Euskararen diru ekarpena EAEn: 56.000 lanpostu eta BPGaren %4,2

G.Goikoetxea / 2015-10-16 / 383 hitz

Jomugan maiz jartzen dute gaia. «Adierazpenak entzuten ditugu tarteka: dirua xahutzea dela, luxua, egoera ekonomiko honetan nola jartzen den horrenbeste diru hizkuntza politikan…». Euskara sustatzeko politiken kontrako jarrera horiek aurreiritzietan oinarrituak direla ohartarazi du Patxi Baztarrikak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak. Ikerketa bat egin dute, aurreiritzi horiek «gainditzeko». Euskarak ekonomiari ekarpen «adierazgarria» egiten diola azalarazi dute. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPG barne produktu gordinaren %4,2 dagokio euskarari, eta lanpostuen %6,3 ere bai. 56.000 behargin euskararen jiran.

Hizkuntzen eta ekonomiaren arteko harremanaz mintegi bat egin zuten atzo Donostian, Jaurlaritzak antolatuta. Hainbat eragile izan ziren parte hartzaile; tartean NPLD Europako Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sare Europarreko zuzendari exekutiboa, Meirion Prys Jones. Jaurlaritzaren txostena aitzindaria dela azaldu du, baina ohartarazi du Europa ez dela ari norabide berean. Inbertsioak aipatu ditu, adibidez: «Monolinguismorako joera ageri da».

Bide beretik jo du Baztarrikak ere, esanez hizkuntzen artean bereizketa egiten dela: batzuk hizkuntza «eraginkortzat» hartzen direla, edonorako hizkuntzatzat; beste batzuk, berriz, kultur ondare soil gisa, etxerako balira bezala. Bigarren taldean jartzen dute euskara, sailburuordeak ohartarazi duenez. Horri aurre egitera dator ikerketa, euskararen balioa agerian jartzera. «Besteek ere badute balio ekonomikoa, estatu hizkuntza ez izanda ere». Ohar batekin, hala ere: «Leiho ekonomikotik begiratu beharrik ez dago hizkuntzen balioa justifikatzeko».

Hezkuntzaren garrantzia

Siadeco enpresak egin du ikerketa, eta ondorioztatu du pisu adierazgarria duela euskarak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomian. Lau sektoretatik aztertu dute egoera: hizkuntzaren industria —euskaltegiak, itzultzaileak…—; kultura eta hedabideen industria —liburu eta musikagintza, komunikabideak, euskara elkarteak…—; hezkuntza —haur hezkuntzatik unibertsitatera—; eta administrazioa —euskara arloko baliabideak eta kulturakoak—. Horietan guztietan, euskarazko jarduna soilik hartu dute kontuan —eskolan, esate baterako, euskaraz jarduten diren orduak soilik—.

Hezkuntza da, hain zuzen ere, pisurik handiena daukana euskararen ekarpen ekonomikoan, eta «alde handiarekin». Enpleguari erreparatuta, esaterako, 34.000 postu dira hezkuntzan: euskarari lotutako zuzeneko lanpostuen %80. Zuzeneko postuak 42.700 baino gehiago dira. Horiei gehitu behar zaizkie zeharka eta induzituta sortuak: beste 13.000 postu.

Pisu ekonomikoari dagokionez, BPGari 2.800 milioi euroren ekarpena egiten diote euskararekin lotutako arloek. Interesgarria da zerga arloari ere erreparatzea: BEZ balio erantsiaren zergarekin 157 milioi euro lortzen ditu ogasunak sektore horietatik, emandako diru laguntzak baino gehiago —49 milioi gutxiago laguntzetan—.

BPGaren %4,2 dira euskararekin lotutako arloenak. Alderaketarako, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako parke teknologikoek BPGaren %5 sortzen dute. Euskarak baino 0,8 puntu gehiago dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude