“Esperimentazio zientifikoak onartu egiten du justifikaziorik gabeko sufrimendua ematea animaliei”

Emma Infante doktorea da Bioetikan eta Animalien Eskubideetan (Bartzelonako Unibertsitatean egin zuen doktoretza). Filosofoa da, erizaina, Afrikan kooperante ibilia eta begano peto-petoa. Adopzioan hartutako hiru txakurrekin bizi da katalan hau, eta Animalien Eskubideen arloan dagoen aditurik handienetakoa bihurtu da Europan. Animalien eskubideei eta haiei ematen zaizkien tratu txarrei buruz ikertu du. “Ez naiz gai ulertzeko zergatik galdu behar dituzun zure eskubide guztiak giza espeziearen zati ez bazara. Gure txakurrak eta katuak errespetatzeko gai garenean bakarrik ahalko gara izan gizaki duinak”, nabarmendu du Futur Animal elkarteko kide ere badenak.

Filosofoa eta erizaina zara. Nola bihurtu zinen animalien eskubideen aldeko ekintzaile?

Lehenik eta behin, arrazoi intelektualengatik. Ez naiz gai ulertzeko zergatik galdu behar dituzun zure eskubide guztiak giza espeziearen zati ez bazara. Nola liteke gugandik bereizten dituen ezaugarri bakarra ADNaren portzentaje txiki bat izan, eta izaki horiek hain babesgabe egotea eta askotan gure baitako gauzarik txarrenak haiekin ateratzea? Erizain lanbideak, gainera, aurrez aurre jarri ninduen bizitza, heriotza, errukia eta gisako elementuekin. Azkenik, Bartzelonako txakurtegian boluntario aritzeak emanarazi zidan pausoa. Ikertzen hasi eta kontzientzia hartuz joan nintzen. Sufritzen duen oro edo sufritzeko gaitasuna duen oro babestu egin behar da.

Animalien eskubideek eta gizakion eskubideek berdinak izan behar al dute?

Eskubideak asmakizun bat dira. Berez, ez animaliek eta ez gizakiok dugun eskubiderik. Baina horiek onartzea baliagarria bada animaliak babesteko eta animaliek bizitzeko eta ez sufritzeko duten eskubidea errespetatzeko, orduan aurrera.

Animaliak gauzak al dira, Espainiako zuzenbideak dioen bezala? Jabeek eskuratu eta nahi duten bezala erabil ditzaketen ondasunak al dira?

Animaliak gauzak dira ez bakarrik Espainiako zuzenbidearentzat, munduko zuzenbiderik gehienentzat baizik. Zorionez, bada korronte animalista bat, eta hori bukatzeko lanean ari da Austrian, Alemanian, Suitzan, Txekiar Errepublikan, Bulgarian eta Frantzian. Kataluniako zuzenbide zibilak ere onartzen du animaliak ez direla gauzak. Europako Batasunaren Funtzionamendu Tratatuaren 13. artikulua izan zen mugarria, non esaten den animaliak sentitzeko gai diren izakiak direla. Horrek berez eragin behar luke Europako Batasuneko herrialde guztietako legedian. Baina legegileek ez dute kontuan hartzen. Oroitarazi egin behar zaie etengabe animaliek, jabea izan edo ez, badituztela sentimenduak.

Zigor Kodearen erreformak kendu egin zuen ankerkeriaren baldintza 2010ean, eta delitu gisa tipifikatu zuen animaliei ematen zaien tratu txarra. Aski al da hori?

Ez, zoritxarrez. Kontu animalistekin oso sentibera ez den epaile batentzat, oraindik ere zirrikitu asko daude epai epelak emateko, zentzugabeak eta gure gizartean animalien alde gero eta hedatuagoa dagoen sentiberatasunaren aurkakoak.

Espainian 150.000 animalia daude abandonatuta, Affinity Fundazioaren arabera, eta 500ek baino gehiagok tratu txarrak salatzen dituzte. Futur Animal elkarteko lehendakari gisa, animaliei ematen zaizkien tratu txarren artean, zeri egin behar zaio aurre premiarik handienarekin?

Lepotako arantzadunak, itogarriak eta elektrikoak desagerraraztea jarri dut helburutzat. Ezkutuko tratu txarra da horrako hori, eta bost txakurretatik batek jasaten du Espainian. Jendeak ezjakintasun hutsagatik erabiltzen ditu lepotako horiek: txakurrei min handia ematen diete eta, gainera, jokabide nahasmenduak ere eragiten dituzte, txakurra abandonatzera edo hiltzera eraman dezaketenak. Norbaitek pentsatuko du ez dela oso helburu handinahia, baina lortzen badugu, txakur askoren ongizatea hobetuko dugu Espainian. Dagoeneko galarazita daude Italian, Txekiar Errepublikan, Bartzelonan eta Ceutan.

Animaliekin esperimentatzen da helburu zientifikoak eta osasun arlokoak lortzeko Espeta aurrerapenak egiteko gaixotasunen tratamenduan. Horren alde al zaude?

Esperimentazio zientifikoak onartu egiten du justifikaziorik gabeko sufrimendua ematea animaliei, eta askotan ez da eraginik lortzen inoren ongizatean. Esperimentazioaren %90 ordezkatu egin liteke eta animaliek sufrituko ez duten ereduak erabiltzen hasi, baina horrek inbertsio intelektuala eta ekonomikoa egitera behartuko luke zientzia. Zientzialariak oso urruti daude eskuetan izaten dituzten izaki horiengandik. Kontzientzia hartzen utziko baliete eta jabetuko balira animaliek ere sentimenduak dituztela, barne gatazka segur aski hain handia izango litzateke, ikertzeari utzi egingo litzaioke.

Eta posible al da zientziak aurrera egitea animaliekin ikertu gabe?

Ez da zuria edo beltza. Zientzia hobea izango litzateke kontu handiagoarekin ibiliko balitz esperimentazioan animaliak sartzerakoan.

Animalien eskubideak gure bizitzan sartzeak modernoago egingo al luke gure gizartea?

Ez dakit modernoagoa, baina, zalantzarik gabe, gure gizartea hobea izango litzateke. Errukitsuak izan behar dugu animaliekin, ahulenekin. Gizakiaren definizioak animaliei tratu txarra ematea onartzen duelarik, definizio horrek gabeziak ditu. Gurekin bizi diren txakurrek eta katuek gure errespetua merezi dute. Eta, lortzen dutenean, gizakiok ere irabazi izango dugu espezie gisa.

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.