EKI DBHrako ikasmaterial digitalak aurkeztu dituzte

Nagore Ares Amaya / 2015-06-16 / 309 hitz

Eduki digitaletan soilik oinarritutako metodologia probatu dute Euskal Herriko bost ikastolatan. Ikaselkar argitaletxeak garatu du proiektu.

Azken urte bietan, DBHko lehen zikloko ikasleek ez dute eskola libururik erabili Elgoibarko eta Oiartzungo ikastoletan (Gipuzkoa): eduki digitalen bidez eman dituzte eskolak. Hain zuzen ere, Ikaselkar argitaletxeak sortutako EKI pedagogia proiektuaren bertsio digitala probatu dute. «Hasierako kezkak» alde batera utzita, «oso balorazio ona» egin dute Elgoibarko ikastolako zuzendari Jabier Larrañagak eta Oiartzungo ikastolako irakasle Josu Arotzenak. Beste hiru ikastolarekin batera, haien ikastetxeak izan dira proiektua probatzen lehenak. Hurrengo ikasturtetik aurrera, ikastetxe orok eskuratu ahalko ditu materialak. Etorkizunean, lehen hezkuntzako materialak ere izango dira eskuragai.

Bigarren hezkuntzako euskal curriculuma lantzen du EKIk, eta IKT informazio eta komunikazio teknologiak «hezkuntzaren mesedetan jartzeko xedea dauka», Ikaselkarko arduradun Dani Maizak azaldu duenez. «Horren onura pedagogikoak indartu nahi ditu». Hiru oinarri dauzka proiektuak: euskara, konpetentziak eta integrazioa. Mikel Arrizabalaga argitaletxeko arduradunak jakinarazi duenez, EKIk euskaraz eta euskal kulturatik abiatuta lantzen du euskal currriculma. Ikasleek «beharrezko konpetentzia digitalak» lortzea du helburu, eta gazteak «bizitzako edozein egoeratan» konpetente izatea. Pedagogia integratzailea erabiltzen du horretarako: «Ikasleek ezagutza baliabideak bilatzen, aurkitzen eta erabiltzen ikasi behar dute irtenbideak aurkitzeko», nabarmendu Maizak.

Eredu digitalean guztiz murgiltzeak aldaketa «nabarmenak» ekarri dizkie ikastolei: metodologiak «erabat» moldatu behar izan dituzte, eta ikasleen eta irakasleen rolak berriz definitu. Arotzenaren ustez, «irakasleek protagonismoa galdu dute, eta bideratzaile bihurtu dira». Bat dator Larrañaga; ikasleen autonomia handitu dela azaldu du.

Hasieran hainbat zailtasun izan zituzten arren, ikasmaterial digitalak erabiltzeak «onura asko» ekarri dizkie. Elgoibarko ikastetxearen kasuan, ikasgai guztiak eredu digitalaren bidez eman dituzte, eta hala egiten jarraituko dute etorkizunean. Oiartzunen, berriz, bi ikasgaitan erabili dute, baina datorren ikasturtetik aurrera guztietan aplikatzea erabaki dute. Azaldu dutenez, beste ikastetxeetako eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko arduradunen deiak eta bisitak jaso dituzte, metodologian interesa zutelako.

Ikastolen Elkartearen eta Elkar argitaletxearen elkarlanetik sortu zen Ikaselkar argitaletxea, 2011n, euskal curriculuma jorratzeko «kalitatezko» materialak euskaraz sortzeko helburuarekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude