Azterketa baten premian

Garikoitz Goikoetxea / 2015-10-04 / 1.410 hitz

Hiru hamarkadako bidea egin du EGAk, eta hainbat aje agerian geratu dira: azterketa egin bai baina lortzen ez dutenen kopuru handia, euskara tituluekin gehiegi lotzea… Sei adituren iritzia bildu du BERRIAk. Gehienak ados datoz gogoetarako garaia dela.

Polemika kutsutan agertu da gaia, joko politikoarekin lotuta. EGA azterketa lautik batek bakarrik gainditzen duela eta zer gertatzen den aztertu beharko litzatekeela. Atzetik etorri dira titulu asaldagarriak, «Euskadiko azterketarik zailena» eta halakoak. Eusko Jaurlaritzak iragarri du aztertuko duela gaia. Izatez, hileon bertan biltzekoa da batzorde bat; hizkuntza ziurtagirien dekretua onartu zutenean sortutako taldea da, Jaurlaritzako bertako hainbat erakunde biltzen dituena. EGArekin lotura duten edo izan duten sei aditurekin hitz eginda, hutsune batzuk badaudela aitortu dute, eta gehienek uste dute aztertzeko modukoa dela aldaketak egitea. 30 urteko ibilbidea egin du EGAk.

Kanpotik begiratuta, hotz-hotzean, gainditzen ez dutenen kopurua da deigarria. «Datuek zer pentsatua ematen dute», ohartarazi du Lurdes Auzmendik. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da, eta aurreko agintaldian, PSErekin, Hizkuntza Politikarako sailburuorde izan zen. Lotura zuzena eduki du EGArekin: Gipuzkoako arduraduna izan zen 1990eko hamarkadan. Haren iritziz, «arrazoi bat baino gehiago» dago datuen atzean, eta, hain zuzen, hori aztertzea nahi du PSEk. «Sekula ez da egin ebaluaziorik».

Aurkezten direnen mailak zerikusi zuzena duela uste du, hala ere. «Gure garaian jarri genuen atariko proba. Zergatik? Hainbeste mila aurkezten dira, horietako askok ez daukate EGA ateratzeko inolako aukerarik… Beraz, lehenengo garbiketa bat egiteko sortu zen». Helburua betetzen du: bostetik bik ez dute aurrera segitzen.

Ipar Euskal Herrian ez dute atariko probarik jartzen, aurkezten direnen kopurua ez baita horren handia —130 bat lagun urtean—. Kopuruak bere neurrian jarri behar direla azaldu du Pruden Sudupe arduradunak: «Konparatzen duzularik zenbat jende eskolatzen den euskaraz, ulertzen da kopurua. Irakaskuntzatik heldu dira EGA egiten dutenen %80, eta, horien barruan, %80 Seaskatik datoz». Kopuru txikiak dira, beraz. Hori dela eta, Suduperen ustez, ez da atariko probarik behar.

EGAra joateko «erritua»

Hegoaldean, oso ohikoa da gazteak probara aurkeztea 17 urterekin —betetzen dituzten urtean bertan aurkez daitezke—. Sailean joaten dira EGAra. «Erritu bihurtu da», azaldu du Karmen Uhartek. EGAren koordinatzailea da Nafarroan.

Eskoletan jarri du begia, hain zuzen, Miren Azkarate euskaltzain eta Kultura sailburu ohiak: «Ikastetxe askotan bultzatzen dituzte EGA azterketara aurkeztera DBH bukatzen dutenean. Batetik, ez dakit hori den adin egokiena, idazlanak egiteko eta. Bestetik, prestakuntza maila ez dakit zenbaterainokoa den C1 mailako azterketa bat gainditzeko». Emaitzak ikusita, bistakoa da mailarik ez dutela probara joandako askok.

Urtean 13.000 lagun euskararen C1 mailako azterketa egiten. Kopuru handia da. «Katalunian baino jende gehiago da. Proportzioan hartuta, askoz ere gehiago», azaldu du Koldo Biguri EGAren EAEko azterketa batzorde ofizialeko zuzendari ohiak. Ohartarazi du «behar baino askoz jende gehiago» aurkezten dela EGAra. Gainditzen ez dutenen kopuruan eragina du: Kataluniarekin alderatuta, adibidez, euskarazko proba hangoen erdiek pasatzen dute.

Unibertsitatera joan aurretik, 17 urterekin EGA ateratzearen atzean arrazoi bat baino gehiago dago. Horietako bat aipatu du Nafarroako arduradunak: «Gaztelaniaz egin beharko dutela karrera, eta askok nahiago dute unibertsitate aurretik egin». Beste pare bat arrazoi ere ikusten ditu: «Dudarik gabe, probatzera ere joaten da jendea, aurretik ez denez inolako mailarik eskatzen. Hizkuntz eskoletan, bai. Gainera, prezio aldetik merkeagoa da EGA egitea».

Matrikulan beherakada nabari da azken urteetan. Kepa Larrea EHUko irakasleak —euskaltegiko irakasle izan zen urteetan, eta Nola atera EGA (euskara jakin gabe) liburua idatzi zuen— proba egin du unibertsitateko ikasleekin: «Ikasturte hasieran galdetzen diet zenbatek daukaten EGA titulua. Lehen, bi herenek edukitzen zuten; orain, erdiek ere ez». Uste du aurreko agintaldian Jaurlaritzak hartutako erabakiak lotura zuzena duela: euskaraz ikasi dutenei maila aitortzen diete azterketa egin beharrik gabe. EGAren inguruan azken urteetan eginiko aldaketarik handiena da. Larrearen iritzirako, ez zen egokia izan: «Aitortza ez da erreala. Norberarenak dira gaitasunak, ez denenak. Batzuek edukiko dute, eta besteek, ez». Gobernuan zegoen garai hartan Auzmendi. Erabakia «bidezkoa» izan zela adierazi du.

Beharrik gabe

Giltzarria non dagoen, ados datoz aditu gehienak: C1 mailaren beharrik ez duen jendea joaten da EGAra, mailarik ez duena, eta horrek eragiten du datuak txarrak izatea. «Gakoa hor dago: C1 adituen maila da; hori ez du edonork behar», nabarmendu du Uhartek. Gertuan ikusitako kasu bat kontatu du Auzmendik: «Familian bertan ikusi dut, ilobekin. Euskaldun petoak, soldatzaile ikasten, eta ez ziren gauza EGA ateratzeko. Esan behar izaten nien: ‘Ahaztu ezak! Hire lanean ez duk beharko horrelakorik!’». Auzmendik adierazi du ez dutela denek behar, eta behar denean ere atera litekeela, ez 17 urterekin.

Gaztetan lortu nahi dute gehienek, ordea. Biguri: «Ausartuko nintzateke esatera gazte askok euskara ikastetxetik oraindik fresko daukatenean aurkeztu nahi izaten dutela, agiria lortzeko, kezka ahalik eta azkarren burutik kentzeko». Horrek benetako baliorik ba ote daukan, horrekin du kezka Auzmendik: «Batek 18 urterekin EGA ateratzen du, eta agian ez da euskaraz lanean hasten 28 urtera arte. Balio al dio 18 urterekin lortua zuen ezagutza hark?». Aurkezteko gutxieneko adina atzeratzea da aukera bat; 17 urtean dago jarria orain. Azkaratek ere hori iradoki du, azterketaren emaitzak gogoan. «Adina atzeratzeak ematen du beste heldutasun maila bat. Hizkuntza gaitasun bera edukita ere, heldutasun mailak asko esan nahi du».

Iparraldean askoz hobeak dira gaindituen portzentajeak: ia hiru bider gehiagok gainditzen dute azterketa, %60k. Bostetik lau lizeoetatik joaten dira, batez ere Seaskatik. EEPko ordezkariek, hala ere, kezkaz ikusten dute gaindituen kopurua %60koa «soilik» izatea. Arazoak non dauden ere adierazi dute: «Gramatikako ariketetan dago hutsune handiena».

Komunikazioaren alde

EGAren gisako azterketa batean, pisu handia du gramatikak. Euskararen egoera ikusita, giltzarria horrek izan beharko ote lukeen da zalantza. Azkarate: «Hizkuntzak ikasteko gramatika beharrezkoa izaten da, baina gramatikan oinarritu baino hobe genuke komunikazio gaitasunetan oinarritzea; gure gazteek askotan behar dutena hitz egitea da». Harago jo du Bigurik: «Erabiltzea behar dugu, akatsak akats. Leihatila batean, niri bost axola dit ergatiboak gaizki egiten baditu, baldin eta euskaraz egiten badit». Auzmendik salaketa bat ere egin du: «Badago pertsona kategoria bat EGAren inguruan garatu dena: bi ergatibo gaizki erabiliz gero, ez dute gainditutzat ematen; jakin behar dituzte sinonimoak… Uf!».

Egia da, hala ere, maila handiko proba dela EGA. Horretaz ohartarazi du Larreak: «Badu aitortza bat Europa mailan. Hori positiboa da euskararentzat. EGAren maila jaitsi behar dela? Hori egina dago. Hor dago B2. Arazoa da halako hizkuntz gaitasuna ez duenari esatea baduela C1 maila. Hori iruzurra litzateke». Europako markoaren arabera ezarritako mailak ezin dira «mugitu», Suduperen arabera. «Kontua da C1 maila pasatzea ez zaiola mundu guztiari eskatu behar». Adibide bat jarri du, gertatu berria. «Auzoak herbeheretarrak ditut, eta aurrekoan, zertan aritzen garen eta, aipatu nien EGArekin ari naizela, C1 mailan. ‘Hara! Maila handia da hori’, esan zidaten». Euskal Herrian, berriz, ez da ezaguna maila altukoa dela, eta ondorioak datoz: «Frustrazio anitz sortzen dira».

Proba bera egokitzeko asmotan dira Nafarroan. Ikuskaritza egin zien orain bi urte ALTE Europako Hizkuntza Aztertzaileen Elkarteak. «Gainditu genuen, baina gogoeta hasi zen probei buruz». Aldaketak egingo dituzte: «Ariketa mota gehiago izango dira, batez ere atariko proban». Orain, test erako galderak dira; aurrerantzean, «testuinguruan txertatutako ariketak» jarriko dituzte gehiago.

Euskarak, beste egoera bat

Egoera soziolinguistikoa nabarmen aldatu da azken hiru hamarkadetan. Hizkuntza gaitasunen egiaztatze sistema ere aldatu beharko litzateke, beraz? Baiezkoan da Biguri, orain 30 urteko egoera eta oraingoa alderatuta: «Garai hartan hainbat lanpostu bete behar ziren euskararekin zerikusi zuzena zutenak, euskarazko irakaskuntza ez zegoen hain zabaldua, eta EGA egokia zen benetan euskara ondo menderatzen zuen jendea topatzeko». Uste du gaur egun ez dela horrelako arazorik.

Azterketa bera «eguneratzearen» aldeko da Larrea ere, baina ohartarazi du gogoeta sakonagoa behar dela: «Eskolak euskaraz emateko agiri bera eskatzen da Haur Hezkuntzan, Batxilergoan edo unibertsitatean. Hiru maila horiek berdinak ote dira? Ikasleak ez ote dira inoiz kexu izan irakasleon euskararen mailagatik? Agian, titulua bera baino, lanpostuak betetzeko hizkuntza eskakizunak aldatu beharko lirateke».

Euskara gaitasuna egiaztatzeko sistemaren jiran, askotan aipatu izan dute alboko kalte gisako bat: titulitisa. Biguri: «Euskara, guztion artean, proba lasterketa nekagarri bihurtu dugu. Euskara jende askorentzat bihurtu da gainditu beharreko zerbait: EGA, hizkuntza eskakizunak…». Auzmendik, bide beretik, «etengabeko azterketabide» ote den, beldur hori du, eta horrek eragina duela atxikimenduan: «Badira titulua atera eta esaten dutenak: ‘Kito. Bukatu dira hizkuntzarekiko nire eginbeharrak’. Beste batzuek, berriz, behin aurkeztu, bitan, hirutan, eta ez dute ateratzen». Iparraldean gutxiago nabari dute, Suduperen esanetan: «Presio sozial handiagoa dute Hegoaldean. Hemen lanerako ez da euskara eskatu orain arte. Jendeak pasatzen du ikasketen bukaera gisa. Ez da kanpotik galdera handia».

Garaiak aldatu dira. «EGA ateratzea idealizatu-edo egin dugu. Gaur, EGAz gain, badaude beste maila eta agiri batzuk. Beharbada, gogoeta egin beharko genuke ikasle gehienek EGA behar duten edo beste maila batzuk ere nahikoa izan daitezkeen», adierazi du Azkaratek. Iparraldean ari dira urrats batzuk egiten. B1 agiria eskuratzeko azterketa publikoak egiten dituzte. «Eskaera gehiago daude, haurtzaindegietan-eta lan egin nahi dutenenak. Horregatik jarri dugu titulua», azaldu du Sudupek. Pausoak dira, EGA ez dadin bakarra izan. Mailak banatu behar direla nabarmendu du Bigurik: «Bego EGA edo C2 maila euskararen zuzentasunaz arduratu behar duten langileentzat: irakasle, itzultzaile, zuzentzaile… Eta beste irizpide batzuk erabil ditzagun gainontzeko kasuetan»

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.