Loic Chalmel, pedagogia irakaslea: «Pertsona bakoitzak osatu behar du bere heziketa eredua»

Ibai Maruri Bilbao / 2015-06-14 / 572 hitz

Heziketa formala, ez-formala eta informala uztartzearen aldekoa da Chalmel. Heziketa formalak zehaztu dion bizimoduak huts egitean, berri bat sortzeko autonomia izango du pertsonak, haren ustez.

Hezkuntza kontuetan hezkuntza komunitateak hitza berreskuratu behar duela aldarrikatu du Loic Chalmel Goi Alsaziako Unibertsitateko (Frantzia) Pedagogia irakasleak. Asteon Bilbon izan da, EHUk eta Familia Hezkuntzaren Prestakuntza eta Ikerkuntzarako Nazioarteko Elkarteak antolatutako jardunaldietan, Hezkuntza hiriak: haurren garapen psikosoziala familia-eskola-komunitatearen arteko kohezkuntzaren bitartez izenekoetan.

Eskolako eta familiako heziketa uztartzea proposatzen du hezkuntza hirien proiektuak. Zelan egin daiteke?

Zein hezitzaile izango da horretarako gai? Nork batuko ditu heziketa formala eta ez-formala? Hiri hezitzaileak sortzea izango litzateke proposamena, eta hori da kongresu honen helburua. Gurasoek, politikariek eta irakasleek, elkarrekin, gazteentzako hezkuntza eredu berri bat sortu behar dute, eskolako, familiako eta gizarteko heziketa, hirurak uztartuko dituena. Orain arte, heziketa oso hierarkikoa izan dugu, goitik behera egindakoa. Eskolan, unibertsitatean, Lanbide Heziketan irakatsi digute bizitzarako jakin behar izan dugun guztia. Baina, orain, eredu biografikoa eta eraikitzailea sortzen ari gara. Hau da, umeak berak eraiki beharko du hiru ezagutza iturriren arteko uztarketa: heziketa formala, ez-formala eta informala. Ez da irakatsi behar, sortzen lagundu baizik. Pertsona bakoitzak osatu behar du bere heziketa eredua. Hartara, autonomoa izango da.

Zein da heziketa ez-formalaren eta informalaren arteko ezberdintasuna?

Informala egunerokoan ikasten duguna da, bizitzako esperientziak gu ohartu ere egin gabe irakasten diguna. Ez da formala, eta ez da guk hala erabakita gertatzen. Ez-formalaren kasuan, berriz, guk ikasi nahi dugulako gertatzen da, baina eremu formaletik kanpo jotzen dugu ezagutza bila. Demagun Frantziako herritar batek gaztelania ikasi nahi duela. Bi aukera ditu: heziketa formalera jo eta akademia batean ikasi, edo Espainian sei hilabete igaro. Bietan ikasiko du gaztelania, eta bietan aukeratu du berak. Baina bigarrenean bere kasa ikasiko du.

Irakasle batzuek salatzen dute familiek heziketa eskolaren esku uzten dutela. Hala al da?

Ipar Europan, familiako heziketari garrantzi handiagoa ematen zaio. Hegoaldean, eskolak du nagusitasuna. Lortu behar dugu denok batera eredu komuna eraikitzea. Arazoa larria da. Gurasoek ulertu behar dute ezinbestekoak direla umeen heziketan, eta ezin dutela erantzukizun osoa adituen esku utzi. Era berean, eredu formalak gurasoen parte hartzea txertatzen asmatu behar du; eurentzako esparruak sortu behar ditu eskolak.

Rousseauren ni-a eta ni soziala kontzeptuak izan dituzu hizpide. Heziketa informalak lehena bultzatzen du, eta formalak, bigarrena. Eta ni sozialak ni-a txikitu egiten du. Azaldu duzu krisi egoerek ni soziala suntsitzen dutela: langabeziak, eritasunak… Txiki geratu den ni-a indartzea proposatu duzu konponbide legez. Zelan?

Lehenagoko ni-a berreraikitzea ez da bidea. Oso zaila da ni-a hain txiki geratu denean berreskuratzea. Berri bat eraiki behar da. Horretarako, ezinbestekoa da erresilientzia. Hau da, arazoei, oztopoei modu baikorrean aurre egiten asmatzeko gaitasuna. Ezagutzen dut bere amets bakarra katedraduna izatea zen andre bat. Lortu eta lasterrera itsu geratu zen. Haren bizitzak hondoa jo zuen: lana galdu zuen, familia, lagunak… Harentzat, bizitzak zentzua galdu zuen. Behin, ezagun batek galdetu zion ea zergatik ez zuen begiekin barik eskuekin lan egiten. Hasieran, haserretu egin zen. Gerora, baretu, kasu egin, eta aurkitu zuen eskuekin lan egiten ikasteko terapia bat. Bizitza berregitea lortu zuen. Heziketa formaletik kanpo jo zuen ni berria eraikitzera.

Zuk konponbidea eman duzu. Badago aurrea hartzerik?

Eredu formalean ez ezik, informalean eta ez-formalean ere eraikiz gero norbere burua, ni sozialak huts egiten duenean errazagoa da aurre egitea. Hori ikasi egin behar da. Umeak erresilientzian heztea prebentzioa da. Eta hori da hiri hezitzaileen proposamen bat Heziketa formala, ez-formala eta informala uztartzearen aldekoa da Chalmel. Heziketa formalak zehaztu dion bizimoduak huts egitean, berri bat sortzeko autonomia izango du pertsonak, haren ustez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.