Hariari tiraka, esplotazioa agerian

Iker Tubia / 2015-05-20 / 1.130 hitz

Munduan 21 milioi lagunek esklabo lana egiten dute. Ehungintzan aritzen dira haietako asko. Bidezko Merkataritzak txosten bat egin du egoeraren berri emateko, eta «odolez tindatu gabeko arropak» erabiltzeko deia egin du.

Ehungintza eta esklabotza. Binomio hori ez da arrotza XXI. mendeko mundu globalizatuan. Bi hitzak aditu, eta Bangladesh datorkio gogora askori, 2013an Rana Plaza eraikina eraitsi eta mila lagunetik gora hil zirelako han. Ez dira biktima bakarrak. Munduan 21 milioi lagunek egiten dute bortxazko lana, Munduko Langileen Elkartearen arabera. Haien artean gehienak laborantzan edo ehungintzan aritzen dira. Biktima gehienak, gainera, emakumeak dira ehungintzaren alorrean, %80, gazteak gehienak. Haatik, esplotazioa gelditzeko eta, era berean, iraunkorra den ehungintza sustatzeko, badira hainbat alternatiba. Hainbat gobernuz kanpoko erakunde haritik tiraka dabiltza.

Produkzioaren deslokalizazioak eta enpresa transnazionalen garrantzia handitzeak, munduko aberastasuna banatzeko beste modu bat ekarri dute. Ehungintzaren sektorean nabarmena da horren eragina. Kotoia eta bestelako materialak Asia hego-ekialdera, Indiara edo Marokora eramaten dituzte, han jantziak, normalean, egoera tamalgarrietan josi ditzaten, oinarrizko segurtasun eta garbitasun baldintzarik gabe. Bidezko Merkataritza gobernuz kanpoko erakundeak ehungintzari buruzko txosten bat kaleratu du maiatzean, eta hainbat datu esanguratsu plazaratu ditu.

Munduko jantzien %60 Asian egiten dira, baina pasarela handiak Paris, New York, Milan eta Londresen daude. Galiziako Inditex, Suitzako H&M eta AEBetako Gap dira sektoreko enpresa handienak munduan. 2013an Inditexek 16.724 milioi euroren irabaziak izan zituen, H&Mk 14.497 milioi eta Gapek 11.708 milioi. Enpresa horiek irabazi handiak dituzten arren, munduko ehungintzaren sektoreko 50 konpainia nagusietako batek ere ez ditu bidezko soldatak bermatzen, nahiz eta neurri hori jasotzen duten haien Ardura sozial korporatiboa txostenetan. Arropa garbia kanpainako Bidezko soldatak txostenak eman du datua.

Asiako hego-ekialdean soldatak inon baino baxuagoak dira. Bangladeshen, adibidez, gutxieneko soldata 50 eurokoa da hilabetean. Oro har, munduan jantziak egiten dituztenen soldataren batez bestekoa sei eurokoa da, baina sektore horrek egunero 34.000 milioi euro mugitzen ditu Europan soilik. Hala ere, Bidezko Merkataritzaren txostenak dioenez, arazoa ez da soilik hegoaldeko herrialdeena. Fair Labor elkartearen arabera, Europako eta AEBetako hornitzaileen %58k ez dute gutxienekoa ordaintzen, eta %68k lanordu gehigarriak ordaintzeari uko egiten diote.

Tragediaren eragina

Egoera hori salatzeko, Arropa garbia kanpaina sortu zuten duela hogei urte. Nafarroan Jose Luis Marinelarena SETEM erakundeko kidea da kanpaina horren arduraduna. Aurten Hariari tira egiozu kanpaina hasi dute. «Askatu beharreko bilbea da ehungintza, produktu horren kontsumitzaileak benetan uler dezan arroparen atzean zer dagoen; etiketan, prezioa, materiala eta garbiketa modua begiratzen ditugu, baina ez dio deus lan baldintzez eta produkzioaren atzean dagoen prozesuaz».

Ehungintzaren egoera ez da berria, baina 2013an Bangladeshen gertatutako tragediak eragin handia izan du, batik bat, arazoa azaleratu eta gizarteratzea bultzatu baitu. «Rana Plazaren eraisketak agerian utzi zuen herrialde haietako egoera kezkagarria zela». Amin Amirul Haquek gertutik bizi izan zuen hura, NGWF Bangladesheko Ehungintzako Langileen Federazioko burua baita. «Rana Plaza tragediaren ondotik langile mugimendu jendetsua sortu zen Bangladeshen, NGWF buru zuela», azaldu du.

Gobernuak ekintza plana iragarri zuen, eta ikuskariak kontratatu zituen. Ehun fabrika inguru itxi zituen gaizki eraikiak zeudelako. Egiaren batzordea sortu zuten, eta hainbat biktimek ordaina jaso zuten. «Egoera hobetuz doa egunez egun». Bi neurri nagusi izan ziren: alde batetik, gobernuak gutxieneko soldata %77 igo zuen. Hala, 50 euroan geratu zen, nahiz eta soldata duina 150 eurokoa izan; bestetik, sindikatuen egoera hobetzeko legea aldatu zuen. Amirul Haquek dioenez, harrezkero egoera «pixka bat» hobetu da. «Gobernuak ehungintzako sektoreko sindikatuetan izena emateko urteetako murrizketa deuseztatu zuen, eta 200 sindikatu berri sortu dira». Funtsa da, oraindik ere, traba nagusia sindikatu berrien ahalmena garatzeko.

Esklabotza Amerikan

Asiako hego-ekialdea ez da, baina, ehungintzaren alderik krudelena agertzen duen ingurua. Argentinan eta Brasilen legez kanpoko lantegi asko daude. Apirilaren hondarrean lan baldintza kaskarrek bi haur hil zituzten Buenos Airesen. Lantegi batek su hartu zuen, eta 7 eta 10 urteko bi mutiko hil ziren. Ezin izan zuten ihes egin, leihoak hormaz itxirik baitzeuden. Aurretik salatu zuten tailer hura. Gerora, eta poliziek eraikina zaintzen bazuten ere, berriz ere erre zuten. Alameda elkartekoen aburuz, frogak desagerrarazteko.

Halako lantegiak salatzeko aukera eskaintzen du elkarte horrek, eta esplotatutako langileentzako ehungintza enpresak sortu dituzte. Lucas Schaerer elkarteko kidea da, eta egoeraren larritasuna datuetan eman du: 400.000 lagunek egiten dute lan ehungintzan, eta soilik 30.000 daude sindikatuan bilduta. Beraz, 370.000 pertsona «erabat legez kanpo» daude. «Enpresariek estatuarekin batera pertsonen trafikoa jasotzen dute eta, ondoren, morrontzara behartzen dituzte». Langile horiei dokumentazioa ukatzen diete, 14-16 orduko lanaldiak eginarazten dizkiete eta fabrikan bizitzera behartzen dituzte. «Jantzi bakoitzeko Argentinako 40 zentimo ordaintzen zaie; ia doako lana da». Gainera, toki horietan dituzten osasun arazoak salatu ditu Schaererrek. Haien kalkuluen arabera, legez kanpoko 127 tailer daude.

Biktimak egonda ere, zigorgabetasuna nagusi dela esan du. 2008an ere zazpi lagun hil ziren legez kanpoko tailer batean. Gainera, bide judiziala oso luzea izaten da. Zigor bakarra 2005ean egindako salaketa batengatik izan da. Epaia 2013an atera zen. «Horrek lana zailtzen du, biktimek ihes egin edo ezkutatzen direlako, frogak desagertu…», azaldu du Alamedako kideak. Inditexen Zara enpresari ere salaketa jarri zion Alamedak esklaboen tailerrak zituelakoan, baina afera auzibidean dago oraindik.

Gainera, SOIVA ehungintzaren sindikatuak patronalarekin bat egiten duela salatu du. «Ehungintza fabriketan gremioetako ordezkariak jartzen ari gara sindikatua berreskuratu eta lan esklaboaren aurkako borrokaren zerbitzura jartzeko». Bada zer eginik. Legeak ez ditu halakoak onartzen, baina Schaererren aburuz ez dira aplikatzen. Hala, Alamedatik salaketak ez ezik, kanpainak eta protesta ekintzak egiten dituzte, eta Gustavo Vera Alamedako burua eta Bien Común alderdiko legegileak, hainbat ekinbide aurkeztu zituen Buenos Airesko Legebiltzarrean.

Egoera hori bukatzeko, beharrezkotzat jo du, besteak beste, ehungintza enpresen auditoriak Estatuak egitea —inolaz ere ez enpresek beraiek— eta dendetan saltzen diren arropek ere ziurtagiri bat izatea. «Gaur egun esklabista, ankerra eta esplotatzailea den industria, langile duinak dituen eta haien giza eskubide oinarrizkoak bermatzen dituen industria bilakatzeko modua da».

Bi kasu zehatz horietaz gainera, mundu osoan hainbeste dira ehungintzari lotutako esplotazio kasuak. Gainera, emakumeak dira egoera makurrenean daudenak. Gizonek egindako lan beragatik soldata txikiagoa jasotzen dute, %10 eta %50 artean.

Bangladeshera itzulita, Amirul Haquek azaldu du emakumeen egoera oso atzeratua dagoela. Ehungintzan aritzen diren 4,2 milioi langileetatik 3,5 dira emakumeak. Asko urrutitik doaz lanera. «Langilerik esplotatuenak diren arren, aldaketaren sua daramate. Zenbait emakume ahaldun lanean jarri dira ehungintzako langileen bitartez». NGWF sindikatua ere emakumeen eskubideen alde aritzen da.

Haurren egoera ere salatu du Bidezko Merkataritzak. India, Txina, Bangladesh, Egipto, Thailandia, Pakistan, Uzbekistan, Argentina, Brasil, Maroko eta Kanbodian arazo handia da, sarritan kotoiaren bilketari lotuta.

Ehungintzaren arazoari aurre egiteko, Marinelarenak neurri bat proposatu du: «Politikaren eragina ezinbestekoa da, eta nazioarteko merkataritzan beharrezkoa da araudi bat, enpresen nahiaren esku geratu ez dadin».

Alternatibak badira

Horren aurrean, Bidezko Merkataritzako jantziak daude, baina ez da aukera bakarra. «Jantzigintzan ez da benetako alternatiba, ez dagoelako eskariari erantzuteko aski jantzi; baina jendearen sentsiblitatea handitu da», esan du Marinelarenak. Hala ere, badira beste alternatiba batzuk: moda iraunkorra eta kotoi ekologikoz sortutako jantziak, kasu. «Normalean ingurumena ez ezik, lan baldintzen afera ere kontuan izaten dute». Izan ere, ehungintzaren sektorearen beste arazo bat ingurumenari egiten dion kaltea da. Hori ere bada Bidezko Merkataritzaren borrokaren adar bat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude