«Bestea kontuan hartzea da ideia»

Nora Arbelbide Lete / 2015-09-23 / 496 hitz

Bihotz Oneko Hezkuntzarantz kolektiboa ikastetxe alternatibo baten proiektua gauzatu nahian dabil Donibane Lohizunen; lurra badu, dirua eskas; zinema gaualdien bidez aurkeztuko du ideia.

Clara Bellaren Être et devenir (Izan eta bilakatu) filmarekin abiatuko du Donibane Lohizuneko (Lapurdi) proiektuaren aurkezpena Euskal Herriko Bihotz Oneko Hezkuntzarantz kolektiboak (Vers une éducation bienveillante au Pays Basque). Ikastetxe klasikotik kanpo ere badela nondik ikasi, nondik beharrak ase eta ametsak bete erakusten du filmak. Gogoeta hori bere egiten du kolektiboak. Gaur, Miarritzeko zineman proiektatuko dute(19:00); bihar, Donapaleun (20:00), eta hilaren 26an, Donibane Lohizunen (20:30). Pascal Bertincourt (Chambery, Frantzia, 1972) lerra kirolen inguruan ari da lanean. Unibertsitatean kurtsoak ematen ditu, nahiz harrotasun handiz aldarrikatzen duen goi mailako diplomarik ez duela. Bi alaben geroaz kezkaturik hasi da beste hezkuntza horretaz interesatzen.

Zertan datza Donibane Lohizuneko proiektua?

Filmen proiekzioaz baliatuko gara aurkezteko ofizialki. Mementoko 55 bat pertsona dira inplikatuak. Lurra badugu Jaldai aktibitate eremuan. 8.500 metro koadro, handitzekoa dugun egoitza batekin. Jabeak gure proiektuan sinesten du, eta hiru hilabete eman dizkigu dirua biltzeko. 1.000 euro emanen duten 300 pertsona behar ditugu, eta 6.000 hilero euro bat emanen dutenak. Errentagarria izatea da xedea, baina diru iturri gutxi dituztenentzat ere eskuragarri izateko gisan pentsatua dugu. Behin Donibane Lohizunekoa irekirik, beste gisa bereko gune batzuk zabaldu nahi ditugu. Baina hori dena posible izanen da herritarrek nahi badute, horren helburua ez baita dirua irabaztea. Proiektua ez da nehorena; denena da, ala ez da. Egitura juridiko berezia pentsatua dugu horretarako.

Zer erran nahi du «bihotz onean» oinarritzen den hezkuntzak?

Norbanakoaren izaera kontuan hartzen duen hezkuntza da, eta ez norbanakoarengandik igurikatzen dena. Entzutea, enpatia erakustea. Norbanakoa ez ikustea gauzatzaile bezala, menpeko bezala, baizik eta laguntzeko norbait bezala.

Pertsona, hau da, haurra?

Ez bakarrik haurra. Bizi guztian baita ikasten. Hor galdekatzen dena da norberak bestearekiko duen harremana. Nola begiratzen dugun bestea, zer ekarpen egiten diogun elkarri eta nola. Gure proiektuan 8 urte eta 18 urte bitarteko 42 pertsonarentzat izanen da beste hezkuntza mota horren segitzeko posibilitatea. Baina izanen dira ere beste tailer eta aktibitate andana bat. Adin guztiak elkartzea da ideia. Izanen da ere erditzeko etxe bat, garaje bat edo beste; baita bizitokiak ere.

Nola hasi zen Donibane Lohizuneko ideia?

Marion Thiessardek, bertako psikologoak, lehen bilkura antolatu zuen gai horren jorratzeko maiatzean. Gehienez hamar bat lagun elkartzea pentsatzen zuen. Berrogei bat bertaratu ginen, eta zinezko karra sentitu genuen. Zinezko eskaera bat bada.

Irakasle izendatzen denik ez da? Laguntzaileak dira? Zein metodo duzue jarraitzekoa?

Ez dago metodo zehatzik. Ez da existitzen beti funtzionatzen duen metodorik. Baina badira esperientziak. Alexander Neillek sortutako Summerhill School litzateke inspirazio iturrietako bat. Neillek zioen ilusioa dela pentsatzea haur batek ez duela ikasi nahi. Frustrazioak eta eragozpenek sortutako traumak gainditzeko gai garen puntutik, orduan, gure gogoa betetzeko prest jartzen da. Summerhillen gizarteak nahi ez zituen pertsonak elkartu zituen. Zailtasun handienak zituztenek hiru urte inguru behar izan zituzten ikasteko gogoa berreskuratzeko. Sistema horren bidez gehienek hiru aste eta hiru hilabete artean behar izan zituzten bakarrik. Hor entzunak ziren; ez zituzten epaitzen, ez zigortzen. Libertate espazio bat zuten. Entzuteak ez du erran nahi dena uztea libre. Ideia da bestea kontuan hartzea. Halere, gure proiektua anitzez zabalagoa da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude