Oilo-ipurdia

Iraitz Urkulo / 2015-03-01 / 384 hitz

  • Izenburua: Andraizea
  • Egilea: Irati Goikoetxea
  • Argitaletxea: Erein

Andraizea izenburua du Irati Goikoetxearen bakarkako lehen lanak. Hamalau ipuinez osatutako liburua, hain zuzen. Horietatik lau lehenago ipuin-lehiaketetan sarituak izan dira. Halako bildumek izan ohi duten aniztasuna gorabehera, kontakizunek literaturaren kontzepzio jakin bati jarraitzen diote: literatura irakurleon barruak astindu eta alderdi emozionalean eragiten digun diziplina delako uste sendoari, alegia. Hala ondoriozta daiteke, behintzat, irakurketatik.

Bai obraren izenburuak berak eta bai testuenek ideia okerra eragin dezakete, ipuinok protagonisten sexua baino lotura transzendenteagoa, egiazkoagoa baitute hizpide. Ezagun denez, fikzio-idazlea egia azaleratu nahi duen gezurti bat baita. Pertsonaiak gazteak, adin ertainekoak, adinduak dira. Bakarka, bikoteka nahiz familian, herri txikietan zein giro hiritarrean kokatuak. Baina horrek ez du axola, liburuan ez baita haietako bakar bat ere aurkezten, ezta testuinguruaren deskribapenik egiten ere. Horren ordez, Goikoetxeak eszena solteak irudikatu ditu, pintzelkada arinez margotutako koadro baten zatiak balira bezala, gure esku utziz puzzlea osatzeko zeregina. Istorioak kontatu bainoago, egoerak planteatzen dira. Horiek gehienetan pertsonaien barne-mundu bitxien isla dira, tarteka agerikoa dena baino askoz gehiago ezkutatzen duten elkarrizketen bidez emanak. Ipuinetako protagonistek, beren artean ezberdinak izan arren, bat egiten baitute munduaren aurreko begirada ezohikoan eta atsekabean.

Autoreak oso estilo poetikoa darabil, eta inteligentzia handikoa. Metaforekin jolastea gogoko duela nabari da. Lehen begiratuan hitz arrunta dirudiena aukeratu eta, diskurtsoaren testuinguruan konnotazio aberatsak bereganatzen dituela ziurtaturik, hari istorioa bideratzen lagunduko dion esanahi berri bat eranstea lortzen du. Ipuinok, hortaz, idazleak asmatutako kode berezi horren argipean baino ez dute funtzionatuko; Goikoetxeak, idazlearen eta irakurlearen arteko ituna berrituz, berak sortutako munduan barneratu eta berak finkatutako hizkuntza eta baldintzetan irakurtzeko gonbita egiten baitigu irakurleoi. Egileak hitzen eta irudien arteko lotura konplexuen amarauna sinpletasunez mozorrotzen du, eta guk hala dela sinetsi egiten dugu. Deriba kontrolatu batean egiten dute istorioek aurrera, absurdoaren eta errealismo magikoaren oihartzunen artean, pentsamendu logikoaren mugak gaindituz maiz.

Gomendio gisa, liburuaren irakurketa luzatu eta ipuinak bata bestearen atzetik, hots, denak jarraian irakurri beharrean, banan-banan gozatzea merezi duelakoan nago. Izan ere, ipuinon egitura biribil itxiaren egokitasunaz zalantzarik ez badut ere —are gutxiago irakurketa amaitu orduko asebetetasun sentsazioaz—, liburua bere osotasunean hartuz gero, egitura-mailako errepikapenerako joerak inpresioa bidegabeki lausotzen du.

Irati Goikoetxearen ahots pertsonal eta indartsua berri pozgarria da euskal literaturarentzat. Izan ere, Andraizea liburuko ipuinek afektuak —hau da, sentsazio, sentimendu eta emozioak— literatura sortzeko lehengai gisa baliatu eta irakurleari oilo-ipurdia eragiteko dohaina duen idazle bat ezagutarazten digute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude