Basamortutzea, Europarako bidean

Juanma Gallego / 2015-06-14 / 546 hitz

Bioingeniaritza teknikak abian dira lurraren idortzeak dakartzan arazoei aurre egiteko. Nolanahi ere, alor horretako adituak kezkatuta daude klima aldaketak ez ote duen egoera okertuko.

Lurra planetaren lurrazalaren laurdena desertifikazioak jota dago. Guztira, 3.600 milioi hektarea inguru dira, eta kopuru horri urtero 12 milioi hektarea gehitu behar zaizkio. Hain zuzen ere, Euskal Herriaren neurria bost aldiz biderkatzen duen tamainako eremu bat idortzen da urtero. NBE Nazio Batuen Erakundeak emandako datuen arabera, 1.000 miloi bat lagunek pairatzen dute zuzenean egoera hori. Lurzoru egartsuari begira daude. Izan ere, basamortutzeak bioaniztasunaren galera dakar ezinbestean, eta nekazaritzaren eta elikaduraren alorrean ere ondorio larriak ditu. Bereziki, Afrikan du eragin handiena arazo horrek, baina populazioaren gorakadak eta klima aldaketak ekarri dute basamortutzea ohiko lurralde horietatik harago ere hedatzea. Egoeraz ohartarazteko, NBEk basamortutzearen eta lehortearen aurka borrokatzeko nazioarteko eguna finkatu zuen, 1994an. Ekainaren 17an izango da aurten; Ez da ogirik neke gaberik. Lurzoru osasuntsuetan inberti dezagun leloa izango du aldarri.

Iberiar penintsulan ere basamortutzea ate-joka dago, batez ere hego-ekialdean, eta zenbait aditu klima aldaketak arazoa areagotuko duen beldur dira. Hala uste du, esaterako, Jose Luis Rubio Delgado ingeniari agronomoak. Valentziako (Herrialde Katalanak) Basamortutzea Ikertzeko Zentroaren sortzailea da Rubio, eta urte ugari daramatza arazoari aurre egiten. «Basamortutzearen oinarria prozesu biofisikoetan dago, hala nola meteorologia, ura, topografia edota landaredia; baina gizakion eragina ere funtsezkoa da», ohartarazi du.

Estazio esperimentalak erabiltzen dituzte higadurak eta basoetako suteek lurzoruan duten eragina aztertzeko, baina beren lanaren zati handi bat lurraren ajeak konpontzera bideratuta dago. «Lurzoruaren baldintza fisikoak, kimikoak eta biologikoak hobetzen saiatzen gara». Zeregin horretan, ordea, teknologiak atzerako bidea hartu du, eta, orain dela gutxira arte, ohikoak ziren porlana eta material gogorrak erabili beharrean, lastoz eta bestelako material begetalez baliatzen dira gaur egun ikertzaileak. «Mulching deritzo teknika horri, eta oso emaitza onak eman ditu orain arte», azaldu du Rubiok. Lurrazala babesten dute era horretan; lastoek hezetasuna mantentzen laguntzen dute, eta, gainera, paisaian ederki txertatzen da bioingeniaritza mota hori.

Bardean ikerketak egiten

Euskal Herrian dagoen basamortu bakarra Bardeakoa da. «Baina horrek ez du esan nahi basamortutzeak gainontzeko ekosistemetan eragiten ez duenik», ohartarazi du Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle Miguel Angel Campok. Rubio bezala, ingeniari agronomoa da bera, eta bere ikerketa lerro nagusia Bardean higadurak izan duen eragina aztertzean datza. Horretara bideratu du bere doktore tesia, eta horretarako 1927-2012ko urteen artean hango arroilek zer «mugimendu» izan duten ikertu du. 1927an hegazkin batetik ateratako lehen argazki bat existitzen denez, irudi hori abiapuntu hartuta, erosioaren bidea jarraitu ahal izan du.

«Higadura prozesu naturala da, baina klima aldaketak, hainbat giza jarduerak eta antzeko beste faktore batzueek asko azkartu dezakete mugimendu hori». Batez beste, urte bakoitzean metro bat eta metro eta erdi arteko mugimendua neurtu du Bardeako arroiletan. Batez ere, ekaitzek eragiten dute higadura hori, eta, urak eramaten dituen sedimentuen zati bat Bardean bertan geratzen bada ere, beste zati bat arrotik behera joaten da. «Hori ez da txarra, berez, materialen mugimendu hori guztiz normala da», argitu du ikertzaileak. «Esaterako, erosioa egon ezean, Ebro ibaiaren delta ez zen existituko. Arazoak hasten dira prozesu egonkor hori normala baino azkarrago izaten denean».

Itxaropentsu azaldu da Campo ikerketa horretatik ateratako hainbat ikasketarekin. Eta neurketa zehatzik egin ez badu ere, landarediak gora egin duen susmoa du, seguruenera ganaduaren presentzia gutxitu delako. Baina beste edozein ekosistema bezala, Bardeakoa ere konplexutasun handiko puzzle bat da, eta ez da batere erraza zer etorkizun duen asmatzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.