Plastikoa, erregaien iturri

Arkaitz Almortza Muro / 2015-03-22 / 435 hitz

Gero eta zabor elektroniko gehiago dago teknologien gizartean. Arazoa onura bihur daiteke, ordea. Hondakinak berrerabiliz, hidrogeno garbia eskuratzeko sistemak garatzen ari dira.

Gizarte kontsumistaren ondorio dira zabortegietako hondakin mendiak. Denborak aurrera egin ahala, gero eta handiagoak dira, eta alarma gorriak pizten hasiak dira. Izan ere, hainbat herritan zaborra metatzeko leku faltan daude, eta horrek kezka eragin du. Arazoa konpontzeko, hainbat neurri hartzen hasi dira herritarrak, hala nola zaborra gutxitzea, berrerabiltzea eta birziklatzea. Eta fruitu interesgarriak ematen ari da bide hori. EHUko ikertzaile Andoni Salbidegoitiak (Bilbo, 1984) zaborretako plaka elektronikoetatik hidrogeno garbia lortzeko sistema bat garatu du, adibidez, erregai gisa erabili ahal izateko.

Azken urteotan, hamaika eztabaiden iturri bilakatu da zaborren afera. Baina hiri hondakinak ez ezik, zabor elektronikoak ere ekarri ditu teknologien aroak XXI. mendean. Salbidegoitia ikertzaile gazteak ongi ezagutzen du errealitatea: «Egun, zabor elektronikoa hirugarren mundura ari gara bidaltzen, eta han ez dituzte baliabideak hondakin horiek birziklatzeko; gainera, dagoeneko debekaturik dago garatze bidean dauden herrietara zaborra igortzea. Hori dela eta, gure ardura da zabor hori kudeatzea».

Arazoari irtenbideak bilatzeko erronkan, plastiko hondarrak behar bezala aprobetxatuz eskura daitezkeen onurak ikertzen ari dira Zientzia eta Teknologia Fakultateko Ingeniaritza Kimikoko Sailean; Ingurumenaren Iraunkortasunerako Teknologia Kimikoei buruzko ikerketa taldeko kidea da Salbidegoitia: «Plastikoa petroliotik eskuratzen da. Horrenbestez, atzerako prozesua erabiliz, hidrogenoa edota erregai likidoa eskura daiteke». Horretarako, tratamendu bat edo beste erabiltzen dute, plastikoaren arabera. «Sakelako telefonoek, ordenagailu eramangarriek, tabletek… txipak, plastikoak edota metal asko izan ditzakete. Behar bezalako tratamendua erabiliz, plastikoaren lehengaia eskura genezake, hots, hidrokarburoak. Aldi berean, hondakinek dituzten metalak berreskura daitezke berriro erabili ahal izateko».

Plastikotik erregaietara

Japoniak urteak daramatza buru-belarri arazoari aurre egin nahian. Bilboko ikertzaileak urte erdi eman zuen Japoniako National Institute of Advanced Industrial Science and Technology zentroan, han martxan dituzten ikerketa lanak ezagutzeko helburuarekin —patente bat sortu duen ikerketa batean parte hartu zuen—. «Teknologien alorrean, mundu osoan Japonia izango da gehien garaturiko herria; aldiz, ez dute sortzen duten zaborra biltzeko lekurik. Horrenbestez, neurriak hartzeko unea heldu zaie».

Hondakinetatik energia garbia eskuratzeko, zaborra gasifikazio prozesu batean murgildu beharra dagoela azaldu du. «Hondakinak ur lurrunarekin tratatzen dira, metalek jarduten dute, eta baldintza zehatzetan, hidrogeno gasa lortzen da». Eguzki atera berriaren inperioan hainbat tratamendu planta dituzte jada, gasifikazioaren bitartez erregaia lortzeko. «Oso bitxia da Japoniako prozesua. Adibidez, DVDetatik plastikoa eskuratzen dute, gasolinaren antzeko erregaia lortzeko. Ondoren, gasolinarekin nahasten dute, eta traktoreetan erabiltzen dute normal-normal».

Gaur egun, Euskal Herrian ez da gasifikazio plantarik. Bilboko ikertzailearen esanetan, uste baino garbiagoak dira tankera horretako guneak; zaborren arazoari irtenbidea bilatzeko modu egokia izan daitekeela deritzo, hondakinak birziklatzeko eta petrolioaren amaierari egunak luzatzeko aukera emanen baitu, haren ustez. Dena den, garaian garaiko gizarteak adostuko ditu erabili beharreko neurriak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude