Senegalgo sorginduaren gutuna

Alex Gurrutxaga / 2015-06-14 / 415 hitz

  • Izenburua: Hain gutun luzea
  • Egilea: Mariama Ba
  • Itzulpena: Iokin Otaegi
  • Argitaletxea: Edo!

Mariama Bak 1979an argitaratu zuen bere lehen literatur lana, Une si longue lettre, eta bigarrena (Un chant écarlate) argitaratzerako hil zen, 1981ean. Bere jarduera ez zuen literaturara mugatu: irakasle izan zen, eta emakumeen eskubideen alde jardun zuen. Alabaina, lehen literatur lanak nazioarteko sona eman zion idazle senegaldarrari. Gerora ikerketa postkolonialen ikuspegitik ikertu izan dute, eta aitortuak izan dira haren modernitate literarioa eta hark sortutako emakume ereduen balioa. Orain, euskaraz irakur dezakegu Mariama Baren Hain gutun luzea.

Edizio zaindua kaleratu du Edo! argitaletxeak, hala maketazioari nola testu nagusiaren osagarriei dagokienez. Horien artean dago Josune Muñozen hitzoste interesgarria —bide batez, liburuan Baren testua dago aurrena, eta atzetik datoz biografiak eta gainerakoak; kontuan hartzeko eredua, irakurle aktiboa defendatzen badugu—: Muñozen irakurketa eta azalpenek, orekatuak eta emankorrak, geure irakurketa osatzeko bidea ematen digute.

Tituluak esaten duen bezala, gutun luze baten itxuran idatzitako nobela da. Narratzailea aitorpena egiten ari da, baina narrazioak aurrera egin ahala, kontakizuna aberastuz doa. Alde batetik, narratzailearen bizitza dago, etxekoa, familiarena, gutunaren hartzaile den adiskidearena, eta abar. Beste alde batetik, ordea, Dakarreko jendartearen erretratua ere osatzen du egileak pixkanaka: erlijioaren indarra, kasten garrantzia, emakumearen lekurik eza politikan, sindikatua, ezkontza, eskola, ohitura ezarriak eta modernizazioa, eta beste hainbat gai.

Erretratu horretan, narratzailearen ahotsa sakonetik eta indartsu goratzen da. Dakarreko emakume musulman aurrerakoiaren boza da eta, oroz gain, poligamiaren gaiari heltzen dio —horrekin lotuta, jakina, familia, amatasuna, eta abar agertzen dira—. Erlijioak, fede kontua izateaz gain kodigo etiko eta arau sozial ere badenez, lege estuak ezartzen ditu —batez ere amaginarrebak errepresentatzen ditu hemen arauok—; Baren istorioko emakume gazteak, ordea, tinko agertzen dira «lege basati» eta «kausa oker» direnen kontra: «Afrikako emakumeen artean lehen aurrerakoiak geu». Eta horregatik deituko diete protagonistei sorgindu eta deabru.

Estiloa da nobelaren alderdi gorenetakoa. Lehen atala irakurtzea nahikoa da narrazioari darion hats poetikoa sumatzeko. Batetik, deskribapenen edertasuna: iradokitzaile eta zentzumenen pizgarri, irudi sentsualekin. Ez da, halere, nahastu behar estilo poetiko hori zehaztasun faltarekin; hain justu, narratzailearen balioespen eta epaiak zorrotzak dira gertakizun pertsonal zein sozialei dagokienez. Bestetik, ahozkoaren oihartzunak daude han-hemenka; aipatzekoa da, batez ere, woloferazko terminoen agerpena, jendartearen aniztasuna islatuz. Azkenik, oro har, hizkuntza literario dotorea erabiltzen du egileak. Horretan zeresan handia dauka itzultzailearen lanak: koloretsua eta freskoa da Iokin Otaegik baliatu duen hizkuntza, erabat gozagarria, eta ezin hobeto eramaten du irakurlea aurrera.

Azken batean, edonondik begiratuta ere —gaiaren eta egilearen interesa, nobelaren maila altua, itzulpenaren egokitasuna, hitzoste interesgarria, edizio txukuna—, irakurtzeko liburua da Hain gutun luzea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude