Keinu gehiagoren beharra

Iker Tubia / 2015-10-08 / 1.156 hitz

Irudien eta ikusmenaren mendean bizi garela esan ohi da. Baina ikusmena bezain garrantzitsua da soinua, eta, batik bat, ahotsa. Horregatik, entzumen arazoak dituzten pertsonek zailtasun gehiago izaten dituzte egunerokoan. Zorionez, legeak eta tresnak jarri dira ikasle gorren eskura, nahiz eta oraindik ere bide luzea dagoela uste duten, bai gorrek, bai administrazioko langileek.

Bada keinu hizkuntza eskoletan irakatsi beharko litzatekeela uste duenik. Adibidez, Andrea Romao ASORNA Nafarroako Gorren Elkarteko kideak horren alde egin du. Izan ere, haren aburuz, gorrek ez lukete oztoporik izanen egunerokoan pertsona guztiak gai izanen balira keinu hizkuntzan komunikatzeko. Baina Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako curriculumean ez dute keinu hizkuntza ikasteko aukera sartu. Nafarroan ere, oraingoz ez. «Legeei dagokienez, curriculumean sar daiteke, baina gero gurasoen eskariaren araberakoa litzateke», azaldu du Ana Ardanazek. CREENA Nafarroako Hezkuntza Berezien Baliabide Zentroan egiten du lan, eta hezkuntza behar berezien alorreko arduraduna da.

Hainbat tresna garatu dituzte Euskal Herriko administrazioek ikasle gorrek heziketan gainerako ikasleen aukera berak izan ditzaten. Hegoaldean hezkuntza inklusiboaren alde egin dute, eta gorrek gainerako ikasleekin batera ikasten dute. Iparraldean keinuena hizkuntza gisa onartuta dago 2005etik, eta edozein ikaslek jaso ditzake eskolak hizkuntza horretan. 2008tik eskaintzen da Lehen Hezkuntzan, eta 2009tik kolegioan edo lizeoan. Azterketetan, oposizioetan eta baxoan ere interpretea eskatzeko eskubidea dute gorrek.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan barneratze eredu bi daude: banakakoa eta taldekakoa. Lehenbiziko kasuan, gelan gor bakarra dago aditzen duten ikasleekin batera, eta laguntza irakaslea du. Bigarrenean, momentu batzuetan ikasle gorrak elkartu egiten dituzte, nahiz eta gelan aditzen dutenekin egon. Azken horretan ikasleek badute curriculuma keinu hizkuntzan garatzeko aukera. «Baditugu keinu hizkuntza ezagutzen duten irakasleak, eta Batxilergoan edo prestakuntza zikloetan interprete bat dute gelan ahoz aritzen den irakaslearekin batera», azaldu du Kesare Kaltzakorta ikasle gorren eskolatzearen Bizkaiko koordinatzaileak.

Bizpahiru urte dira curriculuma eskuragarri egiteko txostenak egin zirela: Haur eta Lehen Hezkuntzarako, Bigarren Hezkuntzarako eta Batxilergorako. «Norberaren beharretara egokitu beharra dago. Neurri hauek ez dira pribilegioak, eskubideei erantzuten diete», azaldu du Isabel Galende Berritzegune Nagusiko inklusibotasun koordinatzaileak.

Unibertsitatean sartzeko proba egiterakoan, adibidez, badute keinu hizkuntzako interpretea eskatzeko aukera, FM gailuak hartzekoa, lehen lerroan eser daitezke eta proba egiteko denbora luza dezakete, betiere ikaslearen beharren arabera.

Nafarroan lehen hezkuntzan interpretea lortzeko baldintzak zorrotzak dira: ikaslearen gurasoak gorrak behar dute izan. Bestela, keinu hizkuntzan formatutako profesionalak egoten dira —ez interpreteak—, ahozkotasuna garaturik ez dutenentzat. DBHn, Batxilergoan eta unibertsitatean, berriz, legeak bermatzen du interpretea eskatzeko aukera. «Nire esperientzia da gurasoek haurrei inplantea jartzen dietela eta curriculuma ahoz ikastea nahi dutela», dio Ardanazek.

AINHOA RUIZ DE ANGULO

Gizarte langilea

«Amorruz negar egin nuen esan zidatenean unibertsitatea ahazteko»

Ainhoa Ruiz de Angulo gorra da jaiotzetik. Familia ere hala du: gurasoak, neba… Keinuak ditu ama hizkuntza. Txikitan ezpainak irakurtzen ikasi zuen, eta horrela ulertzen zien irakasleei. «Ikaskideek baino askoz lan gehiago egin behar izaten nuen». Izan ere, mintzakidea mugitzen bada edo bizkarra ematen badio, ezin dizkio ezpainak irakurri. «Beti nengoen isilik, informazioaren erdia galtzen nuen». Interpretea eskatu zuen, baina ez zioten DBHra arte jarri: «Azkenean, interpretearekin, gelan neu ere banintzela sentitu nuen».

Txikitatik izan zuen unibertsitatera joateko gogo bizia. Haatik, institutuko aholkulariak esan zion ezetz, hobe zuela zikloren bat egitea. «Zergatik, ordea? Nik ahalmena nuen. Min egin zidan horrek, eta amorruz egin nuen negar». Irakasleek, berriz, sostengua eman zioten. «Gor askok etsi egiten dute».

Diplomatura 2012an lortu zuen EHUn, eta masterra amaitzeko lan bat egiten ari da orain Elene Sorazurekin: keinu hizkuntzak hezkuntza sisteman duen garrantzia ikertzen ari dira. «Gorrak gizartean benetan integratzea nahi dut, eta hiru eleko sistema antolatzea: keinu hizkuntza, gaztelera eta euskara, edo ingelesa». Gizarteak interpreteen lana aintzat hartzeko ere eskatu du. Behin, unibertsitateko azterketa batean, aztertzaileak adierazi zion susmoa zuela interpreteak erantzunak ematen ari zitzaizkiola. Ikasten jarraituko du: «Mundua jan nahi dut».

ELENE SORAZU

Gizarte Hezkuntzan graduatua

«Ikasleok ere mugitu egin behar dugu, eta egoera azaldu irakasleari»

Elene Sorazuk inplantea darama koklean, belarriaren barruan. Horri esker, gelan esaten dena uler dezake. Gizarte Hezkuntzan graduatu berri da EHUn, eta masterreko ikerketa egiten ari da Ainhoa Ruiz de Angulorekin.

Gorren arazoek bi aurpegi dituela azaldu du Sorazuk. Denen egoera dago, alde batetik: haien eskubideak aintzat hartzeko eskatzen dute, gauza batzuk haien beharretara moldatzea ezinbestekoa zaielako. Baina, beste alde batetik, norbanakoaren egoera berezia dago: gor bakoitza mundu bat da, eta behar zein ahalmen bereziak ditu.

Irakasleekin lan egin behar dela dio, kontzientzia har dezaten eta ahantz ez dezaten ikasle gorrak dituztela gelan. Baina gorrentzat ere mezua du: «Ikasleok ere mugitu egin behar dugu, eta gure egoeraren berri eman irakasleari. Ez badugu egiten, zapuztu egiten gara, eta gutxiago laguntzen digute». Irakasleari esan egin behar diote zer behar duten: argi hitz egitea, ikasleei begira… Elkarrekin lan egin eta elkar sostengatu behar dute irakasleek eta ikasle gorrek, «bi aldeen mesederako». Esan duenez, «aukera berdinak izateko eskubidea lortzea» dago jokoan.

Baina bereizketa ez da soilik hezkuntzari lotutako aferetan gertatzen. Adibide bat jarri du Sorazuk: gor bat egun batean klasera joaten ez bada —bezperan parrandan ibili delako, kasu— irakasleak beti galdetzen dio zergatik. Entzuten dutenei, berriz, ez. «Normalean ikusezinak izaten gara irakasleentzat, baina halakoetan ez. Zergatik ote?».

ANDREA ROMAO

Keinu hizkuntzako irakaslea

«Ikusten nuen hezkuntza alorra ez dela gai erabat gorrak direnei egoki kasu egiteko»

Keinu hizkuntza 2007an ofizialtzat onartu zuen Nafarroako Gobernuak lege bidez. Aurreko urtean bukatu zuen Andrea Romaok Haur Hezkuntzako irakasle ikasketak. Arazoak izan zituen unibertsitatean interpretea lortzeko. Lehenbiziko urtea «oso konplikatua» izan zen: «Arazoa da unibertsitateak ez zituela gastuak ordaindu nahi». Bigarren ikasturterako lortu zuen. «Askoz ere hobeki izan zen, gutxienez azalpenak egiten zituen bitartean ulertzen ahal nituen informazioak. Hori bai, ezin nuen momentuan apunterik hartu, baina ikaskideek uzten zizkidaten gero».

Aurreko urteak ere ez ziren errazak izan. Eskolan irakasleari ulertzearekin aski lan zuen, eta askotan galdetzeko aukerarik ere ez zuen. «Arazo nagusia da nik neuk garai horretan ez nekiela zein tresna eduki nitzakeen».

Beste oztopo batzuk izan ditu. Ikasturtea hasi aurretik irakasleekin biltzen zen edukien aurrerapen bat eskatzeko. Ez alferkeriagatik, besteen apunteen menpe ez egoteko baizik. «Ikusten nuen hezkuntzaren alorra ez dela gai erabat gorrak diren pertsonei egoki kasu egiteko. Izan ere, ikaslearekiko konfiantza eza dago». Ordutik aurrerapausoak eman direla uste du Romaok, baina oraindik ere gako nagusia falta da: «Gogoa zabalik izatea».

LUIS PASCUAL

Nekazaritza Ingeniaritzako ikaslea

«Beti egin dit kalte handia zaratak»

Entzumen arazoak ditu, baina aditu dezake. Bi urterekin gaixotasun batek guztiz gortu zuen Luis Pascual, baina inplante bana jarri zioten belarrietan. Horrek aditzeko aukera eskaini dio, eta errazagoa izan du eskola eta unibertsitatean arreta jartzea. Orain NUPen dabil, Nekazaritza Ingeniaritza ikasketak egiten.

Irakasleen jarioari jarraitzeko, FM gailua erabili du txikitatik. Irakasleak mikrofono bat du, eta frekuentzia modulatu bidez, belarrian duen gailura igortzen ditu hitzak. Baina, hala ere, oztopo handi bat aurkitu du beti bidean: zarata. «Zarata asko baldin bazen ikasgelan, irakasleari makurrago ulertzen nion. Beti egin dit kalte handia zaratak», esan du. Batik bat DBHn eta Batxilergoan izan zuen arazo hori. «Unibertsitatean jendeak serioago hartzen du».

Teknologiaren garapena gertutik ikusi du. Txikitan petaka handi bat zeraman gerrikoari loturik, eta orain, gailu txiki bat da. Belarri bakarretik aditzen zuenean kostatu zitzaion hitz egiten ikastea, baina lortu du oztopo gehienak alboratzea: «Gaur egun, aditzen duen pertsona naiz».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude