Ikasturte berria

Marian Iriarte / 2015-09-13 / 215 hitz

Beste behin ere iritsi da ikasturte berriaren hasiera. Haur txikiak urduri, batzuk negarrez, beste batzuk ilusioz… Gaztetxoak lasaiago, lagunak ikusteko gogoz, baina beharbada ikasteko gogo gutxiagorekin. Eta niri ere ikasturte berri honetan ikasleen aurrean egoteko lehenengo eguna iritsi zait.

Gizakion artean ohikoa da, adinean aurrera goazen neurrian, gure garaietan egindakoak oraingoak baino hobeak direla esatea. Gehiago ikasten genuen, gehiago genekien, azterketak zorrotzagoak ziren… Baina esaldi horiek urteetan zehar errepikatu egiten dira. Beraz, horrela balitz, gaur egungo belaunaldiek duela berrehun urtekoek ikasitakoaren aurrean ezer gutxi jakingo lukete, eta hori ez da horrela, zorionez. Ikasteko moduak aldatu egiten dira, baina baita irakastekoak ere. Egun bizi garen mundu aldakor eta teknologikoan ez du zentzu handirik hainbat gauza buruz jakiteak, edo tresna batek erraz egiten dituen eragiketak eskuz egiten jakiteak. Egon, badaude interesgarriagoak izango diren jakintza edo abileziak.

Eta gaurkoan hori egokitu zait: ikasleei azaltzea, ohiko irakaskuntza-metodotik urrundu eta gauzak beste era batean nola ikas daitezkeen azaltzea. Irakasleak esandakoa ikasi beharrean, eurek bilatutako informazioaz baliatzea, hain zuzen ere. Benetako egoera batean nola erantzungo luketen aztertuz ikasiz joatea. Beharbada, modu horretan eduki gutxiago ikasten dira, baina ikasitakoak ongi errotuta gelditzen dira ikaslearen buruan. Ikasleak dakizkien edukiak baino garrantzitsuagoak dira lortutako gaitasunak, abileziak.

Dena den, ez dut uste beste metodo tradizionalagoak baztertu behar direnik; gauza gehienetan bezala, erdibidean egon daiteke erantzuna.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude