Logikaren harira

Anjel Lertxundi / 2015-06-05 / 125 hitz

Kontsumoak harrapatuta gauzka, kontsumoaren betaurrekoekin begiratzen diogu eguneroko bizitzari. Gauza errazak, erosoak, aldagarriak, kalitatezkoak eta merkeak, ahaleginik eskatzen ez dutenak nahi ditugu. Guk eta gazteek. Gazteek eta umeek. Nik dirua jartzen dut saltzaileak nik eskatutakoa eman diezadan. Bezeroa naiz, esijentea izateko eskubidea dut. Harreman komertzial bat da. Ez du misteriorik.

Ume bat eskolan, berdin dio adina. Kontsumistak ditu gurasoak, kontsumista ingurua eta telebistan ikusten duen oro. Halaxe da bera ere: logika komertzialarekin neurtzen du mundua. Eskola ere bai. Eta bertan irakasten diotena noski. Izan dadila erraza, erosoa, aldagarria, merkea, ahaleginik eskatzen ez duena. Izan dadila txutxe bat bezalakoa: nik dirua jartzen badut, nik nahi dudana eman behar zait ordainetan. Irakasleak ere izan daitezela ume tiranoaren kapritxoen araberakoak. Soldatan sartzen da.

Eta gero harritu egiten gara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude