Lehen erabakia

Anjel Lertxundi / 2015-10-04 / 115 hitz

Kazetari batek berriki egindako galdera Régis Debray filosofo frantziarrari: zein izango litzateke zure lehendabiziko erabakia hezkuntzako ministro izendatuko bazintuzte?

Debray eskarmentu politiko handiko pertsona da eta asko hausnartutakoa gaurko munduaren norabideaz, humanismoaren egitekoaz, Europaren erantzukizunaz munduari begira, eta hau, hori eta hura erantzun zezakeen… Gizon azkarra da, argia. Eta ez baita kazetarien galderei iskin egiten dien pertsona, garbi adierazi zion kazetariari zein litzatekeen hartuko lukeen lehendabiziko neurria: «Erreforma gehiago ez egitea erabakiko nuke, eta horixe egite hutsa iraultza izango litzateke. Eta hasiko nintzateke azken hogeita hamar urteotako erreformen luiziak ekarritako deskalabroen erregistro zorrotz zehatza egiten».

Debrayk Parisen eginak ditu adierazpenok, Jose Ignacio Wert orain bizi den hirian. Ez gara enteratuko Espainiako ministro ohia enteratu den.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.