Firefox 42 aurkeztu dute: babesa eta pribatutasuna helburu

Sustatu.eus / 2015-11-04/ 305 hitz

Atzotik prest dago Firefox nabigatzailearen bertsio berria, Firefox42. Bertsio berri honen ezaugarri nagusia da erabiltzaileen babeserako eta pribatutasunerako eman dituzten urratsak, zure nabigazioaren trakeoa eragotziz. Nahi duenak prest dauka jaisteko, eta betiko moduan, hasiera-hasieratik euskeraz, Librezaleko lagunei esker.

Probarako denboraldi labur baten ostean, atzo kaleratu zuen Mozilla Fundazioak bere nabigatzailearen azken bertsioa, Tracking babesa ematen duen Firefox 42.

Berrikuntza nagusia trakeoaren aurkako babesa da, erabiltzaileari pribatutasun eta babes maila handiagoa emango diotenak. Izan ere, orain arte, nabigazio pribatuan ari zarenean (Private Browsing Firefoxen edo Incognito mode Chromen), nabigatzaileek ziurtatzen dute zure nabigazio-historia eta cookieak ez direla gordeko, baina hala ere zure informazioaren zati bat iritsi daiteke beste batzuen eskuetara (sare sozialak, analitika konpainiak…). Trakeoaren aurkako sistema berriarekin, aldiz, babes maila askoz handiagoa izango da, eta zure nabigazio-saioa erabat pribatua izango da.

Azpimarratu behar da, gainera, trakeorako babes horri esker, erabiltzaileak jasoko duen publizitatea ere gutxiago izango dela, publizitate-sistemek ere trakeatu egiten zaituztelako (remarketing-a), eta hori eragozten duelako Firefoxen Nabigazio Pribatu berriak.

Mozillako arduradunek adierazi dutenez, oso garrantzitsua da Interneteko esperientzia erabiltzaileen kontrolpean egotea, hasieratik bukaerara. Erabiltzaileak erabaki beharko luke une oro, zer ikusi nahi duen, eta zer informazio partekatu nahi duen. Etekin komertzialaren eta onura publikoaren arteko oreka ezinbestekoa da, sare osasuntsua eraiki nahi badugu.

Oraingoz, badirudi trakeorako babes berria bakarrik Nabigazio Pribatuan erabili ahal izango dela, baina ez litzateke harrigarri hurrengo urrats batean nabigazio estandarrean ere aukerako bilakatzea.

Beste berrikuntza batzuk

Firefoxek beste berrikuntza txiki batzuk ere gehitu ditu bertsio berrian. Esate baterako, irekita dituzun fitxen artean soinudunen bat baduzu, adierazi egiten dizu (Chromek dagoeneko egiten du hori). Firefoxen kasuan, nahikoa da bozgorailuaren ikonoan klikatzea soinua ixilarazteko.

Horrekin batera, beste berrikuntza batzuk ere baditu Firefox 42 bertsioak, Mozillak bere webgunean azaldu dituenak.

Eguneraketa edonoren esku dago atzotik, desktop guztientzat (Windows, Mac, Linux) eta hemen jaitsi dezakezu. Aldaketarik gehienak Android bertsioan ere inplementatu dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude