Eraso sexistak

Ainhoa Beola / 2015-09-05  /609 hitz

Bada pentsatzen duenik, uda garaian enarak teilatuetara eta marmokak hondartzetara itzultzen diren moduan, eraso sexisten garaia ere iristen dela, urteko sasoi bakarrean sortutako egoerak bailiran. Bada, halaber, pentsatzen duenik jai eta festa giroa direla ustez puntualak diren egoera horiek areagotzeko arrazoi bakarrak, eta emakume eta talde feministek oso irakurketa alarmistak egin ohi dituztela egoera horien aurrean. Hala pentsatzen dutenei burutik pasatu ere ez zaie egiten, ordea, jendetza dagoen espazio orotan, egunerokoan egonkortua dagoena nabarmendu besterik ez dela egiten.

Eta hainbeste pentsalariren artean, salmonellosi ideologikoa ere agertzen zaigu zoko instituzionaletik, larrituta nonbait hainbeste eraso sexista udatiar dela eta. Nahiz eta hala dioten horiei ez dien inolako deskalabru etikorik ekartzen hogei urte luzez Irun eta Hondarribiko Alarde parekideei bizkar ematen aritu izanak.

Burua astintzen ibilita, naftalina kiratsa ere kanporatzen zaio baten bati sotana azpitik, entzun behar izan baitugu infernuko hauspoa dela generoaren teoria. Halakorik dioen apezpikuari bost axola dio, ordea, arrosarioa eskuan duela emakumeen parte hartzea galarazteak eliza katolikoaren egituran, eta etxe santuko leihotik kanpora begiratzen jartzen da arau heteropatriarkala apurtzen dutenen kontra eragiten dituzten biolentzia ekintzen aurrean.

Eta horrela arituz, bada epidemia eta gaixotasunez hitz egitera iritsi denik, naturak eragindako kalamitateak bailiran, konpondu ezineko ustekabeak nonbait, eta, jakina, haien sortze-buruan inolako erantzukizunik ez dutela pentsatzera iristen dira. Bururatu ere ez baitzaie egiten horiei guztiei emakumeen kontrako biolentzia anitzen iturburua beraiek eta beraien jardunak ere badirela.

Biolentzia matxista eta eraso sexisten inguruan jarduten denean botatzen diren zentzugabekeria eta zurikeria horien guztien aurrean, bada garaia argi esateko elikatzen dugun sistema sozial heteropatriarkala dela honen guztiaren iturburua, eta hura hankaz gora jartzen ez dugun bitartean mikro eta makro erasoak gure artean egonkortu eta normalizatu besterik ez direla egingo.

Beraz, ahoa hitzez betetzen zaien tertuliakide, ordezkari instituzional, ustezko pentsalari eta balizko aditu artalde horiek egunerokoan emakumeen eta gizonen arteko berdintasun erreala gauzatu dadin zer egiten duten aztertzetik hasi behar lukete lanean.

Eraso sexistak egunero pairatzen baititugu, leku guztietan eta eragile gehienen aldetik, jendarte ereduaren oinarriak biolentzia perbertso horiek elikatzeko eraikiak baitaude. Ikus ditzagun bestela egunerokoan egonkortu diren adibideak.

Emakumeen kontrako biolentzia instituzionala da hogei urtez alarde parekideei harrera ofizialik egin nahi ez izana erakundeetan, emakume eta gizonek libreki erabaki zutelako jaietan elkarrekin jardun nahi zutela. Markel Olano ahaldun nagusiak esan du ez dela alardera joango biak errespetatzen dituelako, baztertzailea eta parekidea dena, eta ez duelako egoera tentsionatu nahi. Emakumeen parte hartze librearekiko baztertzailea den ekimen bat berdintasuna babesten duen ekimenaren pare jarri; hogei urtez debekatzea ordezkatzen den erakundean harrera ofizialik egin ahal izatea; txaloak jasotzea, eta onartzea, emakumeen parte hartze librea ukatzen dutenen aldetik bazterkeria sexista onartzea da. Hori da PSE eta PNVko Irun eta Hondarribiko alkateek eta haien alderdikideek Gipuzkoako Aldundian eta Batzar Nagusietan hartu duten bidea.

Biolentzia matxistak diren moduan etengabe jasan behar ditugun adierazpenak hainbat ordezkari katoliko, komunikabide edo politikariren aldetik, emakumeon gorputzak kontrolatu, askatasun sexuala murriztu, borroka feminista kriminalizatu nahi dutenean, edo etengabe emakumeak iraindu, mespretxatu eta zokoratzen gaituztenean. Erasotzaile horiek guztiek hurrengo egunean kargua uztera behartuak izan behar lukete, baina horren ordez zeharkako irribarretxoak jasotzen dituzte sarri.

Biolentzia matxista da lan esparruan jasaten duguna sistema produktiboak eraginda, patronalak bultzatuta, eta sindikatuek nekez borrokatzen dutena, lan eta enpleguaren baldintza desorekatuei begiratuz gero. Biolentzia matxista da sistema produktiboaren eta erreproduktiboaren arteko lan eta aitortza banaketa desorekatua.

Komunikabideen mezuak, hizkuntzak, irudiak, ideologiak sarri eraso sexistak besterik ez dira. Eta mikrobiolentzia isilak dira sare sozialen erabilera eta kontrolarekin gertatzen ari dena, lagunartea eta sexualitatea gozatzeko moduen kamustea, hiri eta espazioen eraikitze maskulinizatua, ordaindu gabeko boluntario kuadrillen kaptazio feminizatua, eta abarrak.

Biolentzia matxista amaituko dugu jendarte eredu hau hankaz gora jarri eta berria eraikitzen dugun egunean, beste balio, beste aktore eta beste bitartekoak eskuratzen ditugunean, eta emakumeok geure buruaren jabe oso izatea lortzen dugunean.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude