Mitoa, euskaraz mintzo

Saioa Alkaiza / 2015-01-31 / 617 hitz

Shakespeareren ‘Sonetoak’ euskaratu du Juan Garziak.

Itzulitako poemak abestu dituzte hainbat musikarik, tartean Paco Ibañez, Olatz Prat eta Petti.

Bedatsaren pare loratu zaigu proiektua, letratik ahotsetara eta musikara eta irudira; Shakespeare euskaraz arnasberritu da, eta euskara Shakespearez». William Shakespeareren Sonetoak obraren itzulpenaz solastatu da Mikel Laboa Katedraren zuzendari Juan Kruz Igerabide, Juan Garzia Garmendia itzultzaileak osatutako lana laudatuz. Oraintxe kaleratu du 154 hamalaudunen euskaratzea. Gainera, ez da soilik euskaratzen aritu Garzia, proiektu osoago bat garatu du, integralagoa. Hainbat sortzaile elkartu ditu, poema guztiak errezitatzeko: hala nola Amets Arzallus, Itxaro Borda, Arantxa Urretabizkaia, Eider Rodriguez, Harkaitz Cano, Kirmen Uribe eta Juan Luis Zabala. Halaber, Joxan Goikoetxearen doinuei esker, musikaren bitartez ere lagundu dituzte poesia irakurketetako batzuk, eta beste batzuk kantu bilakatu dituzte; besteak beste, Paco Ibañez, Olatz Prat, Eñaut Elorrieta, Mikel Urdangarin eta Petti aritu dira. Beraz, ez da soilik liburua Aztarna argitaletxearen bultzadaz argitara emandakoa; bi disko ere badauzka lanak. Ikusteko, entzuteko eta irakurtzeko sorkuntza da. Horrezaz gain, obraren harira sorturiko bat egite artistikoak zuzenean ikusteko aukera ere emango dute; martxoaren 29an, Shakespeareren inguruko emanaldi diziplinartekoa eskainiko dute makina bat sortzailek Donostian, Viktoria Eugenian.

«Shakespeareren lanen bertakotze maila omen da kultura baten garapenaren neurrietako bat». Hitzok ekarri ditu gogora Igerabidek, euskararen itzulpengintzaren inguruan hausnarrean; horregatik, «kultura gertakari handitzat» jo du Sonetoak obraren argitalpena. Ildo berari eutsi dio Jon Zarate EHUko Euskara errektoreordeak, eta «mugarritzat» hartu du: «Etorkizunerako ateak zabaltzen ditu lan honek».

Eta ez da izan obra testuinguruan kokatu duen bakarra; Gipuzkoako Kultura diputatu Ikerne Badiolak ere euskararen osasunerako daukan sinbolismoa azpimarratu du. «Zaharrak eta berriak, hemengoak eta kanpokoak… elkarri begira daude. Pauso bat gehiago da hizkuntzaren normalizazioaren alde».

20 urte «Williami» emanak

Argitaratuta zeuzkan aurretik Garziak soneto horietako batzuen itzulpenak. Arantza geratu zitzaion, haatik. Denak euskaratu behar zituela esan zion barne ahotsak. Eta kasu egin zion. Baina ez da izan bide laburra. Egitasmo diziplinartekoa azken bi urteotan garatu badute ere, hark hogei bat urte eman ditu, orotara, hamalaudunekin bueltaka, ahalik eta fideltasun handienarekin itzultzeko xedez. «Behin eta berriro» ibili da lantzen,orrazten eta argibideak gehitzen, Igerabidek azaldu duenez.

Nolanahi ere, gozamena izan da lana harentzat. «Oso gustura egon naiz Williamekin», esan du txantxetan. Aitortu du, bide beretik, ez dela izan dirubidea, bai, ordea, «bizioa». Gogorra izan arren, egunerokotasunaren aurreko «bakarleku» bilakatu izan zaio, «denboratik kanpoko unea», eta, hortaz, plazera ere izan da. Helburu jakin batekin egin du lana: «Pieza horiek beren bizitza izateko». Hastapenean, liburu bat egitea baino ez zuen buruan. Azken bi urteotan, berriz, asmoa aldatu zitzaion. Horrela, pixkanaka-pixkanaka korapilatzen hasi zen ideia, eta musikaltasuna egotea ezinbestekoa egin zitzaion. «Gehienok kanten bitartez hurbildu ginen poesiara, eta hor beste zirkulu bat ixten da». Joxan Goikoetxea musikariarekin hartu-emanetan hasi zen horrela, bai eta Koldobika Jauregi sortzaile plastikoarekin ere.

Kaleratutako proiektuan, Jauregiren ardura izan dira irudiztapena eta diseinua. Entzuteko materialari dagokionez, bi partetan banatu dute. Batetik, Sonetoak. Zeru horren infernuak. Ahotsak dago; hor entzun daitezke olerki guztiak, pertsona ezagunek irakurrita. Bestetik, Sonetoak. Zeru horren infernuak. Musikak dago; disko horretan 23 pieza sartu dituzte. Batzuk musikak lagundutako irakurraldiak dira, eta beste batzuk, berriz, abestiak, Goikoetxeak propio sorturiko doinuekin. Dioenez, kantari bakoitzaren izaerara egokitu ditu doinuak. «Soinekoa bakoitzaren neurrira egin dut. Bakoitzari bere ahotsaren ezaugarrietara ekarri diet kantua».

Teknika aldetik, euskal poesian sonetoek ez dute izan forma finkorik aldez aurretik; ez dute baliokide argirik. Zorrotz behatu ditu Garziak, bai eta molde bat ezarri ere. Hamaika silabako esaldiak egin ditu, nolabait ere neurria mugatuz. Hain zuzen ere horregatik, Igerabideren irudiko, errezitaldiek «leku garrantzitsua» dute egitasmoan, eta «bolumen handiko corpusa» eskaintzen diote, «euskal belarriari forma horretara ohitu dadin».

Lanak euskal kultura eta kultura unibertsala gerturatzeko ahalegina egin du. Honela azaldu du Igerabidek: «Shakespeare euskaraz biziberritzea Oihenart biziberritzea ere bada, edo Etxeberri biak edo Lauaxeta, Lizardi zein Lazarraga, eta are Leizarraga, Aresti nahiz Axular».

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.