Nabigatzaileen arteko borroka: Chromek tarte handia gainontzekoei

Sustatu.eus / 2015-11-12 / 677 hitz

Chrome da munduko nabigatzailerik erabiliena, tarte handiarekin, gainera. Azken hileotan, dagoeneko, merkatu kuotaren ia erdia hartu du. Bere aurkari zuzenek (Firefoxek eta Microsoftek) berrikuntzak aurkeztu dituzte azkenaldian, gutxienez gainbeherari aurre egiteko. Mugikorretan, lehia zabalagoa da, eta UC txinatarra zerrendako 2. postuan dago. Hauexek dituzu gaur egungo erabileraren inguruko datu nagusiak.

Internet Internet denetik ezagutu dugu nabigatzaileen arteko gerraMosaic izan zen aurreneko nabigatzaile ezaguna (1993), baina Netscape (1994) bihurtu zen Interneteko lehenengo urte haietako errege, harik eta Microsoften Explorer agertu zen arte, 90. hamarkadako azken urteetan. Munduko ordenagailu gehienetan jatorriz instalatuta zetorrenez, merkatuaren zatirik handiena hartu zuen Explorerrek oso denbora laburrean. Eta halaxe jarraitu zuen zenbait urtez, merkatua ia erabat monopolizatuz, XXI. mende hasieran bi aurkari handi agertu zitzaizkion arte: lehenengo Mozilla (gerora Firefox bihurtu zena), eta ondoren Chrome, Googleren nabigatzailea. Bitartean, Safari eta Opera ere euren merkatu-kuota lortu nahian ibili dira urte luze hauetan, nahiz eta betiere gutxiengo baten aukera izan.

Azken 8-10 urteotan, beraz, 3 nabigatzaile handiren arteko borroka ezagutu dugu: Explorer, Firefox eta Chrome, eta gerra horretan irabazle nabarmena izan dugu: Chrome.

Chrome nagusi

2008an Chrome jaio zen, eta igoera meteorikoa izan zuen. Nabigatzaile jaio berri haren inguruan idatzi genuen 2008ko irailean Sustatun, bazetorrela iragarriz. 4 urte behar izan zituen Explorer eta Firefox gainditzeko, eta harrezkero bere gorakadak ez du atsedenik izan.

Grafiko hau aski argigarria da (Europako datuak, StatCounter-en arabera). Chromeren erabilera %47koa izan da azken hilabetean. Hurrengo bien batura ez da heltzen maila horretara (Firefox + Explorer %42).

Grafikoan ikusten denez, Chromeren nagusitasuna nabarmena da azken 3-4 urteotan, eta gero eta handiagoa, gainera. Hala ere, badirudi azkenaldian goia jo duela Chromek; edo bere aurkariak beherakada gelditzea lortu dutela, behinik behin.

Horretarako, Microsoftek Explorer hil du, eta aurtengo udaz geroztik Edge da bere nabigatzaile berria. Ez dauka zerikusirik aurreko Explorer bertsioekin, eta askoz arinagoa, estandarragoa eta erabilgarriagoa ei da. Hainbat urteko atzerapenarekin, baina Microsoftek ere Chromeren eta Firefoxeren bidetik jo nahi duela dirudi. Ikusi beharko da, ea azken orduko aldaketa horrek benetan erabiltzaileak berreskuratzeko balioko ote dion, erabiltzaileak dagoeneko oso ohituta baitaude Chrome eta Firefox (edo Safari, Opera,…), bezalako nabigatzaileetara. Gainera, orain 15 urte ez bezala, erabiltzaileak dagoeneko ez daude hain lotuta euren PCak fabrikatik dakarren konfiguraziora.

Firefoxen kasuan ere, Chromeri aurre egiteko urratsak eman ditu, eta azken bertsioan aldaketa esanguratsuak sartu ditu pribatutasuna eta babesa helburu (Sustatun bertan iragarri genuen joan zen astean). Firefox dagoeneko klasiko bat da (aste honetan bete ditu 11 urte), komunitate aktiboa dauka atzetik, eta azkenaldian hainbat berrikuntza gehitu ditu, Chromeri gauzak zailtzeko. Badirudi azken aldaketak fruituak ematen hasi direla, azken hilabeteotan merkatu-kuota (txikia) berreskuratzen hasi baita.

Oraindik goizegi da ondorioak ikusteko, ordea. Microsoften nabigatzaile berria, adibidez, azaldu ere ez da egiten estatistiketan. Datozen hilabeteetan ikusiko dugu ea Chromeren aurkariak gai diren Googleren nabigatzaileari aurre egiteko, edo orain dela 10-20 urteko egoerara itzuliko garen, non nabigatzaile bakarrak monopolizatzen zuen sareko nabigazioa, horrek daukan arriskuarekin.

Mugikorretan, gerra zabalagoa, baina Chrome nagusi hor ere

Hurrengo urteetako benetako gerra, ordea, ez da PCetako su-zelaietan gertatuko, mugikorretan baizik. Izan ere, urte gutxi-gutxi barru nabigazioaren zatirik handiena gailu mugikorren bidez egingo dugu (tabletak eta, batez ere, telefonoak).

Hemen gerra pixkat zabalagoa da (gailuen panorama ere askoz zabalagoa da), eta nabigatzaile bakarrak merkatua monopolizatzea askoz zailagoa izango da. Hala ere, hemen ere Chrome da gaur egun nabigatzailerik erabiliena. Hona hemen mundu osoko datuak, 2008-2015 tarterako (Iturria, Statcounter):

Mugikorren kasuan denbora gehiago behar izan zuen Chromek besteen gainetik jartzeko, baina iazko udatik (2014ko uztailetik), horixe da gailu mugikorretan gehien erabiltzen den nabigatzailea.

Horretaz gain, badira azpimarratzekoak diren pare bat kontu. Hasteko, Explorererren merkatu-kuota minimoa; bestetik, Nokia eta Blackberry bezalako nabigatzaile historiko batzuk nola desagertu diren azken urteotan. Merkatuaren %33 ziren 2010ean; %1era ozta-ozta iristen dira 2015ean.

Bestalde, nabarmen geratzen da Safarik datu hobeak ateratzen dituela mugikorretan PCetan baino (iPhone-ei esker), nahiz eta azkenaldian hemen ere beherantz joan (Android telefonoak gero eta ugariagoak dira).

Bukatzeko, nabigatzaile natibo batzuen presentzia ere aipatu daiteke. Android mugikorretan defektuz instalatuta datorren nabigatzaileak lekua galdu du azken hilabeteetan, baina oraindik ere hortxe dago, irailean %13ko kuotarekin. Azpimarratzekoa da UC nabigatzaile txinatarraren hazkundea. Europan ia ezezaguna izan arren, erabat zabalduta dago Txinan, Indian, eta Asiako beste hainbat herrialdetan; dagoeneko munduko 2. nabigatzaile erabiliena da mugikorretan (%17).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude