Txerri masailak saltsan

Iker Markinez / 2015-05-30 / 218 hitz

4 LAGUNENTZAT
Kilo bat txerri masail
Porru bat
2 tipula
2 azenario
4 baratxuri ale
Piper beltz ale batzuk
3/4 litro ardo beltz
Basokada bat Oporto
Oliba olioa
Gatza

1. Lapiko handi bat su bizian berotzen jarri. Ondoren, txerri masailak bertan jarri, eta oliba olio zorrotada bat bota, baita gatz pitin bat ere.

2. Su bizian mantendu lau minutuz alde batetik, eta gorritzean, bestetik beste lau minutuz.

3. Bitartean, ditugun barazkiak (porruak, tipula, azenarioa, eta baratxuri aleak) garbitu, zuritu eta pusketetan moztu.

4. Masailak ondo gorrituta daudenean, barazki guztiak lapikora gehitu, sua moteldu, eta 15 minutuz erregosi.

5. Basokada bat Oporto gehitu, eta ardo beltza ere bai. Horrekin batera, piper beltz aleak gehitu, eta sua bizitu. Ardoak duen alkohol soberakina guztiz lurruntzeko, gutxi gorabehera hogei bat minutuz irakiten eduki. Lapikoko salda kantitatea erdira murriztu arte.

6. Ura gehitu lapikora, txerri masailak erabat estali arte. Ondoren, ordubete inguru irakiten eduki —masailaren samurtasunaren arabera denbora gehixeago edo gutxixeago izan daiteke—.

7. Masailak lapikotik erretilu batera atera. Gero, lapikoan dagoena txinoaren laguntzaz pasatu, eta gatzez nola dagoen dastatu. Salda fina gelditu bada, denbora gehixeagoz irakiten mantendu.

8. Txerri masailak xerretan moztu behar ditugu. Horretarako, komenigarria da hotzak egotea, bestela ezingo ditugu ondo moztu. Ondoren, saltsa dugun lapikora gehitu, eta irakin azkar bat eman. Prest daukagu, beraz, jaki goxoa plateretan zerbitzatzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.