Zaldi lasterketa

Angel Erro / 2015-05-24 / 160 hitz

Chestertoni behin galdetu zioten zer egin behar zen kazetari (edo, nik ulertzen dudanez, iritzi-emaile) ona izateko. Berak erantzun zuen eliz orrirako eta kirol kazetarako artikulu bana idatzi behar duen kazetari batek, kazetari ona izateko, meza kronika eta zaldi lasterketarena elkarrekin trukatuta bidali beharko lituzkeela beste egunkariaren erredakziora, alegia, irakurleari beti espero ez duena eskaini behar zaiola, erantzuna nik interpretatzen dudan modua zuzena baldin bada.

Aholkuaren azpian datzan susmoa da irakurlea, beti berdina kontsumitzera ohitua, ez dela gai izanen iruzurraz jabetzeko. Euskal irakurleari nekez gertatuko zaion zerbait. Euskal irakurleak, nire ustez, oso argi dauka zertaz nahi duen idatz diezaiotela kazetariek, neurri batean berdin dio testuarekin ados dagoen ala ez: ados egoten bada, harro bat etorri eta zabalduko du, eta, ez badago testuan esaten denarekin ados, orduan ere harro zabalduko du, diskretuki beharbada (desadostasuna sotilki nabarmenduz, esaterako, testua interesgarritzat baino ez joaz), gai horren inguruan dagoen eztabaidaren frogagarri, zertaz hitz egina baita inportantea: geure buruaz edo geuretzat onartu ditugun kausa on urriez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.