriagoek ezagun egin dute ikerlarien artean. «Baina kopia txarrekin lan egin izan dugu beti», aitortu du Ekaitz Santazilia Aziti Bihiako kideak. «Ezaguna zen Oxforden bazela bigarren edizioaren ale bat, baina inor joan gabe zegoen bertara. Eta pentsatu genuen ona litzatekeela hara joan, zalantza batzuk argitu, eta edizio haren argitalpen bat egitea».

Hainbat hilabete eman dituzte lan horretan, akatsak zuzentzen, falta ziren zatiak osatzen, bai eta Materraren lan hori testuinguruan kokatzen ere. Eta horretan ari zirela egin zuten topo 1617ko argitalpenaren aipamen batekin, Interneten. «Dorota [Krajewska] lankideak aurkitu zuen erreferentzia bat, Danimarkan, eta hasieran pentsatu genuen oker bat behar zuela izan». Katalogatu eta digitalizatu gabe, barra koderik gabe, halamoduz gordea. Baina han zen. Kopenhagen.

Orain arte ikerlari eta filologo guztiek 1623ko dotrinarekin lan egin badute ere, ezaguna zen sei urte lehenagoko bat ere izan zela. Esteve Materra frantziskotarra zen, eta erlijio ordena horrek XVII. mendean egindako katalogoetan azaltzen da Materra batek 1617an egindako dotrina bat. Horrez gain, 1623ko argitalpenean aipatzen da 1617koa ere. «Zeharkako iturrien bidez, bagenekien existitzen zela obra hori, baina ez genuen ezagutzen».

Haurrentzat egina

Erlijio liburua da Doctrina Christiana, hala 1617ko edizioan nola 1623koan. Baina badira ezberdintasunak bien artean. Izan ere, bigarrena marinelentzat egina dago, eta ekaitza denean zein otoitz egin behar duten azaltzen die. Aurrenekoak, ordea, haurrak ditu helburu, eta, agian horregatik, galdera-erantzun formatuan ematen du kristau ikasbidea. «Alderdi soziolinguistikotik badu bere garrantzia, erakusten duelako garai hartan umeek euskaraz ere ikasten zutela. Gutxienez, dotrina». Bigarren edizioan, berriz, desagertu egin zen haurren aipamen oro.

Obra Danimarkara nola eta noiz iritsi zen ez da jakin orain arte, baina bai, ordea, Charles Etienne Jordanen (Berlin, 1700-1745) bildumakoa izan zela. Hain zuzen ere, aleak Jordanen ex-libris marka darama, jabetza adierazten zuen zigilua. Jordan higanota izan zen, eta liburu bitxiak bildu zituen: «Debekatuak, hizkuntza arraroetan zeudenak… Hil zenean, haren liburuek Europako liburutegietan sakabanatuta bukatu zuten». Leizarragaren Testamentu Berri protestantearen ale bat ere izan zuen Jordanek.

Doctrina Christiana-k aukera emango die filologo eta hizkuntzalariei Lapurdin XVII. mende hastapenetan zein euskara egiten zen aztertzeko. «Interesgarria da ikusteko zer aldatu den eta zergatik. Eta, horrez gain, egilearen beraren gramatika aztertuko dugu, eta alderatuko dugu garai hartako beste egile batzuenarekin, Axularrenarekin adibidez. Zer den antzeko eta zer ezberdin».

Materraz gutxi jakin da orain arte, baina Santaziliak dioenez, litekeena da gaskoia izatea. Kontrarreformaren une gorenean bidali zuten Lapurdira, fede katolikoaren oinarriak zabaltzeko eta gotortzeko. «Ziur aski, predikatzaile ona izango zen, zeren bai baititu beste liburu batzuk frantsesez idatziak». Bertrand d’Eschaux Baionako artzapezpikuak Sarara bidali zuen euskara ikastera, eta, hamabi hilabeteren ondoren, ederki moldatzen zen, «dotrina euskara bikainean» idazteraino. 1623rako, bigarren edizioa kaleratu zutenerako, Euskal Herritik kanpo zen berriz Materra.

1623ko edizioaren ostean, hirugarrena kaleratu zuten 1693an, Baionan, Aita Duroneak egindako idatzi batzuk gehituta. Bada beste edizio bat, hori ere Baionan argitaratutakoa, 1704koa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.