Txertoaren paradoxa

Ana Galarraga / 2015-03-15 / 183 hitz

Elgorriaren aurkako txertoaren inguruko albisteak ez dira arraroak azkenaldi honetan. Adibidez, urte hasieran, eztabaida bizia zuten AEBn, Disneylandian abenduan izan zuten elgorri-agerraldiaren harira. Inguru hartan gero eta guraso gehiagok haurrak ez txertatzearen ondorioz sortu zen agerraldia, eta adituek ez dute aurkitzen guraso horien iritzia aldatzeko modua.

Izan ere, ez txertatzeko joera zabaltzen ari da AEBko zenbait estatutan, eta baita Europako lurralde batzuetan ere, bereziki Britainia Handian. Horrek elgorri-kasuak areagotzea eta larriagotzea ekarri du, berez elgorriaren txertoa sistematikoki jartzen den lekuetan.

Joera aldatzeko egin diren informazio kanpainek, ordea, porrot egin dute. Are gehiago, kalterako ere izan dira batzuetan. Adibidez, informazio-kanpaina baten eragina neurtzeko azterketan, ikusi zuten txertaketen aurka zeuden gurasoen jarrera indartu egin zela kanpainaren ondorioz.

Auzi horrek aditu eta komunikabideen arreta bereganatu badu ere, munduko beste leku batzuetan, oso bestelakoa da arazoa. Hain justu, aste honetan Science aldizkarian jakinarazi dute, ebolaren agerraldiak iraun zuen bitartean, elgorriaren aurkako txertaketak eten egin zirela, baliabide-ezagatik. Horrenbestez, orain bederatzi hilabete eta 5 urte bitarteko milioi bat haur dago txertatu gabe Liberian, Sierra Leonan eta Ginean. Ikertzaileek ohartarazi dutenez, neurririk hartu ezean, izurri bat sortzeko arrisku handia dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude