Suntsiketa

Anjel Lertxundi / 2015-03-10 / 120 hitz

Mosuleko eskulturen suntsiketak eta Niniveko Atearenak mundu zibilizatua eskandalizatu du: barbaroek ez omen dute iragana ezabatu arteko onik, beren gaurko pentsakerarekin bat ez datorren oro abolitu nahi omen dute. Dotore. Baina ez dira baldar astapotro bakarrak. Badira iraganaren ehunki eder askoak zirtzildu nahi dituztenak, baina suntsiketa-forma sibilinoagoak erabiliz. Zibilizatuagoak.

Hizkuntzak omen giza irudimenak eman dituen sorkuntza-lan behinenak, harrizko obra ederrenak baino are harrigarriagoak. Obra kolektiboak eta anonimoak dira; herri baten jenioak sortuak, mendez mende gordeak, herri horren ispiluak; mundua hitzen bidez irudikatzeko hitzezko mundu oso bat eraiki duten maisu-lan sekulakoak. Halako zenbat isilarazi da historian zehar, eta, bihurria behar du, progresoaren izenean? Urrutira joan gabe: gure maparen goiti-behetiko mundu zibilizatua deitua zenbat halako obra goren mututu nahian dabil oraindik ere?

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.